Amnistia legea

Adostu dute amnistia legean jasotzea «giza eskubideen urraketa larririk eragin ez duten terrorismo delituak»

Giza eskubideen urraketak «agerikoak eta nahita egindakoak» diren kasuak ez dituzte amnistiatuko baldin eta testua onartzen bada. Espainiako koalizio gobernua osatzen duten alderdien eta indar subiranisten babesa jaso du aldaketa horrek.

ESPAÑA LEY AMNISTÍA
Espainiako Kongresuko justizia batzordea, joan den ostegunean. J.J. GUILLEN / EFE
Ander Perez Zala - Paulo Ostolaza
2024ko urtarrilaren 23a
13:25
Entzun

«Giza eskubideen urraketa larririk» egin ez baina «terrorismo delituak» egotzi dizkietenei ere amnistia ematea jaso dute Espainiako Kongresuan negoziatzen ari diren lege proposamenean. Aldaketa horrek PSOEren, Sumarren, Podemosen, ERC Esquerra Republicanaren, JxC Junts Per Catalunyaren, EH Bilduren, EAJren eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren babesa jaso du, gaur, behe ganberako justizia batzordean, eta haren helburua zera da, babesa ematea Espainiako Auzitegi Nazionala ikertzen ari den CDR Errepublikaren defentsarako batzordeko hamabi kideei eta ustez Tsunami Demokratikoaren protestekin lotura duten beste hamabi laguni. Tartean daude Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia (2016-2017) eta Marta Rovira ERCren idazkari nagusia.

Moldaketa horri esker, Kataluniako alderdi independentistek amnistia are gehiago babestea lortu dute, lege proposamenaren aurreko bertsioan amnistia aplikatzen zieten, artean «terrorismoagatik» ikerketapean zeudenei; ez ordea, delitu hori egotzita epai irmoa ezartzen dietenei. JxCk eta ERCk harago joan nahi zuten —ezezkoa eman diote «terrorismo delitu» guztiak barkatzeko JxCren zuzenketari—, eta PSOEk ez zuen aldaketarik nahi, baina, azkenean, tarteko aukera baten inguruan ados jarri dira Kataluniako subiranistak eta sozialistak.

Zuzenketetan jasotakoa aintzat hartuta, «tortura eta pertsonen bizitzaren kontrako ekintzak» amnistiatik kanpo geratuko lirateke. Hau da, «giza eskubideen urraketa larririk eragin ez duten terrorismo delitu horiek» zeintzuk diren zehazteko, oinarritzat hartuko dituzte Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 2. eta 3. artikuluak, La Vanguardia egunkariak argitaraturiko informazioaren arabera.

Ministroen Kontseiluko bilkuraren ostean, Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak aldaketa hori defendatu du, argudiatuta «jada teknikoki sendoa den legea hobetu» egiten duela, eta «terrorismo» delitua amnistiatik kanpo geratzen dela: «Konstituzioaren eta zuzenbidearen araberakoa da». PPrentzat, ordea, beste «umiliazio bat» da Justizia batzordean gertaturikoa, Miguel Tellado alderdi horren Kongresuko bozeramaileak salatu duenez.

Kataluniako Gobernuari dagokionez, Pere Aragones presidentea pozik agertu da, orain amnistia «babestuago» dagoelakoan. Haren iritziz, barkamenari buruzko lege proposamena «indartu» egin dute, eta «zorroztasun juridiko handiagoa» du. «Ospatzeko modukoa da ezinezkoak zirela esaten ziguten akordioak egitea», esan du Aragonesek.

Datorren asteartean, Kongresuan

Amnistia lege proposamenari buruzko bozketa datorren asteartean egingo dute Espainiako Kongresuan, eta, ezustekorik ezean, onartu egingo dute, Pedro Sanchezen inbestidura saioko aliatuen aldeko botoekin —CC Koalizio Kanariarrarena izan ezik—.

Horren ondoren, Senatura bidaliko dute testua, eta, han, PPk gehiengo osoa du. Epeei buruzko araudia erreformatu du alderdi horrek —PSOEk Auzitegi Konstituzionalera jo du erabaki horrengatik—, eta, beraz, bi hilabete izango dituzte lege proposamen horretaz aritzeko, hogei egun izan beharrean.

Tarte horretan, goi ganberan zuzenketak onartuko dituzte, eta horren ostean bidaliko dute Kongresura, azken bozketarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.