ANALISIA. Gizonik 'bozkakerryena'

2004ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Astearte Handiak, hau da, demokrata edo independente gisa erroldaturiko botoemaileak hamar estatutan aldi berean George Bushen aurkariaren inguruan erabakitzen duten egunak, inkesta erakundeek esana zutena eta Estatu Batuek azken boladan espero zutena baino ez du baieztatu: udaberria, uda eta udazkena markatuko dituen duelu politikoa Bush presidente errepublikanoaren eta John Kerry demokrataren artekoa izango dela, alegia.

Alderdian ez zaio nonbait lehiakiderik agertu Bushi. John Kerry azken asteotan, hauteskundez hauteskunde, Bushen aurkako «alternatiba bozkagarriena» dirudiena dakarren hautagaia gisa aurkeztu da.

Bozkagarritasuna izan da, zalantzarik gabe, demokrata gisa erroldaturiko botoemaileentzat irizpiderik garrantzitsuena primario guztietan. Kerry da, antza denez, bozkagarritasunarekin loturiko ezaugarriak biltzen dituena: zentro politikokoa den hautagaia; onargarria dena ezinbestekoak diren diru emaileentzat, alderdiaren buruzagitzarentzat eta alderdi barneko taldeentzat; kontuan hartzekoa dena Howard Dean ez bezala eta Bushi «nazio segurtasun» kontuetan aurre egin diezaiokeena.Kerryren biografiak, Kongresuan emaniko botoek eta adierazpenek erakusten dutenez, hauteslego osoaren aurrean, baita errepublikano eta independenteen artean, Bush baino bozkagarriago agertzea bilatzen du hautagaiak.Barne politikan gizartea, eskubide zibilak, ekonomia Bushen gobernuaren eta Kerryren taldearen arteko aldeak nabarmenak dira. Bush eskuin gogorrean kokatzen da, inongo zalantzarik gabe. Kerry zentrotik apur bat ezkerretara legoke.

Halere, galdera handia atzerri politkan datza. Izan ere, gerra prebentiboaren doktrinan bi aldeen arteko aldea bereiztea zaila da, orain arte behintzat. Gai horrek, ordea, Kerry, lehen ere Nazio Batuen Erakundearen eta multilateralismoaren alde agertu dena, atzerrian kontuan hartzeko moduko eragile bihur dezake. Kerryk lortuko balu AEBetako eta nazioarteko iritzi publikoari Iraken okupazioarentzat eta bertan gertatzeko zorian den gerra zibilarentzat alternatiba erabakigarri bat aurkeztea, aukera ederra litzateke esateko Bushen Etxe Zuriko egunak zenbatuak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.