Denbora geratu egin da Antiokia hiri zaharreko Gumusgoze auzoan, Turkiako hego-ekialdean. Auzoko kaleetan eta eraikin eta plazen arrastoetan, oraindik ere begi hutsez ikusten da iazko otsailean eskualde horretan izandako lurrikarek ekarritako hondamendia. Lurrikarek 7,7ko eta 7,5eko indarra izan zuten: 53.000 pertsona hil ziren, eta 1,5 milioi etxerik gabe geratu. Kalteak jasandako gehienek herrialdeko beste probintzia batzuetara alde egin zuten, baina asko bueltatu egin dira, ez baitzuten lortzen bizimodu berrira egokitzea, edo faltan sumatzen baitzuten herria. Hiriaren erdialdea guztiz suntsitu zuen lurrikarak, eta han izan ohi zen zalapartak lekua utzi die orain etxe prefabrikatuz osatutako hirigune txikiei. Haietan, nola edo hala sortu dituzte banku sukurtsalak, okindegiak eta tea hartzeko saltokiak.
«Lehen, eramateko janaria saltzen nuen, baina nire lokala txikituta geratu zen, eraikin osoa gainera etorrita. Gure etxeak ere kalte handiak izan zituen, eta eraitsi egin dute», azaldu du Antiokiako herritar batek, Onur Guzelek. «Ezin izan dut lokala berreskuratu; izan ere, etxea berriz altxatzeko ari gara erabiltzen diru guztia. Orain, argiketari lanak egiten dizkiet bizilagunei. Emazteak, alabek eta nik bizirik iraun genuen. Beste batzuek baino zorte hobea izan dugu, baina ez gara zorioneko sentitzen», esan du, atsekabez.
Hondeamakinak oraindik ere ari dira eraikin kaltetuen parte batzuk kentzen Gumusgoze auzoan. Bizilagun batzuk kanpadendetan bizi dira beren etxeko patioan, uste baitute hor seguruago daudela hiriaren kanpoaldeko etxe prefabrikatuetan baino. Hauts hodei batek hartua du auzo osoa: eraikin kaltetuetatik ateratzen da, eta kanpadenden, etxe prefabrikatuen eta autoen gainean pilatu. Behar larrienek, hala nola etxe faltak, eskola suntsituek eta traumaren ondorio psikologikoek bigarren mailan utzi dute beste arazo bat, luzera begira askoz hilgarriagoa izan daitekeena lurrikara baino: airean amiantoa dagoela.
«Badira hilabeteak substantzia kimikoekin zerikusia duten gaixotasunak ikusten ari garela; esaterako, azaleko infekzioak, alergia larriak, asma, eta azkar okerrera egiten duten gaixotasun kardiobaskularrak».
ALI KANATLITurkiako Mediku Elkartearen ordezkaria
Duela dozenaka urte, mineral hori material isolatzaile gisa erabiltzen zuten azulejuak, sabaiak eta paretak egiteko. Haren zuntzak ez dira ikusten airean daudenean, baina oso toxikoak dira, eta minbizia eragin dezakete, baita arnas aparatuko gaixotasun mota batzuk ere. «Amiantoa eta beste substantzia kimiko batzuk daude airean, eta oso kaltegarriak dira osasunerako. Probintzia hauetako biztanleek urtebete daramate amiantoa eta hautsa arnasten. Hautsa bera ere, asko badago, kaltegarria da», azaldu du Ali Kanatlik, Turkiako Mediku Elkarteak lurrikara izan zen eremuan duen ordezkaritzako buruak. «Badira hilabeteak material horiekin zerikusia duten gaixotasunak ikusten ari garela; esaterako, azaleko infekzioak, alergia larriak, asma, eta azkar okerrera egiten duten gaixotasun kardiobaskularrak», kontatu du. Kanatliren ustez, luzera begira baliteke hiru milioi lagunek jasatea amiantoa arnastearen ondorioak.
Turkiak 2010ean debekatu zuen mineral hori erabiltzea, baina oraindik ere badago eraikin askotan. Eraikin bat ohiko moduan eraisten denean, lehenik material kutsagarriak kendu eta bereizten dira, eta gero gainerako hondakinak. Lurrikararen ondorioz eraikin ugari kaltetu zirenez, ordea, hondakinak presaka kendu behar izan dituzte. «Lurrikararen eremuan ibili diren pertsona eta animalia guzti-guztiak egon dira amiantoaren eraginpean. Hala erakutsi dute eremu kaltetuko zenbait tokitan egindako analisiek», esan du Asli Odmanek; hirigilea eta akademikoa da, eta lurrikararen eremura joan da, osasunerako kaltegarriak diren substantzia kimikoak ikertzera.
«Kutsaduratik aldendutako gune bat sortu beharko litzateke herritarrentzat. Ez dute halakorik egin. Eraikinak eraisterakoan bete beharreko prozedura ere ez dute betetzen. Ez dute urik botatzen inguruan hauts gutxiago egon dadin», adierazi du Odmanek.
Bertsio aldaketa
Hasieran, gobernuak ziurtatu ere egin zuen airean ez zegoela osasunerako kaltegarria den substantzia kimikorik. «Gure ikerketak erakutsi du ez dagoela amiantorik airean. Lurrikararen eremuko herritarrak lasai egon daitezela, kontu handiz ari baikara lanean amiantoarekin», esan zuen iazko apirilean orduko Ingurumen ministroak, Mehmet Emin Biniparrek. Handik hiru hilabetera, parlamenturako hauteskundeak pasatuta —Recep Tayyip Erdoganek karguan segitzea lortu zuen, eta gehiengoa bildu parlamentuan—, gobernuak aitortu zuen bazegoela amiantorik eskualdean.
Ingurumeneko eta hirigintzako 70 erakundek baino gehiagok gutun bat bidali diote gobernuari, eta eskatu motel ditzala eraiste lanak, prozedura hobetzeko. Gainera, zenbait hirigilek diote hondakinak pilatuta dauzkatela eskualdeko hiri batzuetan.
Hatay probintzian, lurrikarak kalterik handiena eragin zuen eremuetako batean, hondakinak aldi baterako biltzeko hemeretzi gune aurkitu dituzte gutxienez, eta berrehun futbol zelaik adinako tokia hartzen dute. Zabortegi inprobisatu horietako gutxienez bost bizitegi guneen edo nekazaritza lurren ondoan daude.