Lander Majuelo.
Alemaniako hauteskundeak. IRITZIA

Amari bisita

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Filosofia ikaslea Berlinen

Gaur dira hauteskundeak Alemanian, baina ez dira gertatu. Zaila da gertatzen ez den ezer deskribatzea. Egon ez, baina azaldu behar dugun hori. Edonon behar luke, baina ez da, eta hor gabiltza batzuk haize hutsari galdezka, ea benetan merezi duen, guk ere aurkitu ez duguna prentsara lotzea.

Hauteskundeak ez dira izan. Ez da eztabaidarik tabernetan, ez baditugu gose garenok osatzen. Kartel elektoralak inertzia hutsak eskegi ditu faroletan, ohitura babo hori. Alderdi gehienen arteko pike bareak, ez dituzten ezberdintasunak nabarmenduz. Politikarien hitz pare bat hemen edo han, itxurak egin eta boza entusiasmorik gabe eskatzen: jendeari ez zaio ahaztu behar oraindik ere bozkatu behar dela, behar ez bada ere.

Abstentzioaren eta postaz bozkatu dutenen ehunekoak dira asperdura eta asimilazioaren sintoma. Tramite hutsal bat itxi behar bezala hurbiltzea bozkalekura. Goizean egitekoak badira zaborra jaitsi, patatak, tomateak eta ogia merkatuan erosi, eta Angela Merkel berriz ere lau urtez boterean mantentzea. Amari astean behin derrigor egin beharreko bisitaren antza du giroak, betebehar erraz baina aspertu bat, piper enbotatuak edo ajoarriero tuperrak jasotzen jarraitu nahi bada.

Demokraziaren festa ez, hamabi urte daramatza Merkelen rave-ak, eta hemen inor ez doa etxera. Luzeak dira Berlingo gauak. Total, bada kimika, badira bafleak, eta musikak iraun bitartean zertarako ikusi ea kanpoan munduak zutik dirauen, Merkelez haratago bizirik dagoen. Ajea berdin jasan behar bada, ez dadila oraindik izan. Jarrai dezala dantzak beste lau urtez.

Angela Merkelek irabaziko ditu berriz ere gaurko hauteskundeak. Uste orokorra da, ekonomiaren sendoak eta Europan Alemaniak duen indar posizioak merezi dutela beste lau urte. Haren politikek bainoago, haren presentziak dakarrena maite dute alemaniarrek. Autoritatea. Estabilitatea. Amak zaindu gaitzala.

Eta zaindu gaitzala, akabatuko ez bagaitu. Merkelek bere hiru eragin esparruak txikitu ditu azken hamabi urteotan. Etxean, Schroederrek 2003an abiatutako erreforma neoliberalak sakonduta, arrakala soziala etengabe zabaldu eta hautsi du alemaniar gizartea. Berak apurtu du ere Europar Batasuna Grezian. Nazioarteko jokoan, Merkel izan da Willy Brandtek gerra hotzean osatu Ostpolitik edo Europa ekialderako errespetu politika desegin duena, Mendebalean ere bakartuta dagoelarik.

Baina ezerk ez du zauritzen. Angela Merkel da arrazoia, besteak dira beti oker dabiltzanak. Politikoki eguzkia edo elurra nahiago duzu, igual da. Merkel eguraldia bera da. Galdera bakarra dugu: norekin osatuko duen koalizioa. Eta berdin dio. Haren politikak ez dira ia aldatuko. Kantziler gisa segiko du lau urtez, inork eragozten ez diola, eta azpian dena deseginez doala. Gasolindegietan lehen eskuratzen ahal ziren kasete baten titulua dirudi: Ezin ukitu zaitut baina zuk txikitzen nauzu.

Zorionekoa da egun Alemaniako estatu arrazoia, politologo zintzo denak, eraiki nahi duten irudi parlamentarioarekin. Ezkerretara alderdi ttiki bat, ultraeskuinean beste bat, eta erdian konstituzionalista denak, bereizgarriak ez diren lau alderdi, paktuak josi eta estabilitatea betierekotzeko. Demokrazia korporatiboa, eta gozatzera.

Bestela ere, poz gutxi dator Bundestagera. Sozialdemokratek euren bizitzako emaitza txarrena ez jasotzea dute helburu. Liberalek eta Berdeek elkar gorroto dutela, ulertzen dute finean aberatsentzako alderdi bera direla. Ezkerrak lanak izanen ditu gobernuaren eta ultraeskuinaren aurka batera jotzen, aldi berean inorekin ezer eraikitzeko aukerarik ez duela.

Eta azkenik, izurritea. Naziz beteriko alderdi bat dator berriz ere parlamentura, lehen aldiz, 1945ean armada gorriak oporretara bidali zituenetik. Alderdirik handienetan hirugarrena izateko aukera asko dituzte. Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) jokoa lokaztera dator, bere ideiak iritzi publikoan tokia hartuz doazela, migrazioa jopuntuan. Diskurtso identitario gotor bat, behin jada sutan jausi zen eraikin berean.

Gaur ez da ezer gertatu. Atzo bezala bihar doaz alemaniar gehienak eguneroko errekaduak egitera. Hauteskundeak ez dira jada hauteskundeak, politika ez da jada politika. Baina arazoek betikoak izaten jarraitzen dute. Beste lau urte luzez izanen dira bertan. Beti dira zailak, amari egin bisitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.