Felix Tshisekedi Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak M23 Martxoak 23 Mugimendua talde matxinoarekin negoziatzeari uko egin diola-eta, horrek gerrarako justifikazioa eman dio Ruandari. Izan ere, Kigalik bere aurkako mehatxutzat jotzen du Kongoko Errepublika Demokratikoak, Hegoafrikaren eta Burundiren laguntzarekin, M23 indarrez txikitu nahi izatea —M23ko soldaduak Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdetik Ruandara eta Ugandara bota nahi dituzte—.
Kongoko indar armatuen gaitasun militarra indartu egin da, hegazkinak eta droneak erosita, eta gainera, Ruandako Gobernuaren arerio edo matxinoek Kongoko Errepublika Demokratikoko armadarekin bat egin dutela dio Kigalik. Vincent Biruta Ruandako Atzerri ministroak ez du baztertu «Ruandako aire defentsa bermatzeko Kongoko armadaren aireko gaitasuna murriztea»; hau da, hori suntsitzea. Horrekin batera, Ruandako armadaren mugimenduak baieztatu egin dituzte bi herrialdeen arteko mugan. Gatazka muturreraino tenkatu nahi da. Azkenean, kongoarrek bakea eraiki ahal izateko konponbide negoziatua onar dezaten; hori, edo benetan, gerrarantz, edo izenik gabeko gerrarantz, bideratu nahi dute gatażka.
Teoria ilunenak Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko baliabideekin etekin ekonomikoak lortzea kokatzen du gatazkaren erdigunean, etengabe luzatzen ari den salbuespen egoerak biztanleriaren eskaerak baztertzen edo kriminalizatzen baititu, baita krisiaren aurrean herriari dagokion parte hartze publikoa ere.
Paul Kagame Ruandako presidenteari zera leporatzen diote: Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dagoen Kivutik urrea eta koltana lapurtzen dutela, eta horregatik babesten duela M23. Kagamek Kivun bakea eraiki beharra dagoela erantzuten du, eta horretarako Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuaren eta M23ren arteko negoziazioa babesten duela. Baina bere azken hitzaldian aitortu zuen baietz, mineralak Ruandara eramaten dituztela, «kontrabandoz edo legalki», eta handik pasatzen direla, baina ez direla herrialde horretan geratzen: «Dubaira, Bruselara, Tel Avivera doaz... Errusiara ere joaten ziren, ez dakit orain».
Adierazpen horren biharamunean, EB Europako Batasunak lehengaien balio kate indartsu eta iraunkorrei buruzko protokolo bat sinatu zuen Ruandarekin, balio kate horiek garatzea ahalbidetuko duten azpiegituretarako funtsak mobilizatzeko bidea irekiz. EBko diplomaziak, gerraren kezkari erantzuteko, Nairobi eta Luandako prozesuak aipatzen ditu, Afrikako Batasunak egiten duen modura; hau da, konponbidea elkarrizketen bidezkoa izatea, Kivuko talde armatuak desmobilizatzeko, eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Ruandaren arteko harremanak berreskuratzeko.
2019an, Tshisekedik hitzarmen ekonomiko eta politiko anitz sinatu zituen Ruandako Gobernuarekin. Horiei esker, Rwanda Air konpainiak Kongoko Errepublika Demokratikoko aireportuak konektatzeko sarbidea izango zuen pixkanaka; edo, adibidez, Dither LTD Ruandako findegiak Kivu eta Maniemako urrea tratatuko luke orain eskubide osoz.
2021ean, Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernu koalizioa hautsi ondoren, Tshisekedik setio egoera ezarri zuen Kivun eta Iturin bakegintza sustatzeko, baina, urtebete geroago, M23k eraso berriak egin zituen Bunaganako mugan; eta, astez aste, Rutshuruko, Nyiragongo eta Masisiko herri eta bideak kontrolatzen hasi zen. Kinyarwanda hiztunen eskubideak eta bereziki Kongoko tutsienak babesten dituela esan ohi du M23k, baina lurraldeotako herritarren aldetik ez du babesik jaso.
M23ren erasoek ehunka milaka pertsona desplazatu eragin ditu. Gomatik iparralderako irteerek hilabeteak daramatzate M23ren behin-behineko kontrolpean, eta Saketik hegoaldera eta mendebaldera doazen errepideak ere gudu zelai bihurtu dira azkenaldian. Lac Vert inguruko iheslarien leku berria da krisiaren adierazle. Bizitza kendu ez ezik, pobretu ere egin dituzte; bi urte eta erdi iraun duen izenik gabeko gerraren emaitza kongoarrek behar zutenaren kontrakoa izan da.
Bien bitartean, lehenik AEBek eta gero Frantziak adierazpen ofizialak egin dituzte berriro Ruandako Gobernuak M23ri ematen dion laguntza militarra arbuiatzeko. Kigalik zera erantzun dio, bereziki AEBei, Atzerri ministroaren bitartez: «Ez ote da bere barruko koordinazio hutsegite bat? Izan ere, Ipar Amerikako zerbitzu sekretuek egoera arintzeko esparru eraikitzailea proposatu dute 2023tik azarotik».
M23rekin negoziatzea ukatuz, eta itxura batean saihetsezinak diren ondorioei aurrez aurre jarrita, Tshisekedik, orain, mezua birmoldatu du, Ruandarekin negoziatzeko prest dagoela esanez. Liskar berri txikienaren aurrean Ruandari gerra deklaratuko ziola esan bazuen ere, ordua ez dela iritsi eta bere «erasotzailearekin» aurrez aurre esertzeko prest dagoela dio orain; ez M23rekin, Ruandako presidentearekin baizik. Gaur, otsailak 27, Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak hitzordu bat du Angolako hiriburuan, herrialde horretako estatuburua Joao Lourençorekin, gatazka konpontzeko elkarrizketaren bideari eusteko.