Malvinetako gerra 1982-2022. Lourdes Herrasti. Osteoarkeologoa

«Amari idatzitako gutunak aurkitu genituen gorpu batzuetan»

Gorpuak desobiratzen eta DNA laginak hartzen 2017ko udan Malvinetan aritu zirenetako bat da Herrasti. Objektuaren eta pertsonaren arteko «konexio emozionala» aldarrikatzen du.

BERRIA.
Jon Artano
Buenos Aires
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Malvinetako Darwin hilerrian zeutzan soldadu argentinar anonimoen identifikazioa zen helburua. Urteetako negoziazio diplomatikoa behar izan zuten Londresek eta Buenos Airesek Gurutze Gorriak gidatutako talde bat sortzea adosteko. Hamalau lagun guztira: argentinarrak, britainiarrak eta, bitartekari modura, Aranzadiko hainbat kide. Jo eta ke aritu ziren, 2017ko udan, gorpuak desobiratu eta DNA laginak hartuz. Eta izenik gabe lurperatutako 122 gorpuetatik 115 identifikatu zituzten. Lourdes Herrasti osteoarkeologoa da han aritu zirenetako bat. Herrastik hamarkadak daramatza 36ko gerran eraildako pertsonen gorpuzkiak hobi komunetatik, eta ahanzturatik, erreskatatzen. Malvinetakoak, ordea, arrastoa utzi dio.

Ikusi gehiago:Nortasuneko zauria josi ezinda

Zer sentitu zenuen uharteetara iristean?

Inhospitoak dira irlak. Gaztelerazko hitz horixe da egokiena hura deskribatzeko. Paraje babesgabea da. Eta haizea dabil beti. Konstantea da. Ostatuan ere, barruan egonagatik, beti entzuten zen haize txistua. Eta hotza. Hotza pasatu genuen. Kanpoan egin behar genuen lan. Hala ere, negu australean joan ginen. Hotz handiagoa egingo zuela bagenekien, baina hango udan askoz haizete bortitzagoak izango genituzkeen. Atera kontuak zer den hango haizea.

Britainiarrek gerra ostean egindakoak erraztu omen zizuen lana…

Gerra bukatu ahala, Geoffrey Cardozo britainiar tenienteari agindu bat eman zioten: sakabanatuta zeuden argentinarren gorpu denak jasotzea. Ikaragarrizko diligentziaz jokatu zuen Cardozok, gorpuak helikopteroz jasoz, bilduz, eta bakoitzari txartel bat lotuz aurkitu zuten lekuaren datuekin. Kanposantuan 237 gurutze zuri jarri zituzten. Gurutze bakoitzaren oinarrian bertan hobiratutako soldaduaren izen-abizenak. Identifikatu gabeko 121 gorpuen harlauzetan izan ezik. Horietan hau jartzen zuen: «Soldado argentino solo conocido por Dios» [soldadu argentinarra, Jainkoak soilik ezagutua].

Nolako jarduna izan zen?

Nekeza. Zerraldorik ez zen agertzen, ustelduta zeudelako, poltsa zuriak baizik. Pisatu egiten zuten eta pultsuan eraman behar genuen bakoitza laborategiraino, sarritan elur bisutsetan. Ostatu eman zigun etxekoandrea, Dolly, ikaragarri abegikorra zen, baina kokoteraino amaitu zuen. Gure arropak garbitu beharra zeukan egunero. Eta gure arropak kiratsa zuen. Hildakoen kiratsa. Usain hori zen gorpuak [une batez isildu, eta ahots apalagoz jarraitu du]... Britainiarrek erabilitako zakuek hermetikoki itxita mantendu zituzten gorpuak, eta, lurraren eta klimaren ezaugarriengatik, usteldu ordez osorik mantendu ziren.

Objekturik azaldu al zen?

Bai. Ni arkeologoa naiz, niretzat objektuek ikaragarrizko garrantzia dute. Ez soilik informazioa ematen digutelako; objektuek humanizatu egiten dute, pertsona bihurtzen dute gorpua. Inpresio handia egiten zuen horrek. Gerora jarri egiten zara, baina oso bortitza da emozionalki... identifikazio txapak, tira, baina gutunak ere topatu genituen!

Irakurtzeko moduan?

Buf... [hunkituta] Lehendabizi, erloju bat, giltzatakoa… agertu ziren, eta ez zuten hainbesteko zirrararik eragin. Baina agertu zirenean karnetak, kartak... Amari idatzitako gutunak! Hori ahaztezina izan zen. 19-20 urteko mutikoek idatzitako eskutitzak dira. Ez dute aparteko konturik esaten, baina sentimendu handia eragiten dute.

Ez al zegoen aurrez pentsatua nola jokatu objekturik agertuko balitz?

Ez zegoen guztiz zehaztua, ez. Eta objektuak atzera beren lekuan utzi behar zirela zioten batzuek. Borroka handi samarra egin nuen han agertutakoak familiei eman behar zitzaizkiela ikusarazteko.

Nola konbentzitu zenituen?

Erakutsiz oso gauza intimoak direla, konexio emozional bat dagoela objektua eta pertsonaren artean. Hori aldarrikatzen nuen... Gerora, Argentinako lankideek aitortu didate oso inportantea izan dela. Familiei «zuen semea identifikatu dugu» esateaz gain, «hau da berekin zeramana» esan ahal izan dietelako, eta objektuak eman. Eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.