OME Osasunaren Mundu Erakundeak kaleratutako txosten baten arabera, 2023. urtean, 270.000 emakume hil ziren haurdunaldian edo erditzean. Horrenbestez, haurdunaldiak edo erditzeak eraginda, bi minututik behin emakume bat hil zen urte hartan. 2000. urtetik 2023. urtera jasotako datuei eta joerei buruzko txosten bat kaleratu du OMEk. Txosten horren arabera, egun amen heriotza tasa globala mende hasieratik %40 jaitsi den arren, OMEk adierazi du egungo datuak okertzeko kezka daukatela AEBek laguntza humanitarioan murrizketa gehiago egiten baditu. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak adierazi duenez, haurdunaldian edo erditzean hiltzeko arriskua «oraindik handia» da munduko leku batzuetan. Egun, 100.000 jaiotzako 197 emakume hiltzen dira, eta 2030ean tasa 71ra jaistea da OMEren helburua.
«Mundu osoan osasungintzan egindako murrizketek ez dute laguntzen heriotzak gutxitzen, bereziki herrialde xumeenetan. Munduak diru gehiago inbertitu behar du erizainetan, emaginetan eta osasun horniduretan»
CATHERINE RUSSELLUNICEFeko burua
Txostenaren arabera, heriotzen %70 (182.000 emakume) Sahararen hegoaldeko Afrikan izan ziren, eta %20 (43.000), Asia hegoaldean. Erakundeak adierazi duenez, desoreka «oso handia» da herrialde garatu eta azpigaratuen artean. Hildako emakume guztien erdiak Nigeriakoak, Indiakoak, Pakistangoak eta Kongoko Errepublika Demokratikokoak dira. Herrialde garatuetan 100.000 ametatik hamar hiltzen dira, eta azpigaratuetan, berriz, 346, txostenean azaltzen dutenez. Herrialde xumeenetan 66 emakumetatik batek du hiltzeko arriskua haurdunaldian edo erditzean, eta herrialde garatuetan, 8.000tik batek. Hiltzeko arriskua handiagoa da gatazkak dauden herrialdeetan; Txaden eta Afrika Erdiko Errepublikan, adibidez, erditzen duten 24 emakumetatik batek du hiltzeko arriskua; Nigerian, berriz, 25etik batek; Somalian, 30etik batek; eta Afganistanen, 40tik batek, besteak beste.
AEBen laguntzaren menpe
Azken 25 urteetan, Asia hegoaldean eta Europa ekialdean jaitsi da amen heriotza tasa gehien; bi eremuetan %70eko beherakada izan da. Gaur egun, Sahara hegoaldeko Afrikan hiltzen dira emakume gehien haurdunaldian edo erditzean, baina %40ko beherakada izan dute 2000. urteaz geroztik. Amen heriotza tasa urtero txikiagoa den arren, 2016tik aurrera beherakada moteldu egin da, eta herrialde batzuetakoa geldirik dago. OMEren ustez, herrialde azpigaratuek jasotzen dituzten laguntza humanitarioen murrizketen eraginez moteldu da heriotza tasaren beherakada. «Mundu osoan osasungintzan egindako murrizketek ez dute laguntzen heriotzak gutxitzen, bereziki herrialde xumeenetan. Munduak diru gehiago inbertitu behar du erizainetan, emaginetan eta osasun horniduretan», esan du Catherine Russell UNICEFeko buruak. Gaur egun, 60 herrialdek AEBen laguntzaren beharra dute ugaltze prozesuak bermatzeko.
Otsailaren 27an, AEBek jakinarazi zuten murriztu egingo zutela ugaltze prozesuetarako UNFPA Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsera bideratzen zuten laguntza humanitarioa; hain zuzen ere, 377 milioi dolar —344 milioi euro— murriztuko zutela zehaztu zuten. Martxoa erdialdean, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak adierazi zuen AEBen murrizketen eraginez ondorio «larriak» izaten ari zirela herrialde askotan, eta, besteak beste, laurehun langile kaleratu egin behar izan zituztela. Donald Trump AEBetako presidentearen gobernuak murrizketa gehiago egin ditu, eta egun, 770 milioi dolarretarainokoak —702 milioi euro— dira murrizketak. AEBek ez ezik, beste hainbat herrialdek, hala nola Erresuma Batuak, murrizketak iragarri dituzte datozen urteetarako.
Amen heriotzaren arrazoiak odoljarioak eta infekzioak izaten dira gehienetan. Erditzean sortzen diren zailtasunen artean, eklanpsia da emakumeek gehien pairatzen dutena. «Osasungintza ez da luxua; eskubidea da. Askotan, arazoak nola saihestu jakin arren, materialik gabe ezin da ezer egin», adierazi du Russellek.