Amildegi bat Moskutik Tbilisira

Bihar bost urte dira Errusiak Kaukasoz bestaldera tropak bidali zituela, gauez, Georgiako armada Hego Osetiatik uxatzera. Tbilisiren eta Moskuren arteko harremana oraindik ez da goxatu.

Amildegi bat Moskutik Tbilisira.
Samara Velte.
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Erabat partitu gabeko pastela osatzen dute oraindik Kaukasoko herrialdeek. Batzuk indarrez bereizi zituztelako, besteak nahi ez zutenarekin elkartzera behartu zituztelako: SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin ondoko lurralde gatazkek hari luzea dute oraindik. Hego Osetia da tirabiren erdian dauden lurraldeetako bat: legez Georgiaren menpe, de facto independente, eta bokazioz Errusiara begira bizi dira bertako herritar gehienak, Moskuk emandako autonomian bizi diren Iparraldeko osetiarrekin elkartu nahi baitute. Tbilisiren eta Moskuren arteko harremanaren zauri sentiberenetakoa da; batez ere 2008tik, Errusiak Georgiari Hego Osetia militarki hartzea eragotzi zionetik.

Dmitri Medvedevek hiru hilabete eskas zeramatzan orduan Errusiako presidente karguan. Bost urte geroago Errusiako hedabide bati aitortu dionez, «bizitzako erabakirik zailena» izan zen tropak Hego Osetiara bidaltzea. Orduko argumentuari eutsi dio: Errusiako herritarrak babesteko egin zutela.

Moskuren apopiloa

SESB desegin zenean, Georgiaren menpe gelditu zen Hego Osetia. Txarra zen bien arteko harremana: Georgiak abiatutako politika zentralistei uko egiten zieten osetiarrek, eta laster erabaki zuten Tbilisik antolatutako hauteskundeei boikota egin eta euren administrazioak sortzea. Ordutik, gutxi-asko independenteki funtzionatu dute, Errusiaren babesean: Mosku arduratu da Tbilisi mugaz harago mantentzen—1992ko gerran bakea sinarazi zion—, Hegoaldeko osetiar gehienei Errusiako naziotasuna eman die eta eskualdeko hornitzaile nagusi bihurtu da kontrabandoko produktuen bidez.

2004an Mikhail Saakaxvilik eskuratu zuen Georgiako presidentetza, besteak beste, lurralde independenteak —Hego Osetia eta Abkhazia, Saakaxvilirentzat «Errusiak okupatutako lurraldeak»— berreskuratzeko promesaz. Hortik aurrera, tentsioa hazten hasi zen berriz. Tbilisik imintzio bat baino gehiago egin zuen Hego Osetia indarrez hartzeko, eta 2008ko abuztuaren 6ko gauean tropak bidali zituen hara. Hurrengo egunean erasoari ekin zion, «errusiarren okupazioa» aitzakiatzat hartuta.

«Gelditu egingo zirela espero izan nuen azken unera arte», ekarri du gogora Medvedevek. «Baina goizeko ordu bata aldera argi geratu zen hura ez zela probokazio bat, benetako erasoa baizik. Hego Osetiako egoera indarrez irauli eta gobernua eraitsi nahi zuten».

Bost egunen buruan, Tbilisik atzera egin behar izan zuen. «Ziurrenik, Saakaxvilik ez zuen espero Errusiak gatazkan esku hartuko zuenik: hartara, Georgiako tropek aise hartuko zuten Tshkinvali [Hego Osetiako hiriburua], euren ustez 'ordena konstituzionala' dena berrezarrita». Mendebaldearen babesak harrotuta, arinkeriaz jokatzea egotzi dio Medvedevek Saakaxviliri: «AEBek eta beste zenbait herrialdek ekonomikoki ere babestu zuten. Georgiaren defentsako aurrekontua mila milioi dolar inguru zen 2008an [755 milioi euro inguru], 2002an baino 50 aldiz handiagoa». Georgia NATOn sartzeko itxaron zerrendan ere bazegoen: «Horrek ezin zaurituzko bihurtuko balu bezala jokatzen zuen, NATOren defentsa printzipioak berari ere eragingo balio bezala».

Moskuk, ordea, ez zituen tropak Hego Osetian soilik hedatu: mugako Georgiako herri batzuk ere hartu zituen, eta Abkhazian ere sartu zen. «Gerra gerra da», esan du Medvedevek. «Eta gerran etsaiaren helburu militarrak deuseztatu behar dituzu. Leku horiei eraso eginda, kalte egin ziezaieketen Hego Osetiako eta Abkhaziako herritar errusiarrei». Amnesty Internationalen arabera, denera 24.000 osetiarrek eta 15.000 georgiarrek egin zuten ihes: osetiarrek iparraldera jo zuten, Errusiaren menpeko lurraldera; georgiarrek Tbilisiren administraziopeko lurraldeetan bilatu zuten babesa.

Nazioartean, aitorpenik ez

Moskuk urriaren 8an erretiratu zituen tropak, Europako Batasunak bultzatutako su-etenaren ostean. Handik urtebetera, Kremlinek ofizialki onartu zuen Hego Osetiaren independentzia. Nazioartean, soilik Nikaraguak jarraitu zion; beste zenbait herrialdek babesa adierazi zioten, baina, oro har, Mendebaldeak Georgia babesten jarraitu zuen. Errusiaren esku hartzea bidegabeki gaitzetsi zutela uste du Medvedevek: «Errusia jo zuten erasotzailetzat, eta denbora igaro ostean baino ez dute onartu Errusiak gogor jokatu zuela baina justifikatutako erantzuna izan zela».

Hego Osetiako gatazkan txinparta sortzea egotzi die Medvedevek AEBei: «Mendebaldeko kideek, batzuetan, zezen batek eltze denda batean bezala jokatzen dute: ahal duten moduan sartzen dira, dena puskatzen dute eta gero ez dakite zer egin». Ekialde Hurbileko gatazketan gauza bera egin du: «Zintzoak izanda: zer mesede egin dio udaberri arabiarrak mundu arabiarrari? Askatasuna ekarri al du? Zertxobait, kasu onenean. Herrialde gehienetan amaigabeko odol jarioa utzi du, erregimen aldaketa eta etenik gabeko istiluak».

Moskuren eta Tbilisiren arteko harreman diplomatikoak etenda egon dira luzaroan. Dena den, Saakaxviliren alderdiak galdu egin zituen iazko hauteskunde parlamentarioak, eta Errusiarekin harremanak normalizatzearen aldeko oposizioko alderdia ari da orain indarra hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.