JxC Junts Per Catalunyak pentsatzen du azken hilabeteetan PSOErekin negoziatutako amnistia legea ez dagoela behar bezain blindatuta, eta ez duela bermerik ematen jasota dagoen bezala aplikatua izan dadin, aintzat hartuta Espainiako judikaturaren jokabidea. Horregatik, lege proposamenaren aurka bozkatu dute JxC Junts Per Catalunyaren zazpi diputatuek gaur, argudiatuta testuak «hutsuneak» dituela eta hori «ezerezean» utz dezakeela «Espainiako justizia prebarikatzaileak». Miriam Nogueras diputatuak hala justifikatu du erabakia, Espainiako Kongresuan proposamena bozkatzeko egindako osoko bilkuran. Azpimarratu du, gainera, «selektiboa» dela, eta «integrala» izan behar duela, «atzean inor ez uzteko». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari kargua hartzeko modua eman zionean, JxCk ohartarazi zion eskatutakoak betetzen ez bazituen buruhausteak sortuko zizkiola, eta dekretu batzuk onartzeko duela hiru asteko saioan argi ikusi zen hori; bada, gaur, are argiago.
171 diputatuk bozkatu dute alde, eta 179k kontra. Beraz, lege proposamena atzera botata, ez dute Senatura bidaliko, eta testua behe ganberako justizia batzordera itzuliko da. Espainiako hainbat hedabidek iturri parlamentarioak aipatuz argitaratu dutenez, diputatuek hilabete inguruko epea edukiko dute onartu ez diren zuzenketak gainbegiratzeko edo beste batzuk plazaratzeko; dena den, Kongresuko Mahaiak epea murriztu dezake, tramite hori urgentziazkotzat jotzen badu. Hori bai, epea pasatu, Kongresura eraman eta atzera baztertzen baldin badute, testua berriro osatu behar lukete hasieratik.
ERC Esquerra Republicana ez dago ados, eta, bozketa egin aurretik, Pilar Valluguera diputatuak eskatu dio Noguerasi «aukera» ez galtzeko, legea «aski sendoa» baita ez aritzeko hori aldatzen «argi eta garbi prebarikatzen duten epaileen ikerketak» gorabehera. Pere Aragones Generalitateko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren liderrak ere testua defendatu dute. Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak, bozketaren ondoren, esan du «ulertezina» dela JxCren erabakia, iritzita legea «akatsik gabea» dela. Hura izan da, hain zuzen, PSOEren negoziatzaileetako bat, eta testuaren «konstituzionaltasuna» aldarrikatu du.
Kongresuak, hasteko, JxCk testuari egin nahi zizkion zuzenketak baztertu ditu. Kataluniako bi indar subiranista nagusiek «terrorismo» delitua testutik ezabatzea dute asmo. JxCk, era berean, berme gehiago nahi ditu bai jazarpen judizialekokasuetarako, bai legearen aplikaziorako, Espainiako Estatuko auzitegiek EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegian arauaren egokitasunari buruz galdetzeak ez ditzan atzeratu legea ezartzearen lehen ondorioetako batzuk; esaterako, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohi (2016-2017) eta JxCko liderra Belgikako erbestetik Kataluniara itzultzea. Hori batetik. Bestetik, goi traizioaren delitua ere amnistia legean sartu nahi du.
JxC ezezkoan zegoen azken orduetan, eta esandakoa bete du. Zuzendaritzak batzar bat egin du gaur goizean, eta ondoren ohar batean ohartarazi du lege proposamenari egin nahi dizkion zuzenketak onartuak izan ezean «ezin» izango zuela alde bozkatu. Convergencia desegin ondoren sortutako alderdiari iruditzen zaio Kataluniako prozesu subiranistaren harira prozedura judizial batean dauden guztiak barruan hartuko lituzkeela legeak, proposatzen dituen aldaketekin.
«Amnistia lege selektibo eta aurrez grabatutako bat egitea ez da sinatu genuena».
MIRIAM NOGUERASJxCren diputatua
Uste hori indartu egin da JxCkoen artean, ikusita nola jokatu duten bi epailek azkeneko astean. JxCk eta ERCk bultzatuta, joan den asteartean adostu zuten, Kongresuko justizia batzordean, lege proposamenean jasotzea «giza eskubideen urraketa larririk eragin ez duten terrorismo delituak». CC Koalizio Kanariarra izan ezik, inbestidura blokeko gainontzeko alderdiak alde agertu ziren; hau da, PSOE, Sumar, Podemos, EH Bildu, EA eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarra.
Epaileen jarduna
Modu horretan, are gehiago babestu nahi dituzte «terrorismoa» leporatuta Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko magistratuak ikerketapean dituenak. Epaile horri iruditzen zaio badagoela modua delitu hori egozteko Tsunami Demokratikoko dozena bat kide ingururi eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako beste horrenbesteri, buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiak 2019ko udazkenean eragin zituen protestengatik; baita Puigdemonti eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere, mugimendu horien sustatzaile gisa. Aintzat hartu behar da, gainera, epaileak biktimatzat hartu duela sententziaren kontrako protesta batean Bartzelonako El Prat aireportuan bihotzekoak jota hil zen turista frantziar bat. Atzo bertan iragarri zuen beste sei hilabetez luzatuko duela auzi horren instrukzioa.
PSOE bera ez dago eroso zenbait epaileren jarrerarekin, eta, zenbait hedabidek alderdiko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, amnistia legearen tramitazioa oztopatzea dute helburu judikaturako sektore batzuek. Gerard Pisarello Sumarreko diputatuak «prebarikatzaile bat bezala» jokatzea aurpegiratu dio Garcia Castelloni gaur, Kongresuko osoko bilkuran.
Gainera, Bartzelonako instrukzioko lehen epaitegiko epaile Joaquin Aguirrek ere sei hilabetez luzatu du Voloh auzia deitutakoaren instrukzioa. Hain justu atzo eman zuen horren berri Aguirrek, amnistia legea Kongresuan bozkatua izan bezperan, auto baten bidez. Epaile horrek dioenez, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bueltan, Errusiako Gobernuaren «babes ekonomiko eta militarra» bilatu zuen Generalitateak. Orduan, Aguirrek atea ireki du Puigdemonti «goi traizioaren» delitua egozteko; amnistia legearen atalek, hain zuzen, ez dute jasotzen delitu hori.
ERCrekin eta JxCrekin bizpahiru hilabetez negoziatu ondoren, PSOEk joan den azaroaren 13an erregistratu zuen amnistiaren testua. Eta, jatorrizkoarekin alderatuta, aldaketa nagusietako bat izan da «terrorismo» delituak egin dituztenak ere amnistiatzea jaso duela testuak, «giza eskubideen urraketa larririk» ez badago —delitutzat zer har daitekeen erabakitzeko, oinarritzat hartzekoak dira Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 2. eta 3. artikuluak—. Gainera, lege proposamenaren aurreko bertsioan amnistia aplikatzen zieten artean «terrorismoagatik» ikerketapean zeudenei; ez, ordea, delitu hori egotzita epai irmoa ezarri dietenei. Aldaketekin, baina, testutik kendu zuten epai irmoari egindako erreferentzia.