Apirilak 24 dituenean, Armenia doluz janzten da. Erevan euritsuak ez du Ararat mendiaren ingerada ikusten uzten, baina armeniar orok daki hortxe bertan dagoela. Hurbil bezain eskuragaitz, Turkiako mugen barnean, etengabe gogorarazten duela mende bat arte Anatoliako eremu zabalean bizi zirela armeniarrak. Kaukasoko herri sarraskituaren mendi sakratua da genozidioaren lekuko». Duela bost urte Armenian bertan idatzi genituen kontuak dira. Tsitsernakaberd muinoan tulipak eta krabelin zuri-gorriak uzten zituzten beti suaren ondoan, bertako eta diasporako armeniarrek. Hileta-doinuak zeuzkan taxiak ere. 1.500.000 + 1 irakur zitekeen, 2007an Istanbulen (Polis esaten diote armeniarrek oraindik, Konstantinopolis alegia) tiroz hildako Hrant Dink armeniar kazetariaren argazkiaren ondoan.
Orduan egon zen airean itxaropen izpi bat, Turkiak bide demokratikoa hartu eta Armeniako muga irekitzeko. Baina Ararat ber-bertan izan arren, itzulera Georgian barna egin behar izan genuen Trabzonera iristeko, Trebisonda zaharrera. Turkiako Itsaso Beltzeko kostaldean ez dago mendeetan eskualdean bizitako greziarrik. Genozidioak, armeniarrez gain, asiriarrak eta greziarrak ere jarri baitzituen jomugan (eta Anatolia erdi eta mendebaldean gelditu ziren greziarrak 1923an egindako biztanle-trukean kanporatu zituzten. Asia musulman gelditzen zen, eta Europa kristau, Egeo itsasoak betidanik lurrak bereizi beharrean batu egin baditu ere).
Aurretik, 1915eko apirilaren 24an, arrastiko zortzietan, Talat Paxa Barne ministroak armeniar erakundeak ixteko agindua eman zuen. Anatoliako, Asia Txikiko herri ez-musulmanak desagerrarazteko plan kriminala abian zeukan otomandar inperioak, Turkiako errepublikari bidea irekitzeko.
«Gure aitaren aita etxetik atera zuten, herriko beste gizon guztiak bezala. Batzuk fusilatu eta besteei zintzurra moztu zieten», diost Helene Handalianek Donostian, armeniar genozidioari buruzko erreportajea prestatzen nabilela. Emakumeak eta umeak deportaziora bidean jarri zituzten, Siriako basamorturantz.
Sirian Qamixloko kurduekin bisitatu genituen komunitate garrantzitsuak dituzten asiriarren eta armeniarren elizak. Anjar armeniarrean gosaldu genuen ramadanean Libanora Bekaa haranetik sartzean. Deir Ez Zurreko basamortuan ikusgai zeuden artean 1915eko biktimen hezurrak. Hiriko zubiaren gainetik diasporako armeniarrek Eufrate ibaira loreak botatzen zituzten arbaso sarraskituen omenez duela lau urtera arte.
Turkiako ikasleek, oraindik ere, bandera jaso, ereserkia kantatu, eta estatuaren etsaiei buruzko lezioa jasotzen dute. Inperio galduaren miran eta atzerriko etsaien ideian eratu da turkiar nazionalismoa. Egitasmo errepublikanoak arerio greziar eta armeniarrak ditu kohesio-bide. Eta errepublikanismo militaristari behinola islamismo demokratiko batek lekua hartuko ziola bazirudien, aspaldi usteldu zen ametsa.
«Oso ondo, eta kurduek zer?» galdetu ohi dute gaia urrun samarretik segitzen dutenek. Egia da badirela diasporan kurduekiko herra justifikatua daukatenak oraindik ere. Baina mugimendu kurduak aspaldi egin zuen Turkia egitera ausartzen ez den urrats hori. Barkamen eskaera eta, are gehiago, elkarlana. Amedeko udalak armenierazko seinaleak ezarri eta eliza berritu ditu. Ekaineko hauteskundeetarako zortzi armeniar hautagai doaz HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko zerrendetan.
Ez du horrek zertan ezkutatu hainbat kurduk genozidioan izandako rola. Estatuak planifikatu eta exekutatu zuen, baina Kurdistan feudal hartan izan zuten aga edo jauntxo kurdu zenbaiten babesa. Izan zen bidelapur kurduen erasorik deportazio-karabanen aurka. Baina baita etxean aterpetu zituztenak ere. Kurduen zati handi bat ez da musulman sunita, eta bai aleviek, bai sarraski haiek ere jasan zituzten yazidiek ahal zuten neurrian babesa eman zieten jazarritakoei. Turkiako errepublika alevi matxino haiengana oldartu baitzen berehala, 1925ean bertan. Eta ordurako Sobietar Batasunaren barruko Armeniako errepublika kurduerazko kulturgune garrantzitsuena zen, Damaskorekin batera (eta gerora ere izango zen, Stalinen agintaldiko zati batean salbu).
Egun ere, Armeniara doanak, komunitate yazidiak bisitatu ahalko ditu Erevandik hurbil. Hiriburuan, berriz, PKK-ko gerrillako militante erbesteratuak lasai asko aurki daitezke, bi nazioen arteko elkartasunaren adierazle. Kontua ez da historia desitxuratzea, hura onartzetik zauriak itxi eta denen artean eraikitako etorkizuna lantzea baizik.
LEKU-LEKUTAN
Armenia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu