Amnesty Internationalen iritziz, Valentziako Generalitateak bizitzarako eskubidea urratu zuen

Duela sei hilabete 227 lagun hil ziren Valentzian denborale baten ondorioz. GKEak salatu duenez, erantzun instituzional «arduragabearen» ondorioz modu «larrian» urratu ziren giza eskubideak.

Valentziako Generalitateak hondamendian izan zuen jarrera salatzeko manifestazioa, martxoan, Valentzian (Herrialde Katalanak). ANA ESCOBAR / EFE
Valentziako Generalitateak hondamendian izan zuen jarrera salatzeko manifestazioa, martxoan, Valentzian (Herrialde Katalanak). ANA ESCOBAR / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 10a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraleak gogor jo zuen Mediterraneo mendebaldea orain dela sei hilabete. Iragan urriaren 29an, Valentzian izan den hondamendirik handiena hasi zen: guztira 227 lagun hil ziren Herrialde Katalanetako probintzia horretan. Urte erdi igaroko den honetan, AI Amnesty Internationalek Valentziako Generalitateak izandako jarrera salatu du. GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Valentziako agintariek herritarren bizitzarako eskubidea urratu dute hondamendian bertan eta ondorengo egunetan.

Alarma hori entzuten dut amesgaiztoetan txostena aurkeztu du AIk gaur; eta, bertan, salatu du erantzun instituzionala «arduragabea» izan zela, eta horrek giza eskubideen urraketa «larria» eragin zuela, besteak beste. Bereziki bi alorretan jarri du arreta txostenak: alde batetik, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubideak; eta, bestetik, informazioa jasotzeko eskubidea. Txostenaren egileen arabera, Carlos Mazon presidente duen gobernuak «milaka» herritarren biziak arriskuan jarri zituen «era eskuragarrian informazio egokia eta beharrezkoa» ez zuelako eskaini. Izan ere, informazio horrek «hondamendiaren ondorioak eragotzi edo gutxituko» zituela nabarmendu du AIk.

Uholdeek kalterik handienak egin zituzten herrietako bizilagunek hondamendiaren lehen egunetik salatu dute denboralearen inguruko ohartarazpena «beranduegi» heldu zela; eta AIk bide beretik jo du: «Gehienak jada arrisku larrian zeudenean jaso zuten herritarrek alerta, saihestu zitekeen hondamendi baten aurrean babesgabe geldituta». Hondamendiak bereziki kalte egin zien herrietako udalak eta herritarrak elkarrizketatu ditu AIk txostena egiteko, eta haien zenbait bizipen txertatu ditu. Horien artean dago Alfafar herriko Jose Manuelena. «Alarma sakelakora heldu zitzaidanean semaforo baten gainean nengoen», adierazi du gizonak. Guztira sei ordu egin zituen semaforo horren gainean, denboralea baretu zen arte.

Horiek horrela, agintariek zenbait lege urratu zituztela jakinarazi du giza eskubideen aldeko erakundeak. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, estatuen betebeharren artean dago herritarrei hilgarria izan daitekeen edozein larrialdiren berri «behar bezala» ematea. Kaltetutako udalek AIren txostenean salatu dutenez, ia ez zuten informaziorik jaso. GKEaren arabera, udalek informaziorik ez jasotzeak agintarien «utzikeria» azaleratu zuen.

GKEak ondorioztatu du, bestalde, uholdeen osteko egunetan zabaldu ziren gezurrek egoera are gehiago gaiztotu zutela. Hori dela eta, agintariei gomendatu die «informazio sistema fidagarri, azkar eta zehatz bat» sortzeko, hondamendietan herritarrek eta kaltetutako udalek bertara jo dezaten. «Horrelako egoeretan, agintariek ahaleginak areagotu behar dituzte frogetan oinarritutako informazio fidagarria zabaltzeko. Informazio horrek herritarrak babesteko eta larrialdiari aurre egiteko hartzen ari diren neurriei buruzkoa ere izan behar du. Hori funtsezkoa da informazio faltsua indargabetzeko», adierazi du Esteban Beltran Espainiako adarreko Amnesty Internationaleko zuzendariak.

Erantzukizun partekatua

Hildakoen kopuruak gora egin ahala, Espainiako Gobernuak eta Valentziako Generalitateak elkarri egotzi zioten gertatutakoaren erantzukizuna, kudeaketan izan beharreko parte hartzeari izkin eginez. AIk txostenean argudiatu duenez, bai Madrilek eta bai Valentziak izan zuten gertatutakoaren erantzukizuna, ez batak eta ez besteak ez zutelako behar bezala erantzun.

«Zalantza izpirik gabe», larrialdearen kudeaketa Valentziako Generalitatearena zela iritzi dio AIk; eta, beraz, haren betebeharra zen herritarrak babestea. Baina, aurreneko orduetan hori egiten ez zuela ikusita, Madrilek pauso bat eman eta larrialdearen kudeaketa bere gain hartu behar zuen; hori baimentzen baitio Babes Zibileko Espainiako Sistemaren Legeak. Valentziako Gobernuak hori egiteko eskatu behar dio Madrili hala jarduteko, Espainiako Gobernuaren arabera. AIk iritzi dio, ordea, legeak bide ematen diola Madrili jarduteko, inork aurretik eskatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.