Espainiako Kongresuak onartu egin du amnistia legearen proposamena. 178 diputatuk bozkatu dute onartzearen alde, eta 172k kontra. PSOEren, Sumarren, EAJren, EH Bilduren, JxC Junts Per Catalunyaren eta ERC Esquerra Republicanaren baiezko botoei esker atera da aurrera testua. Osoko bilkura berezi batean onetsi dute proposamena diputatuek.
Kataluniako indar subiranistetako ordezkariak pozik agertu dira ganberan. ERCko diputatu Pilar Vallugerak, halere, gogora ekarri du amnistia legea bide luzea egiten ari dela: «Lau urteren ostean helduko da hain beharrezkoa den lege hori. Dena den, duela asko onartu beharra genuen». Adierazi du legea —onartzeko oraindik falta diren pausoak eman ostean— «beharrezko neurria» izango dela Kataluniako gatazka bideratzeko, «baina ez behin betikoa».
Testuak zeresana eman du azken asteetan. Izan ere, ez da Espainiako Parlamentura heldu den lehen proposamena. JxCk iragan urtarrilaren 30ean ezezkoa eman ostean, kolokan geratu zen legearen etorkizuna, baina ERCk, JxCk eta PSOEk ados jartzea lortu zuten atzo zortzi. Akordio horrek legearen zenbait xehetasun aldatu ditu, testu nagusiari bere hartan eutsi dioten arren. Zuzendutako testu hori onartu dute gaur, hain zuzen.
Legearen aldaketa horien inguruan solastatu da, zehazki, JxCko diputatu Josep Maria Cervera. Hark esan duenez, aurreneko proposamenari ezezkoa eman izan ez baliote, gaur ez zatekeen «ahalik eta amnistia lege onena» onartuko. Cerverak ontzat jo du «amnistia integrala» lortu izana eta legeak «inor kanpoan ez uztea».
Hala ere, gaineratu du lege proposamena ez dagoela «independentisten neurrira» eginda, «askok salatzen dutenaren aurka». Are gehiago, «Espainiako jazarpenaren neurrira» eginda egotea salatu du.
Aipatu duen arren legeak alde txarrak ere badituela, Cerverak zoriondu egin ditu bere alderdia eta lege proposamena aurrera ateratzeko modua egin dutenak. JxCko diputatuak iritzi dio amnistiak «gatazka politiko bat politikaren esparrura itzuli» besterik ez duela egiten. Izan ere, azpimarratu du Espainiaren eta Kataluniaren arteko «gatazka historikoa» indarrean dela oraindik.
«Arazoa auzitegietatik politikara itzuli» izana txalotu du Vallugerak ere. Haren ustez, arazoa «politikoa» dela aitortzen du legeak. Nolanahi ere, Kongresuan argi utzi du ERC ez dela hor geldituko. Hurrengo urratsa «autodeterminazioa» dela azpimarratu du Vallugerak: «Irmoki sinisten dugu gure konpromisoan. Ez gara geldituko autodeterminaziorako eskubidea baliatu arte».
Patxi Lopez izan da PSOEko bozeramailea gaur, Felix Bolañosek —indar subiranistekin negoziatzen aritu da testua egituratzeko— ez baitu legea defenditu Kongresuan. Lopezek esan du «politika» dela «2017tik Katalunian egon den arazoa konpontzeko irtenbide bakarra». Indar subiranistekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du bere adierazpenean: «Iritzi politiko ezberdinak dituztenen artean lortzen diren akordioak dira benetan balioa dutenak, herrialde plural bat eraikitzeko oinarriak baitira».
Espainiako presidente eta PSOEko buruzagi Pedro Sanchez ez da eztabaidan egon; bozkatu behar zenean sartu da soilik.
«Senatuko lokatza»
Kongresuan gaur baiezkoa emanda ere, amnistia legearen proposamenak ez du bide osoa egina oraindik. Espainiako Senatutik igaro behar du orain, eta, PPk gehiengo osoa duenez, espero da han geldirik egotea, bi hilabete gehienez. Goi ganberaren ezezkoaren ostean, Espainiako Kongresura itzuliko litzateke legea, han berriz onartu ahal izateko. Hori da lege proposamena onesteko egin beharreko azken urratsa.
Senatuko egonaldia gogorra izango dela ohartarazi du JxCko diputatu Cerverak: «Senatuko lokatza» aipatu du, uste baitu PPk bere esku dagoena egingo duela lege proposamenari oztopoak jartzeko.
PPren jarrerari buruzkoak ez ezik, beste ohartarazpen batzuk ere egin ditu Cerverak gaur. Haren aburuz, PSOEk ez du «konbikzioz jardun», baizik eta JxCrekin adostutako akordio bati esker.
PP legea oztopatzen saiatu da goizean goizetik. Kongresuan bestelako legeak eztabaidatzen ari zirela, Justizia Batzordearen Mahaiari eskatu dio ez onesteko ERCk, JxCk eta PSOEk legeari aurreko astean aurkeztutako zuzenketak. Ez da lehen aldia eskuindarrek bide hori erabiltzen dutena amnistia legea bertan behera uzteko. Aurreko astean aurkeztu zuten kexa, zuzenketak Espainiako Kongresuaren arauditik at zeudela argudiatuta. Mahaiak, baina, ez zituen ontzat hartu PPren argudioak, eta onartu egin zituen zuzenketak, aldeko hiru boto eta kontrako birekin.
PPko buru Alberto Nuñez Feijook ere hitz egin du Kongresuko eztabaidan, eta argi utzi du ez daudela ados amnistia legearekin. Are gehiago, buruzagi popularrak esan du legeak ez duela pasatuko «Senatuko eta auzitegietako galbahea, ezta kalearena ere».
Hauteskundeak Katalunian
Amnistia legearen proposamenaren bozketa Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonesek parlamenturako hauteskundeetara deitu eta biharamunean izan da. ERC Esquerra Republicanak eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak aurkezturiko aurrekontu proposamenaren aurka egin zuen JxCk atzo —beste alderdi batzuekin batera—, eta, hala, horiek onartzea galarazi. Hori dela eta, Aragonesek parlamenturako hauteskundeetara deitu zuen, maiatzaren 12rako.
Aragones izango da ERCren presidentegaia berriro, eta JxCri eskua luzatu dio hurrengo legegintzaldian gobernabide akordioa egiteko. Kataluniako Generalitateko presidenteak RAC1 irratian gaur egindako elkarrizketa baliatu du JxCri galdetzeko ea bera babesteko prest egongo liratekeen. Izan ere, 2021ean ERCren eta JxCren arteko akordioari esker heldu zen Aragones agintera.