Amnistia legea onartu dute gaur Espainiako Kongresuan egindako osoko bilkuran: aldeko 177 boto jaso ditu, eta kontrako 172. PSOE, Sumar, Podemos, ERC Esquerra Republicana, EH Bildu, EAJ, Junts eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarra alderdiek eman dute baiezko botoa, eta PPk, Voxek, CC Koalizio Kanariarrak eta UPNk ezezkoa. Indarrean sar dadin, Espainiako erregeak sinatu behar du aurrena, eta gero argitaratuko dute BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean; ziurrenik, datorren astearen hasieran, erregea bidaia ofizial batean baitago El Salvadorren. Ondoren, epaileek bi hilabeteko epea edukiko dute aplikatzeko. PPk iragarri du legearen aurkako inkonstituzionalitate helegite bat jarriko duela Auzitegi Konstituzionalean.
Kataluniako alderdi subiranistetako diputatuek «egun historikotzat» jo dute gaurkoa. ERCko Gabriel Rufianek eskerrak emateko aprobetxatu du mintzaldia, eta hala esan du: «Gaur garaipen eguna da, baina baita porrot eguna ere; 78ko erregimenaren lehen porrota da». Nabarmendu duenez, onarpena «berandu» iritsi da, inork ez baitu errepresiorik, kartzelarik edo jazarpenik merezi. Adierazi du ERCk ez diola inoiz utziko politika egiteari, eta azpimarratu «erreferenduma» izango dela «hurrengo geldialdia».
Juntseko Miriam Noguerasen arabera, legea «garaipen demokratikoa eta kolektiboa» da. Hala ere, esan du lege horrek ez lukeela existitu behar. «Ez da bakea ezartzeko, Kataluniako independentismoaren aurkako jazarpenarekin urteetan egindako bidegabekerien parte bat konpontzeko baizik». Beraz, pentsatzen du «gatazkaren bataila bat» irabazi dutela gaur.
Tirabirak ere izan dira bilkuran. Batez ere, Voxeko buru Santiago Abascal mintzatu ondoren, eta baita PSOEeko diputatu Artemi Rallok hitza hartu duenean ere. Hain zuzen, PPko eta Voxeko kideek haren hizketaldia moztu dute hasieran. Rallok esan du Europak, Espainiak eta Kataluniak baiezkoa eman diotela amnistiari, «batzuei hori entzutea kostatzen zaien arren». Halaber, uste du legea onartzeak «gatazka gainditzeko» balioko duela: «Inoiz ez zukeen auzitara iritsi behar». Gainera, «garai berriez» ere hitz egin du. Bide beretik jo du Javier Sanchez Serna Podemoseko diputatuak ere: «Legea onartzea hasiera baino ez da».
Vox eta PP izan dira legearen aurkako adierazpenak egin dituzten bakarrak. Biek «ustelkeria politikotzat» jo dute legea. Abascalen arabera, «indarkeria politikoa» legitimatzen du, eta Espainiako Konstituzioaren kontrakoa da. PPko buru Alberto Nuñez Feijooren hitzetan, berriz, amnistia legea «botere trukea da, pribilegioen trukea».
Euskal alderdiek ere hitz egin dute. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak azpimarratu duenez, legea garrantzi handikoa da, eta bide ematen die elkarrizketari eta negoziazioari. «Garrantzitsuena da hemen gehiengo bat egotea lege honen alde, baina gehiengo horrek argi izatea gatazka politikoak elkarrizketaren bidez konpontzen direla, eta ez auzitegietan». Era berean, EAJko diputatu Mikel Legardak nabarmendu du amnistiarekin «bizikidetza hobetu» nahi dutela, eta legeak modua ematen duela lurralde auziari «elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez heltzeko».
Tramitazio gorabeheratsua
Amnistia legea izan zen ERCk eta Juntsek PSOEri jarritako baldintza nagusia Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzen laguntzeko. Iazko uztaileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, Kataluniako bi alderdi subiranista hegemonikoek nork bere aldetik negoziatu zuten PSOErekin. Azaroaren 16an eman zuten akordio horien berri, Sanchez atzera presidente izendatua izan baino egun batzuk lehenago, eta PSOEk azaroaren 13an erregistratu zuen lege proposamena Kongresuan.
Orain dela gutxi arte, sozialistek esaten zuten inondik inora ez zutela negoziatuko Kataluniako prozesu subiranistarekin loturiko amnistiarik. Baina hitz egiteko prest azaldu ziren, neurri handi batean hauteskundeen ondorengo aritmetikak behartuta. Gauza bera esaten zuten indultuei buruz, baina 2021eko ekainean onartu egin zuten espetxean zeuden buruzagi independentistak kartzelatik ateratzeko neurria. ERCrekin adostuta, Zigor Kodea ere erreformatu zuen iazko urtarrilean, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua aldatzeko.
Kataluniako gatazka «desjudizializatzeko» beharra defendatzen hasi zen orduan PSOE. Amnistiak tramitazio parlamentarioa hasi zuenean, azaroan, Felix Bolaños Espainiako presidentetza ministro eta legearen negoziatzaileetako batek nabarmendu zuen amnistia «ezinbesteko tresna» bihurtuko dela elkarbizitzarako. 2011tik 2023ra bitarte prozesu subiranistaren esparruan izandako gertakarien harira auzi judizial batean dauden «arduradunei eta herritarrei» eragingo die, testuan zehazten denez.
Legeak hainbat oztopori aurre egin behar izan die azkeneko sei hilabeteetan. Kongresuko Justizia Batzordean onartu ondoren, behe ganberako osoko bilkurara eraman zuten urtarril amaieran. Baina Juntsek berak ere kontra bozkatu zuen azken orduan, argudiatuta ez zegoela behar bezain blindatuta eta ez zuela bermerik ematen jasota zegoen bezala aplikatzeko, kontuan hartuta Espainiako epaileek zer jokabide duten.
419Zenbat aktibista amnistiatuko dituzten. Alerta Solidarioa antolakundearen arabera, 419 aktibista amnistiatuko dituzte legea indarrean sartzen denean. Elkarte horrek ez ditu kontuan hartzen ez buruzagi politikoak, ez administrazioko kideak. 1.200 baino gehiago ziren hasieran ikertuak, baina bi herenetik gora absolbitu egin dituzte, edo haien kausak artxibatu dituzte.
Atzera justizia batzordera eraman zuten testua, eta zuzenketa gehigarri batzuk negoziatu zituzten Juntsek, ERCk eta PSOEk. Juntsen arabera, moldaketa horiei esker «integrala» zen testua, «denentzat» egina. ERCk azpimarratu zuen, baina, «terrorismoari» zegokion alderdia ia berdina zela, eta «idazkera» aldatu zela, baina ez, ordea, «eragina». Kongresuak, azkenean, martxo erdialdean onartu zuen.
Tramitazio burokratikoari jarraikiz, testua Senatura eraman zuten. Han PPk du gehiengoa, eta, goi ganberaren arautegian egindako aldaketa bat baliatuz, filibusterismo politikoa egin zuen, eta ahalegindu zen horri buruzko bozketa ahalik eta gehien atzeratzen. Duela bi aste jarri zion betoa legeari.
CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarentzat, «konstituzioaren kontrakoa» da amnistia. Espainiako Kongresuko legelarien arabera, berriz, testuak ez du ez «forma akatsik», ez elementu «begi bistakorik» esateko konstituzioaren aurkakoa dela. Veneziako Batzordearentzat, bestalde, testuak ez du gatazkarik sortzen botere banaketarekin.
Goreneko FISKALEN USTEZ, kasu batzuetan ezin da aplikatu
2019an Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako buruzagi subiranisten kontra egin zen epaiketan parte hartu zuten fiskalen arabera, amnistia ezin zaie aplikatu diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortu zituztenei (Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa), legearen testuan zehazten denez delitu hori ez baitago salbuetsita. EFE berri agentziak iturri judizialak aipatuz kaleratu duenez, horren berri eman diote Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskalburuari.