Amazoniaren suntsitzeari aurre egiteko goi bilera bat hasiko dute gaur oihan tropikalaren eremuren baten jabe diren zortzi estatuetako agintariek. Helburu argi bat du bilkurak: Amazonia babesteko plan bat ontzea, eta hura prest izatea COP28 klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen biltzarrerako —azaroaren 30ean hasiko da, Dubain, Arabiar Emirerri Batuan—.
Goi bileran izango dira Amazoniako Elkarlan Itunaren Erakundeko estatu sinatzaileak: Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Peru, Surinam, Venezuela eta Brasil. Azken herrialde horrek hartuko du bilkura. Amazonas ibaiaren itsasadarretik hurbil dagoen Belem hirian elkartuko dira gobernuburuak eta ordezkariak, gaur eta bihar.
Brasilek aurreratu du akordio bat sustatuko duela Amazoniako ekosistemak babesteko, gizarte inklusioa handituko duen eta ingurumena errespetatuko duen garapen ekonomikoa bultzatzeko, eta herri indigenak eta horien bizimodua defendatzeko. Herrialdeko presidente Luiz Inacio da Silva Lula-k joan den astean iragarri zuenez, «dokumentu oso sendo bat» adostea espero du.
«Seriotasun handiko unea izango da», eta klimaren auzia «arduraz» eztabaidatzeko balioko du, haren iritziz. Ziurtatu du Brasilek bete egingo duela 2030 urterako deforestazioa eteteko hartua duen konpromisoa —helburu hori egin zuen COP26an, beste ehun estatu baino gehiagorekin batera—. Oihanaren deforestazioa geldiarazteko, Lulak ezinbestekotzat dauka Amazoniako estatuek «politika bateratuak» ezartzea.
Aberatsen ardura
Dena den, ardura ez da soilik oihana partekatzen duten herrialdeena, Brasilgo presidentearen ustez. Lulak aurreratu du goi bileran hizpide izango dituztela estatu aberatsek klima goi bileretan iragarri bai, baina betegabe utzi dituzten konpromisoak; bereziki, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko finantzaketari buruzkoak. «Zeinek bete ditu Kopenhageko edo Kyotoko akordioak? Inork ere ez».
Bilkuraren beste xedeetako bat Amazonian jarduten duten mafien kontrako neurriak adostea izan behar du, Lularen esanetan. Horietako gehienak aritzen dira harribitxiak, egurra, armak, drogak, animaliak edota pertsonak trafikatzen, baita lapurreta zientifikoan ere.
Kolonbiak, berriz, Amazoniako erregai fosilen ustiapenean jarri du arreta. Horiek bertan behera utzi behar direla nabarmendu zuen Ingurumen ministro Susana Muhamadek herenegun. «Plan mailakatu eta adostu bat» proposatu zuen. «Mezu oso indartsua bidaliko luke iparraldera», haren ustez. Muhamaden esanetan, Amazoniako «megaproiektu» energetikoek «zatiketa ekologikoa eta biodibertsitate galera» eragiten dute, eta, «batez ere, [tokiko] komunitateekiko gatazkak».
Kolonbiako Presidente Gustavo Petrok erregai fosilen ustiaketa guztiak geldiaraztera deitu zuen Lula, bi gobernuburuek goi bilera prestatzeko uztailaren hasieran egin zuten bileran. Brasil Petrobras petrolio enpresaren ustiapen eskari bat aztertzen ari da. Herrialdeko Ingurumen Institutuak atzera bota zuen eskaria, baina enpresak helegitea aurkeztu du, eta argitzeko dago azken erabakia. Lularen gobernuak adierazi du eskari horren gaineko erabakia «teknikoa» izango dela.
Amazoniaren suntsitzeari aurre egiteko goi bilera hasiko dute gaur Brasilen
Oihan tropikaleko eremuren baten jabe diren zortzi estatuek hartuko dute parte. Lulak espero du «dokumentu oso sendo bat» adostea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu