Katalunia. Gizarte zibilaren mobilizazioa. ANALISIA

2017: Alderdiek balio al dute?

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Horixe da Kataluniak aurten argituko duen galdera: alderdi independentistak baliagarriak al dira bozkatu zituen gizarteak agindutako helburua betetzeko? 2017an, Katalunian jokoan dagoena ez da independentzia, baizik eta independentismo politikoaren sinesgarritasuna. Estatu independente bat osatzearen alde agertu diren alderdiek —PDECatek, ERCk eta CUPek— ez badute hitza betetzen eta herrialdeari behin betiko erantzun bat ematen —independentzia bai edo ez—, behin betiko hondoratuko dira gobernuko indar gisa. Eta horrek bereziki ERCko Oriol Junquerasi eragiten dio. Izan ere, Carles Puigdemont presidenteak jada iragarri du ez dela berriz hautagai gisa aurkeztuko, eta CUPeko liderrek agintaldi bakarrean jarduten dute beti.

Hiru alderdi independentisten betebeharra da jakitea ea Kataluniako gizartea proiektu horren alde dagoen edo ez. Hori da erronka. Ez badute asmatzen, milaka pertsonak hauteskundeetan eta kalean emandako sinesgarritasuna galduko dute. Hura ez galtzeko formula bistakoa da: erreferendum lotesle bat, behin betikoa, auzitegietako borroka etetea ahalbidetuko duena, behin betiko jakinik Kataluniako gizartearen zein zati daukan alde. Bide eskoziarrerako atea itxita egon da, dago eta egongo da, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek Mariano Rajoyren gobernua bermatzen dutenez gero. Horrenbestez, erreferenduma, egiten bada, alde bakarrekoa izango da. Hari uko egitea edota atzeratzea, Espainian mugimendu aldaketa baten zain geratuta, boto-emaileei behin betiko traizio egitea litzateke. Xavier Domenechen comuns-ek eskatzen dituzten hauteskundeek ere ez lukete beteko 2015eko irailaren 27an hartutako konpromisoa.

Puigdemonten gobernua buru duten alderdiek irtenbide bakarra daukate: ahalik eta berme demokratiko handienekin bozketa antolatzea, jakinik baiezkoak irabazita ere ez dela iritsiko Espainiako edota nazioarteko aitorpena, ezetzaren aldeko indarrek ez dutelako partida hori jokatu nahiko, hain zuzen ere emaitzari zilegitasuna kentzeko. Alderdi independentistek —Junts Pel Si osatzen duten independenteek bezalaxe— badakite aurrekontuei eta lege berriei buruzko eztabaidak —ez soilik deskonexiokoak— zilegi eta beharrezkoak direla euren etorkizunerako proposamenak definitzeko, baina, haien trantsiziozko akordioek zentzua izateko, ezinbestekoa da gizartearen babesa ez galtzea. Hori modu bakarrean egin daiteke: gizartearen inplikazioa eta parte hartzea emaitzetan islatuz. Estatu independente batek sortzen duen sedukzioari buruzko zalantza argituko duen erreferendum bat antolatzeko gaitasunik erakusten ez badute, hamarkadetarako galduko dute Katalunian gobernatuz politika egiteko aukera. Halako porrot batek eragindako sinesgarritasun faltak eta etsipenak shock egoeran utziko lituzkete milaka pertsona, bereziki distantzia ideologiko bateraezinetan ere alderdiak hurbiltzeko lan egin dutenak. Ez badute ulertzen 2017an beraiek daudela jokoan, galdua izango dute partida. Klase politiko konplexu horrek ulertu behar du zein den jokoa: estatu independente bat defendatu behar dela bide baketsu eta demokratikoetatik, nahiz eta jakin, irabazita ere, ez duela jasoko babesik noraezean dabilen Europako Batasunarengandik; hark ez baitizkio kideak gehitu nahi egoera ziurgabe honetan. Independentzia ez da auzia. Auzia da ea hura nahi dutela dioten aktoreak prest ote dauden haren alde borrokan egiteko, hura galtzeko eta euren burua galtzeko arriskuaz jakitun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.