Olatz Urkia
Leku-lekutan

Adimen artifizial txinatarra, iraultza bikoitza?

2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Azken asteotan Deep Seek adimen artifizial txinatarrak Estatu Batuetako Chat GPT bezalakoak kolokan jarri ditu. Nvidia mikrotxipen ekoizle erraldoiak ere inoizko erorketarik gogorrena izan du burtsan, 600.000 milioi dolar galduta. Inork espero ez zuenean gertatu da: Txina hegoaldean sortutako start-up batek adimen artifizialaren sektorean iraultza egin du, eta, adituen arabera, etapa berri bat hasi da sektorearentzat, zeinetan Txina AEB Ameriketako Estatu Batuen aurretik dagoen. Duela gutxi arte inork ez zekien, ezta Txinan ere, Deep Seek zer zen; orain, aldiz, mundu osoan ezaguna da, eta AEBetan gehien deskargatzen den aplikazioa bihurtu da. Sektorea eraldatu du, eta munduko lehenengo bi potentzien arteko gatazka geopolitikoa handitu.

Adimen artifizialaren borroka

Sektore horretan ere, Washingtonek Pekin geldiarazi nahi izan du, eta AEBetako presidente ohi Joe Bidenen garaian (2021-2025), enpresa txinatarrei txipak saltzeari utzi zioten. Orain arte txip modernoenak beharrezkoak ziren adimen artifiziala garatzeko, baina txinatarrek, baliabide faltagatik errenditu ordez, ekoizteko modua aldatu dute.

Mendebaldearentzat eta, batez ere AEBentzat, borroka honetan huts egin izana kolpe gogorra da, eta ez da harritzekoa ohiko argudioetara jo izana Deep Seek desakreditatu nahian. Nola ez, Tiananmenen gaia atera da, eta hasi dira salatzen adimen artifizial txinatarrak zentsuratu egiten dituela 1989an protestetan armadak hil zituen ikasleena eta halako gai gatazkatsuak. Hori bai, jarrera horrekin ere aditu asko kritiko ageri dira, eta gogoratu dute Mendebaldean ere propaganda eta zentsura erabiltzen direla, eta egunerokoan informazio iturri moduan erabiltzen ditugunek errealitatearen ikuspegi partziala dutela, betiere Mendebaldeko potentzien ikuspegia defendatuz.

Geopolitikaren arloan borroka horrek sortu duenaz harago, mundu osoko ingeniariek adimen artifizialaren arloan egin den saltoa azpimarratu dute. 2023ko uztailean Txina hegoaldeko Hangzhou hirian sortu zen start-up-ak, txip gutxiago izanda ere, modua bilatu du lan egiteko. Ondorioz, adimen artifiziala askoz merkeago ekoitzi daiteke Txinan; hots, Deep Seek sortzeko nahikoa izan dira 5 milioi dolar. Kopuru handia irudi dezakeen arren, ez da ezer AEBetan sektore horretan egin duten inbertsioarekin alderatuta: adimen artifizialaren borroka irabazteko 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarria zuen AEBetako presidente Donald Trumpek.

Erabiltzaile bat DeepSeek aplikazioa erabiltzen. CAROLINE BREHMAN / EFE
Erabiltzaile bat DeepSeek aplikazioa erabiltzen. CAROLINE BREHMAN / EFE

Deep Seeken atzean dagoen burmuina 29 urteko emakume bat da: Luo Fuli. Pekingo linguistikako unibertsitate gradua ikasia, hizkuntzen prozesaketa naturalean da aditua, eta aplikazio iraultzaile hori sortu baino lehen Alibaba bezalako beste hainbat enpresatan lan egin du. Irakasleen arabera, haurtzarotik ikusi zezaketen ingeniari gaztea berezia zela. 29 urterekin merkatuko adimen artifizial onenen kalitate bera duen aplikazio bat sortu du, baliabide eta denbora gutxiagorekin. Open AI sortzeko, adibidez, 80 milioi dolar behar izan zituzten; denborari dagokionez, Deep Seek entrenatzeko 2.788 milioi ordu behar izan dira; gainontzekoen kasuan, horren bikoitza edo hirukoitza.

Bigarren iraultza, Deep Seek psikologo

Komunikabideetan hizpide izan dira Deep Seekek sortu duen tentsio geopolitikoa, Txina eta AEBen lehia, eta adimen artifizialaren eraldaketa. Baina hori ez da Deep Seekek ekarri duen iraultza bakarra, beste fronte batean ere ari dira gauzak aldatzen: herritarren egunerokoan, hain zuzen ere.

Egunotan, eztabaida bat sortu da Txinako sare sozialetan: izan al daiteke adimen artifiziala psikologo ere? Herritarrak, gehienak gazteak, Deep Seekekin izan duten esperientzia kontatzen hasi dira, eta biralak izan diren hainbat kasutan adimen artifizialari esker psikologoa ordaintzeari utziko diotela kontatzen dute. Hainbatek dio aplikazioari aholkuak eskatuta erantzuna espero zuten baino enpatikoagoa eta lagungarriagoa izan dela. Gainera, Deep Seeken kasuan, sistemak «pentsatzeko» erabiltzen duen prozesua ikusi daiteke: galdera botata, tarte bat itxaron behar da, eta adimen artifizialak ondo erantzuteko bere buruarentzat dioena ikusi daiteke. Adibidez: «Lagun batekin haserretzean kontrola galdu dut, eta oldarkorregi hitz egin diot» idatzita, erantzuna iritsi baino lehen Deep Seeken ohartxo bat ikusten da, eta horrelako zerbait dio: «Galdera enpatiarekin erantzun behar dut, baina aldi berean aholku pragmatikoak eman eta autokritikarako gonbita egin»; erantzuna iristean, adimen artifizialak pentsatzeko erabili duen denbora ere agertzen da: «Hamabi minutu». Sare sozialetan diotenez, sinbolikoa bada ere, horrek komunikazioa errealistago egiten du.

Txinan psikologora joatea ez da oraindik ohikoa. Alde batetik, garestiegia delako; eta, bestetik, buruko gaixotasunen kontzientzia oraindik txikia delako. Halere, azken urteotan aldaketa handia sumatu da. Lehen pentsaezina zen, baina, orain, gazteen belaunaldiak hitz egiten du depresioaz edo antsietateaz. Hori bai, belaunaldi zaharragoek psikologoa oraindik luxu zentzugabea dela uste dute. Adituen arabera, COVID-19aren ondoren iritsi den krisi ekonomikoarekin batera ikasketak amaitu berri dituzten gazteen artean areagotu egin dira buru osasunarekin lotutako arazoak. Baina, aldi berean, lana aurkitzeko zailtasunengatik ez dute psikologo bat ordaintzeko aukerarik, eta askotan gurasoek horren garrantzia ikusten ez dutelako erabat baztertzen dute psikologora jotzeko laguntza gurasoei eskatzearen aukera. Egoera horretan daudenentzat, agian, adimen artifiziala izango da konponbidea? Ikusteko dago Deep Seeken iraultza noraino iritsiko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.