Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. ANALISIA

A-9: Hartu izanaren agiria?

2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Espainiaren ezezkoa Kataluniaren bai-bai da. Gaur, azaroak 9, milaka herritar ilaran jarriko dira euren nortasun agiri espainiarrekin, auzitan dagoen nortasunarekin. Eta adieraziko dute ahal duten bezala: denborak aldatu egiten direla eta jendeak eboluzionatu egiten duela bere egiten duen estatu demokratiko eta moderno bateko erreferendumak ematen duen bermerik gabe.

Ate itxien eta probokazioen aurrean amore ematen ez duen herri bateko herritarren sendotasuna izango da beste erakusgarri bat. Fiskaltzak, Auzitegi Konstituzionalak, Auzitegi Gorenak eta estatuko beste edozein egiturak hartzen dute parte. Ekintza politikoa bahitua dute Kataluniaren zati baten deskonexioa onartzen ez duten alderdiek, PPk eta PSOEk. Zati horrek, ordea, hautetsontzietan gehiengoa osa dezake sezesio prozesuan.

Moncloaren erabaki bakoitzeko, gehituz doaz bai-bai aukeraren aldekoak. Espainiako Gobernuak desobedientziara bultzatu du Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionala. 3.000 erakunde, elkarte, alderdi politiko, enpresari eta sindikatu biltzen ditu itun horrek. Hori da Kataluniako prozesuaren indarra, barruan eta kanpoan.

Mobilizazio masiboekin bidea elkarrekin egin dezaten presio egiten zaie liderrei, baina, gaurtik aurrera, maratoi politikoa hasiko da, delikatua, inoiz ez bezalakoa. Independentziaren aldeko alderdiek bide orri komun bat adostu beharra dute etorkizunaren eraikuntzarako indarrak kontzentratzeko. Aukera politiko bakoitzak —Artur Masen CDCk, Oriol Junquerasen ERCk eta David Fernandez eta Quim Arrufaten CUPek—badu bere ideologia, historia eta motxila. Orain, guztiek ebaluatu beharko dute zein proiektu gehiago partekatzeko gai diren kohesio eta mobilizazio soziala mantendu eta hiru alderdiek desio duten estatu independentearen abiapuntura heltzeko.

Momentu honen parte behar dute beharrezko estatu egitura minimoen diseinuak eta barne negoziazio politikoen edota Espainiarekiko negoziazioen egutegia zehazteak. Talkak izango dira euren aparatuetan nortasuna galtzeak eragiten duen ziurtasun faltarekin edota lehen gustukoak ez ziren bazkideekin elkartzeak eragiten duen beldurrarekin. Orain, ordea, Espainiatik independente egitea bezalako proiektu erraldoi batek batzen ditu. Proiektu horrek konplizitate gutxi du Kataluniatik kanpo —salbu ezker abertzalea, EAJ eta erabakitzeko eskubidearen alde Cayo Larak eta Pablo Iglesiasek egindako adierazpenak—. Etorkizunera lekualdatu beharko dute, partida bakarrik irabazterik ez dagoela dakienaren eskuzabaltasunez eta inplikazioz lantzeko oraina.

Biharamunean hartu izanaren agiririk ez da espero Espainiaren partetik, nahiz eta Artur Masek gutunak bidali elkarrizketa eskainiz. Baina Kataluniako gizarteak berriz ere mezua bidaliko die bertako politikariei, eta haiek ohartarazpena hartzeko obligazioa dute: anonimotasunetik eta aniztasunetik egindako kohesio eta kolaborazioak merezi dute peoiak, alfilak, dorreak eta zaldiak soilik existituko diren xake partida bat. Kataluniako proiektuak ez darama koroarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.