Kataluniako alderdi independentistek ezinbesteko baldintza gisa aurkeztu dute: Kataluniako prozesu independentistari begirako amnistia lege bat onartzea. Iragarri dutenez, halakorik gabe ez dute babestuko Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura [ERC Esquerra Republicanak eta PSOEk amnistia legea hitzartu aurretik dago eginda elkarrizketa]. Espainiako eskuinak amnistiaren kontra erreakzionatu du. Politikoki onartezina dela diote,eta konstituzioaren kontrakoa litzatekeela. Arazo politiko gisa aurkeztea ulergarria egiten zaio Javier Perez Royo Konstituzio Zuzenbideko katedradunari (Sevilla, Espainia, 1944); ez, ordea, legezkotasuna zalantzan jartzea.
Espainiako Konstituzioak ematen al du aukera Kataluniako prozesu independentistari begirako amnistia lege bat onartzeko?
Konstituzioko ezertxok ere ez dio eragozten parlamentuari amnistia lege bat onartzea. Beraz, ezin argiago dago. Gorteek amnistia lege bat onartzeko ezintasuna balute, konstituzioak espresuki jaso beharko luke hori, eta, hala jasoko balu, ezin izango lirateke onartu konstituzioaren ondotik arrazoia edozein dela ere onartu diren amnistia legeak. Ondorioz, ulertu behar da ezar daitekeen barkamen neurri bat dela amnistia, baina Gorteek egin beharrekoa, lege organiko bidez.
Aurkeztu diren aurkako argudioetako bat da amnistiak ahanztura dakarrela. Hala da?
Amnistiak delituari eragiten dio, ezabatu egiten du. Indultuaren kontrakoa da. Indultuak esan nahi du delitua aitortzen dela, kondena judizial bat dagoela, eta soilik zigorraren ondorioak uzten ditu bertan behera, baina ez du delitua bera ezabatzen. Amnistiak, berriz, zera esaten du: «Honek ez zuen gertatu behar».
Zenbait eragilek —Fiskalen Elkarteak eta Magistraturako Elkarte Profesionalak, besteak beste— adierazi dute konstituzioak indultu orokorrak debekatzen dituela, eta, horrenbestez, amnistia ezin daitekeela onartu.
Indultu orokorrak ere ez daude debekatuta konstituzioan, zenbaitek diotenaz bestera. Konstituzioak dio Gorteek ezin diotela gobernuari baimena eman hark indultu orokor bat onar dezan. Gorteena den eskumen baten transferentzia debekatzen du. Indultu orokor bat eman nahi izanez gero, Gorteek egin behar dute.
Espainiako Auzitegi Gorena autoindultu bat onartzearen arriskuez mintzatu da, iritzita amnistiaren onuradunak izango liratekeela, hain justu, gobernuaren egonkortasuna bermatuko luketen alderdietako buruzagiak.
Uste dut desegokikeria bat dela, inolako justifikaziorik gabea, agerian uzten duena Auzitegi Gorenak zenbateraino egiten duen politika, bere jardun jurisdikzionalera mugatu beharrean.
Gorenak ohartarazi zuen —Kataluniako buruzagi independentisten indultuen aurka argitaratu zuen txostenean— amnistiak «ikasketa historiko bat» baztertzen duela, halako neurriak erabili direlako diktaduretan «pertsonen eta oinarrizko eskubideen aurkako delitu larriak ezabatzeko». Zer irizten diozu?
Ez dakiela zer dioen konstituzioak. Egia da amnistiak erabili zirela 1976-77 urteen gisako garaietan, egoera jasanezin batzuk amaitzeko. 1977koa amnistia bat izan zen preso politikoentzat, eta puntu eta amaierako lege bat Francoren erregimenean genozidioa egin zutenentzat. Puntu eta amaierako legeekaurrez aurre egiten dute talka azken hamarkadetan garatu den nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin. Horrenbestez, aztertu beharko litzateke 77ko amnistia legearen zati horrek bat egiten ote duen Espainiako zuzenbidearekin, Espainiak izenpetu dituen nazioarteko hitzarmenak bere egiten dituen heinean. Baina 1977ko amnistiaz geroztik, amnistia gehiago ere eman dira; esaterako, arrazoi fiskalengatik: Montoren amnistia, adibidez. Beraz, nola ez da posible izango amnistia, Gorenak berak ontzat eman badu?
Manuel Llarena Goreneko magistratuaren iritziz, amnistia konstituzioaren barruan sar daitekeela onartuta ere, aztertu beharko litzateke behar beste justifikatzen den ala ez. Uste duzu Espainiako Gobernuak eman dezakeela arrazoi nahikoa?
Inolako arazorik gabe. Baina gizon horri gogoratu behar zaio 1977ko amnistia legeak ez duela zioak azaltzeko atalik, eta ez du halakorik, hain justu, bestela haren zati baten izaera arrazoitu beharko lukeelako, puntu eta amaierako legearena, genozidioarekin lotuta dagoena. Eta nik uste dut onartuko den lege honek izango duela zioen azalpen bat. Justifikazioak oso zehatza izan beharko du, gainera. Esan beharko du nori eragiten dion legeak, eta, denek ez dutenez estatus bera izango, justifikazioak orekatua izan beharko du amnistiak eragingo dienen egoera juridiko desberdinen artean.
Zer baldintza bete beharko lituzke segurtasun juridiko nahikoa izan dezan?
[Botere] Legegileak amnistia lege bat onartzeko dituen mugak dira oinarrizko eskubideen edukia eta legez exijitutako tramitazioa egitea. Eta kito. Konstituzioak ezartzen dituen muga orokorrak dira muga bakarrak.
Amnisitia onartzeak esan nahiko luke estatuak onartzea okerrak egin dituela Kataluniako prozesu independentistan izan duen jokabidean?
Amnistia onartzeak esan nahiko luke estatuak aitortzen duela oztopo batzuk ezarri izana normalizazio politikorako Katalunia Espainian integratzeko orduan, [konstituzioaren] 155. artikulua ezarri izanaren ondorioz edo hark ekarri zuen bilakaera judizialaren ondorioz, eta oztopo horiek ezabatu egin behar direla. Zaila da hori baino justifikazio handiagoa ematea.
Horrek non uzten du Gorenaren jokabidea?
Inon ere ez. Ez dakar inolaz ere Gorenaren epaiari buruzko baloraziorik. Izatekotan, garai hartako gobernuaren jardunari buruzko balorazio bat ekarriko luke [PPko Mariano Rajoyren zen presidente], kontuan hartuta 155.a ezartzeko garaian aukera izan zuela fiskaltzari agintzeko ez zezala inolako ekintza penalik hasi buruzagi politiko kataluniarren aurka, hauteskundeak egin arte. Hala egin balu, Generalitateko presidente berri bat aukeratu eta normaltasuna berreskuratuko zen Kataluniaren autonomiarako eskubidean. Ondoren, ikusi beharko zen nola jokatu. Baina ez zen hala egin. Ondorioz, botere judiziala oso baldar sartu zen, eta aurrean eraman zuen eraman zuen guztia.
Amnistia lege bat, beraz, ekinaldi bat izango litzateke inoiz utzi behar ez zen egoera bat berrezartzeko Katalunian. Egoera hura hala utzi zen PP eta Espainiako Gobernua eta PSOE prest egon zirelako 155.a martxan jartzeko, beharrezko neurriak hartu gabe gertatu ziren kalteak gerta ez zitezen.
Gobernabidea Espainian. Amnistia legea. Javier Perez Royo. Konstituzio Zuzenbidean katedraduna
«Amnistiak zera esaten du: 'Honek ez zuen gertatu behar'»
Kataluniako prozesu subiranista dela-eta auzipetu dituztenentzako amnistia bat ez litzateke legez kontrakoa, katedradunaren iritziz. Nabarmendu du Auzitegi Gorenak ontzat eman izan dituela halakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu