Amazigen pizkunde zaila

Tunisiako amazigen identitatea eta kultura berpiztu nahi duten erakundeak ugaritu egin dira 2011z geroztik, baina salatzen dute estatuak baztertu egiten dituela oraindik.

Tunisia hegoaldeko Xenini herriaren aztarnak. Amazigak ziren hango biztanleak, eta hirietara jo zuten baliabide ekonomiko faltagatik. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ghaki Jallul ATCA Kultura Amazigaren Tunisiako Elkarteko presidentea da. Kafetegi batean egin nahi izan du elkarrizketa, erakundearen egoitzan egin beharrean. «Orain ez dugu bulegorik Tunisian. Itxi egin behar izan dugu. Alokairua garestiegia zen, eta ez daukagu behar adina funtsik», esan du, barkamen gisa. Eta, bulegoa itxita, amazig hizkuntza irakasteko klaseak ere desagertu dira. Tunisian hizkuntza eta identitate amaziga defendatzen duen elkarte nagusiak hiriburuan lokal bat ordaindu ezin izatea metafora argi bat da erakusten duena gutxiengo horrek zer-nolako zailtasunak dituen Magrebeko herrialde horretan garatzeko.

Gaur egun amazigeraz mintzatzen diren tunisiarren kopurua gai eztabaidagarria da, ez baitago estatistika ofizialik. Ekintzaile batzuek diote 500.000 baino gehiago direla, eta beste kalkulu batzuek 200.000ra jaisten dute kopurua; hau da, Tunisiako 11,5 milioi biztanleen %2 eta %4 artean. Gehienek hegoaldeko hogei bat herritan dute jatorria, Matmata eta Tatauin probintzietan, baita Djerba uhartean ere. Hiztun asko hiriburuaren gune metropolitanoan bizi da gaur egun, hegoaldeko lurralde azpigaratuetan landa guneko exodo handi bat gertatu baitzen, eta herri batzuk hutsik gelditu dira.

Diru laguntzetan azkenak

Zine el-Abidine Ben Ali agintetik kendu zuen matxinadaren ondoren (2011) amazigen auziak izan duen aldaketa nagusiaren adierazle da ATCAren antzeko dozena bat elkarte kultural daudela. Lehen debekatua eta gogor zigortuta zegoen amazigen erakundeak sortzea, baita oposizioko edozein alderdi edota komunikabide ere. 2011z geroztik, Tunisia da Udaberri Arabiar esan zitzaien erreboltak ezagutu zituen herrialdeetan bakarra trantsizio demokratiko bat egin duena estatu kolperik edo gerra zibilik jasan gabe.

Hala ere, ekintzaile amazigek ez dute oso ebaluazio positiboa egiten aldaketa horri buruz, eta ez diote «iraultza» deitu nahi.ATCAkoek uste dute soilik balio izan duela aniztasun kulturalarekin erasokorra den klase politiko islamista bat boterera eramateko. Identitate amazigaren aurkako bazterkeria politikak lehengoan jarraitu du. «Estatuak guztiz baztertuta gauzka», salatu du Jallulek. «Ez du inporta zenbatetan saiatzen garen diru laguntzetarako eskaerak aurkezteko lehenbizikoak izaten: ez digute inoiz ezer ematen». Jallulek 63 urte ditu, eta erretiroa hartutako funtzionario bat da.

2014ko konstituzio demokratikoaren lehenengo artikuluaren arabera, arabiera da Tunisiako hizkuntza. Amaziga ez dago eskoletan, ez du inolako tokirik komunikabideetan, eta, gainera, oraindik indarrean dago jaioberriei izen arabiarrak jartzera behartzen duen dekretu bat. Hizkuntza eta haren alfabeto berezia ikasteko modu bakarra erakunde kultural pribatuen eskolak dira, militante sakrifikatuek ematen dituztenak.

Joan den maiatzaz geroztik, ordea, amazigen kausak tresna berri bat du estatuak eskubideak onartzea lortzeko: alderdi politiko bat. Akal izena du, eta lurra esan nahi du amazigeraz. Hainbat ikaslek, ekintzailek eta ikertzailek ondorioztatu zuten amazigen kultura berreskuratzeko ez zela nahikoa gobernuz kanpoko erakundeen lana. Eredu horrek ibilbidea agortu zuen, eta horregatik jaio zen alderdi politikoa. Samir Nefzi Akalen presidentearen arabera, alderdiak inspirazio iturri izan ditu beste herrialdeetako alderdi amazigak, «Aljerian dagoenaren antzekoak».

Eztabaida komunitatean

Hala ere, proiektuak eztabaida sortu du amazigen artean. Tamezret elkarte kulturaleko presidente Karima Azzuzen iritziz, «ekinbide interesgarria» da Akalena. «Ikuspuntu berriak behar dira gure kultura sustatzeko». ATCAkoek, ordea, ezberdin ikusten dute. «Egoera ez dago alderdi politiko bat sortzeko bezain garatuta», uste du Jallulek. «Kontzientziazio lan asko egin behar da aurretik. Porrotera zuzenduta dagoen proiektu bat da, eta kalte egingo dio gure kausari». ATCAko beste kide bat, Kahn izenekoa, ados dago presidentearekin: «Alderdia sei pertsonak sortu dute, eta gehienak Mendebaldean bizi diren amazigen diasporakoak dira. Gurekin koordinatu behar zuketen, Tunisian bertan gaudenokin eta egoera hobeki ezagutzen dugunokin».

Nefzi, Akaleko presidentea, 41 urteko legelari bat da. Komunikabide batzuek argitaratu dute alderdiak tunisiarrak banatuko dituela, eta irmo ukatu nahi izan du hori. «Tunisiarrak beti egon gara banatuta ideologikoki: laikoak, islamistak, komunistak, liberalak...». Akalek suzko proba udazkenean pasatuko du, legebiltzarrerako hauteskundeetan. Haren emaitzak balioko du jakiteko zer-nolako babesa duen komunitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.