62 atxilotu Amsterdamen, Maccabi Tel Aviven zaleekin izandako istiluetan

Ajaxen eta Israelgo taldearen Europa Ligako futbol partidaren bueltan gertatu ziren liskarrak, atzo. Israelek bi hegazkin bidali ditu zaleak Herbehereetatik ateratzeko.

Maccabi Tel Aviv taldeko zaleak, Amsterdameko Dam plazan, atzo. JEROEN JUMELET / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 8a
09:34
Entzun

Istiluak izan dira bart Herbehereetan, Ajaxek eta Maccabi Tel Avivek Europa ligan jokatutako partidaren bueltan. Poliziak guztira 62 lagun atxilotu ditu partidaren aurretik eta ostean izandako istiluen harira. Israelgo ministro Gideon Saarek —ez du kargu zehatzik— X sare sozialean salatu duenez,  Palestinaren aldeko zenbait manifestarik Tel Aviveko taldearen hamar zale zauritu dituzte gutxienez.

Herbehereetako hedabideek kaleratu dutenaren arabera, aurreneko liskarrak partidaren aurretik hasi ziren, Amsterdamgo Dam plaza inguruan. Maccabiren dozenaka zale bertan zeuden, eta inguruan Palestinaren aldeko manifestazio batera deitua zuten hiriko zenbait eragilek. Informazio horien arabera, Maccabiko jarraitzaileek piroteknia materiala erabili zuten manifestarien aurka, eta kendu egin zituzten inguruan zeuden Palestinako zenbait bandera. Horrek manifestarien eta zaleen arteko liskarra areagotu zuen.

Indarkeriak, ordea, gora egin zuen partida bukatutakoan. Liskar horietan izan ziren zauritu eta atxilotu gehienak. Sare sozialetan zabaldutako mezuen arabera, Israelgo zaleek ez zuten errespetatu Valentziako (Herrialde Katalanak) hondamendiagatik egindako minutu bateko isilunea, eta Palestinaren aurkako aldarriak egin zituzten.

Isaac Herzog Israelgo presidenteak gaur goizean X bidez salatu du «pogrom bat» egon dela Maccabiko zaleen aurka, hau da, talde etniko edo erlijioso baten aurkako eraso bat izan dela.

Liskarren berri izan ostean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri du bi hegazkin bidali dituela Amsterdamera Tel Aviveko zaleak Israelera eramateko. Ebakuazio hori Herbehereetako lehen ministro Dick Schoofekin negoziatu du Netanyahuk. Schoofek berak hala baieztatu du. Herbehereetako lehen ministroak «eraso antisemitatzat» jo du gertatutakoa.

Hartutako neurriak

Hiriko agintariek bazuten Palestinaren aldeko manifestazioen berri. Izan ere, Amsterdamgo Udalak erabaki zuen horietako bat lekuz aldatzea, Ajaxen zelaitik gertu egitekoa baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.