Giza trafikoa

Ametsa hiltzen den tokia

Milaka pertsona ahalegintzen dira urtero Afrikako herrialde txiroenetatik Saudi Arabiara sartzen. Horietatik asko giza trafikatzaileen hatzaparretan erortzen dira, zeinak diru iturri modura erabiltzen dituzten.

Urtero milaka lagun ahalegintzen dira Saudi Arabiako muga ezkutuan igarotzen. MSF
Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2013ko urriaren 20a
14:40
Entzun

Afrikako paperik gabeko milaka etorkin, horietako gehienak Etiopiakoak, baldintza kaxkarretan gatibu dituzte Yemenen. Asko eta asko euren herritik Saudi Arabiarako, Qatarrerako edo Arabiar Emirerrietarako bidean bahitu, torturatu eta bortxatu egin dituzte pertsonen trafikoan dihardutenek. Tortura zentro horietatik ihes egitea lortzen dutenentzat, ordea, etxera itzultzea da aukera bakarra. Baina itzultzen den etorkin bakoitzeko, beste hainbat erortzen dira giza trafikatzaileen sareetan.

Egoera bereziki txarra da Haradhen, Yemengo ipar-ekialdearekin muga egiten duen Saudi Arabiako herrian. Bertan, 25.000 etorkin inguru daude, IOM Migraziorako Mundu Erakundearen arabera, elikadura eta osasun baldintza oso txarretan, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, aurtengo lehen hilabeteetan Afrikako 46.000 lagun gehiagok eskatu dute babesa.

Horrela hiltzen da etorkin horien ametsa. Txalupetan sartzen dira, urez Saudi Arabiara edo Pertsiar Golkoko beste estatuetara iristen saiatzeko; bizitza hobe baten zein aberastasunaren bila, muturreko pobreziari eta langabeziari alde egin nahi diote. Gehienek Etiopiako mendiak zeharkatuz Djibutira jotzen dute, eta trafikatzaileei ordainduta Itsaso Gorria zeharkatzen dute Yemenera iritsi eta handik Saudi Arabiara sartzeko. Beste batzuek Somaliako kostaldetik Adengo Golkoa igarotzen dute Arabiar penintsulara joateko. Baina Saudi Arabiako Gobernuak aldatu egin du bere politika, eta horrek egonkortasunik eza eragin du. Ondorioz, etorkinak Saudi Arabian lehorreratu orduko atxilotu eta euren herrialdera itzularazten dituzte, edo basamortuan abandonatzen.

Kasu askotan, berriz, pertsonen trafikoan diharduten kontrabandistek eramaten dituzte
txalupaz Yemenera arte, eta hara iritsitakoan, hango talde kriminalen esku uzten dituzte. Haiek, orduan, torturatu egiten dituzte, familiek aske uzteko dirua ordaindu arte. Saririk lortu ezean, hilik edo hilzorian uzten dituzte edozein bazterretan.

"Sare hauek ondo antolatuta daude. Etekin handiko negozioa da, eta sakelakoek eta Internet bidezko transferentziek erraztu egin dute. Soilik pobreenak uzten dituzte alde batera, baina haiek ere torturatu ostean", azaldu du Chris Horwoodek, Mixed Migration erakundeko buruak. Joan den apirilean soilik tortura zentro horietan bahituta zeuden 2.000 etorkin askatu zituzten Yemengo segurtasun indarrek. Afrikako adarretik arabiar estatu aberatsetara sartzen ahalegintzen direnen kopurua, ordea, hirukoiztu egin da azken urteetan. 

Abandonatuta

Efta giza trafikatzaile talde batek bahitu zuen Yemenera iritsi zenean, 17 urte zituela, eta buruan pistola bat jarrita eraman zuten buztinazko etxe batera: "Han, beste neska batzuk torturatu zituzten nire aurrean. Kolpatu eta pistolarekin bortxatu gintuzten. Izuak hartua nengoen". Bi hilabetez eduki zuten bahituta, eta ohartu zirenean inork ez zuela haren erreskatea ordainduko, kalean utzi zuten. Oraindik ere traumatizatua dago: "Emakumeak bortxatu eta gizonak erre egiten dituzte. Hezurrak hausten dizkiete, eta begiak ateratzen".

Hafton Ekarrek 23 urte ditu, eta beste lagun btzuekin batera heldu zen Etiopiatik Yemenera. Saudi Arabiara zihoan, lana aurkitu eta familia diruz laguntzeko asmotan. Baina bahitu egin zuten. Aitari 300 dolar eskatu zizkioten hura askatzearen truke, baina, behin ordainduta, bahitzaileek giza trafikatzaileen esku utzi zuten. Haiek 250 dolar gehiago eskatu zizkioten familiari, baina diru gehiagorik ez,  eta bahitzaileek bortizki torturatu zuten. "Larri zauritu ninduten. Orain ezin naiz nire kabuz mugitu, ezta komunera joan ere", dio. Ihes egitea lortu zuenean, lagunek eraman behar izan zuten. Egun Haradheko etorkinentzako zentroan dago.

Asko dira torturen ondorioz hil direnak ere. Haradheko ehorztetxeko langilea da Saleh Sabri: "Batzuek beren buruaz beste egiten dute mugan. Beste batzuk hil arte jipoitzen dituzte", kontatu du, "guztiak arrazoi ez-naturalengatik hiltzen dira". Ehorztetxeak ez du gobernuaren laguntzarik, eta horrek eragin egiten dio Sabriren lanari: "Hildakoak pilatu egiten zaizkit gorputegian, eta leku gutxi daukat guztiak sartzeko". Baina erantzule sentitzen du bere burua: "Gorputegiaz kezkatzen naiz, norbaitek kargu egin behar du gizagaixo hauen gorpuez".

Baliabiderik ez

Yemenek ez du baliabide nahikorik halako arazo bati aurre egiteko. Saudi Arabiak, bere aldetik, mugak itxi ditu, eta Yemengo Gobernuari pasabideak hobeto zaintzeko eskatu diote. Bitartean, bahitzaile eta torturatzaile taldeak ugarituz doaz, eta Haradh mendeetan arma trafikorako zein narkotrafikorako baliatu bada, gaur egun, horri pertsonen trafikoa gehitu behar zio. Bestetik, biktimek maiz salatu dutenez, hainbat soldadu ere badaude sare horietan.

UNHCRk Genevan duen bozeramaile Daniel MacIsaacen arabera, "gatazketatik, ezegonkortasun politikotik, giza eskubideen urraketetatik eta lehortetik ihes egiten dute etorkinek. Erabat etsita daude, eta segurtasuna, babesa eta aukera ekonomikoak bilatzen dituzte". 2013ko lehen seihilekoan Yemenera iritsitako etorkinen %84, 38.000 inguru, Etiopiakoak ziren; %16, 7.500en bueltan, Somaliakoak; eta gainerakoak Eritrea, Djibuti eta Sudango herritarrak ziren, UNHCRren datuen arabera.

Apirilean, Yemengo Gobernuak trafikatzaileek bahitutako etorkinak askatzeko kanpaina bat jarri zuen abian. Horren baitan segurtasun indarrek 2.000 etorkin inguru askatzea lortu zuten. Ordutik, 4.000 lagun baino gehiago aberriratu dituzte. Haradhen etorkinentzako zentroa eraiki zuen IOMek, torturen biktimak artatzeko. Misioko arduradunetako bat da Marco Chimentone: "Haradhen egunero areagotzen da berehalako giza laguntza behar dutenen kopurua. Guk bizitzak salbatzeko egiten dugun lanerako gehiegizko presioa da hori".

Apirilean askatutako horiek artatzeaz MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko kideak arduratu ziren, eta oso larri zeudenak Al-Mazraqeko erietxera bideratu zituzten. MSFren arabera, tortura eta gehiegikeria psikologiko, fisiko eta sexualen zantzuak zituzten gehienek. Zenbaitek azazkalak erauzita edo mihia moztuta zeuzkaten, eta beste zenbaitek jasotako jipoien arrastoak zituzten. Asko eta asko, berriz, gaixo zeuden, baldintza txarretan igarotako denboraren ondorioz. MSFko psikologo Angels Mairalen arabera, "fisikoki eta psikologikoki agortuta" zeuden, "eta trauma psikologikoak" zituzten jasandako tratuaren ondorioz.

Euren herrialdera itzultzeko hegaldietako bat hartu aurretik, asko Sanako etorkinentzako aldi baterako zentroan sartzen dituzte. Guneak 250 lagunentzako gaitasuna du berez, baina 750etik gora daude, ziega handietan preso. Beste batzuek, berriz, Etiopiak Yemenen duen enbaxadan hartu dute babesa.

Gero eta gehiago

Etxera itzultzea lortzen dutenek, nahiz asko sufrituak izan, bizimodu hobea bilatzen dute, eta ez zaie ametsik zapuzten. Migraziorako Mundu Erakundearen datuen arabera, iaz %100 hazi zen Etiopiatik Yemenera sartu zirenen kopurua, 2011ren aldean. "Larri gaude, eta egoerak ez du hobetzeko itxurarik. Ez dakigu nola lagundu Yemenera heltzen diren etorkinei. Agortuta iristen dira, eta batere baliabiderik gabe, behin eta berriz muga zeharkatzen ahalegindu ostean. Gehienek eskean bukatzen dute, Haradheko kaleetan, nora ezean. Ez dute izaten ez aterperik, ez osasun laguntzarik ez eta jatekorik ere", salatu du Tarek Daherrek, MSFk Yemenen duen misioko buruak.

"Somaliatik ere errefuxiatu asko etortzen dira, baina haiek Yemengo Gobernuaren babesa dute, herrialdeak errefuxiatuen nazioarteko ituna sinatu baitu. Bestelakoa da, ordea, Etiopiatik datozenek jasotzen duten tratua. Yemenen bertan egoera ekonomikoak okerrera egin du, batez ere Saudi Arabiak etorkinak hartzeko baldintzak zorroztu dituenetik; ondorioz, bertakoek etsaitzat dituzte kanpotarrak", azaldu du Nicoletta Giordanok, IOMko Yemenerako ordezkariak. Nazioarteko erakundeek eta giza laguntzarako taldeek egunero muga zeharkatzen ahalegintzen direnak artatzen jarraitzen dute, baina baliabideak amaitzen ari dira. IOMk berak 1,2 milioi eskatu dizkio nazioarteari etorkinentzako aterpeak eraikitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.