Katalunia

Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialak 150 eragileren arteko manifestu bat sustatuko du

Egitasmoak agerraldia egin du datozen hilabeteetako lana azaltzeko. Hilaren 20an aurkeztuko dute dokumentuaren lehen bertsioa, Bartzelonan egingo duten ekitaldi batean.

Ezkerretik eskuinera, eserita: Joaquim Forn, Carme Forcadell, David Fernandez, Ozgur Gnes eta Marna Llansana. BERRIA
ander perez zala
2022ko apirilaren 1a
13:38
Entzun

Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Sozialak bere helburu garrantzitsuetako baten berri eman du: manifestu bat sustatuko du, Kataluniako gizarteko hainbat eragileren artekoa. Lehen data esanguratsua ere finkatu du egitasmoak, hilaren 20an Bartzelonan egingo duten ekitaldian aurkeztuko dute menifestua; agiria oraindik erabat bukatu gabe dago, nahiz eta oinarrizko akordioa badagoen testuaren edukietan. Egun horretarako 150 talde garrantzitsuren sostengua lortu nahi dute.

Taldeak «ahalik eta babes sozialik handiena bildu» nahi du amnistiaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenen inguruan, argudiatuta horiek osatzen dutela Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoaren irtenbidearen esparru «demokratiko, bidezko eta iraunkorra». Hau da, datozen hilabeteotan ikusgai egin nahi dute gizarteak «errepresioaren amaieraren» alde duen jarrera; izan ere, egiaztapen bat dute, eta hori da inkesta guztietan herritarren %65-75 amnistiaren eta autodeterminazioaren aldekoak direla.

Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Soziala harremanetan jarri da Kataluniako 150 eragilerekin —tartean daude alderdi politikoak, sindikatuak, gizarte mugimenduak eta patronalak, esaterako—, eta horien aurrean aurkeztuko du lantzen ari den manifestua,hilaren 20ko ekitaldian.Lan egiteko moduaren eta egutegiaren berri ere emango du.

2013an erabakitzeko eskubidearen aldeko agiria sinatu zuten 4.000 erakunde eta taldeen babesa biltzea espero dute, hala nola amnistia eta autodeterminazio kontzeptuekin bat datozen gainontzeko gizarte eragileena —ez dute atxikimenduak Kataluniatik kanpo eskatzeko asmorik—. Helburua gizarte taldeen sinadura jasotzea denez, lan nagusia eragile horiekin egotea izango da, eta ez herriz herriko kanpaina egitea.

Egitasmoko kideek zehaztu dutenez, amnistiaz ari direnean ez dira eskatzen ari Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea onartzea, errepresiorik gabeko prozesu politiko bati bide ematea baizik; hau da, 2017ko prozesuaz geroztik auzipetuta dauden milaka herritarren aurkako auziak ixteko eskatzen dute, baita erbestean dauden buruzagi politikoen itzulera ere.

Ozgur Gunes ekintzaile feminista marxista da itun sozialeko kideetako bat, eta, gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, xedetzat dute «modu autonomoan» lan egitea: «Behetik egin nahi dugu, protagonista sozial desberdinak ezagutzeko eta gazteak eta migratzaileak balioan jartzeko».

Egitasmoa iazko udan hasi zen lanean oso modu diskretuan. Lehendabizi sei laguneko taldea osatu zuten —horien artean, gaurko prentsaurrekoan hitz egin dutenek: Joaquim Fornek, Carme Forcadellek, David Fernandezek, Marna Llansanak eta Gunesek—, aurreneko urratsak egiteko, eta gero beste 24 kide batu zitzaizkien, amnistia eta autodeterminazio eskaerekin ados zeudenak. Hasierako seiek talde iraunkorra osatu zuten, eta denek batera, talde nagusia.

Akordio sozialaren egitasmoa legealdirako plangintzan jasoa zuen Pere Aragones Generalitateko presidenteak —hasieran Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Nazionala izenarekin—, eta lehen egunetik izan du helburu sektore zabal bat biltzea, Catalunya En Comu-Podemek ordezkatzen duena barne.

Fernandezen arabera,manifestu hori «baliagarria izango da alde guztientzat, eta kontuan hartzeko ezinbestekoa». Hori bai, argitu du ez dagokiola egitasmoari autodeterminazio eskubidea nola gauzatu behar den zehaztea, ezta amnistia nola lortu behar den esatea ere.

Urriaren 1era arte

Talde eragilearen egitekoa irailaren amaierarako bukatu nahi dute, urriaren 1a baino lehen jaso ahal izateko lan horren uzta; hain justu, 2017ko independentzia galdeketaren bosgarren urteurrena betetzen denerako. Egun horretan manifestuak jasotako atxikimenduak eta egindako lanaren ondorioak bilduko dituen txosten bat aurkeztuko dituzte, eta Aragonesi, Kataluniako Parlamentuari, Errepublikaren Aldeko Kontseiluari eta Kataluniako eragile sozial zein alderdi politikoei helaraziko diete egindako lana —eskuin muturrari izan ezik—.

Akordioa bera eta independentzia erreferendumaren urteurrena herritarren mobilizaziorako akuilu bihurtzeko egingo dute lan eragile independentistek, eta mobilizazio hori Espainiako Gobernua mugiarazteko erabili. «Beharrezkoa da gatazkarentzako erantzun eta irtenbide politiko bat eraikitzea», esan du Fernandezek. Orain, bost hilabeteko lan «bizia eta zabala» dute aurretik.

Hori bai, ez da taldearen asmoa mobilizazioetara deitzea, badaudelako Katalunian zeregin hori duten gizarte erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.