Burkina Fasoko herritarrak amaitzen ez den gurpil zoro batean daude murgilduta: azken zazpi urteetan bi estatu kolpe eman dituzte herrialdean. Bata, 2015ean, Blaise Compaoreren 27 urteko agintaldiari amaiera eman ziona; eta bestea, aurten, iragan urtarrilaren 24an, militar talde batek Roch Marc Christian Kabore presidentea kargutik kendu zuenean.
Egun, herrialdea junta militar batek gobernatzen du, Paul-Henri Sandaogo Damiba trantsizioko presidentearen gidaritzapean, eta Albert Oueradrogo lehen ministro duela. Bide orriaren arabera, hiru urteko trantsizio epea amaitzean, hauteskundeak egingo lirateke, gobernu horrek esan zuenez; eta ez Damibak ez Oueradrogok ezingo dituzte aurkeztu beren hautagaitzak hauteskunde horietara.
Burkina Fasoko herritarrekduten egoeraren berri izateko, BERRIA Issa Traore soziologoarekin eta Samira Diallo eta Aminata Dicko herritarrekin mintzatu da —izen-abizen asmatuak dira—. Hirurek anonimotasuna gorde nahi izan dute, atxilotuak edota epaituak izango diren beldur; burkinafasoarrak dira hirurak. Herrialdean duten egoeraz galdetuta, Traorek adierazi du egungo egoera 2015eko estatu kolpeko «berbera» dela: «Ez dago aldaketa handirik. Segurtasuna ez dago ziurtatuta, eta arriskua beti dago presente».
Herritarrak bi estatu kolpeen ondoren egoera berberean bizi diren arren, soziologoaren arabera, burkinafasoarren ikuspegitik, 2015eko estatu kolpea ez zen «zilegia» izan. Bai, ordea, aurtengoa: «2015eko estatu kolpea Compaoreren erregimentuaren itzulera estrategikoa izan zen. Izan ere, estatu kolpearen arduradunak Compaoreren gertukoak eta haren erregimentutik sortuak izan ziren. Aurtengoa, aldiz, herria terrorismoaren miserian erori den testuinguruan egin da». Horiek horrela, soziologoaren ustetan, bi kolpeak «legez kanpokoak» diren arren, aurtengoa da soilik «zilegia» herritarrentzat.
Horren inguruan, Diallo estatu kolpearen aurka dauden herritarretako bat da, eta Dicko, aldiz, ez alde ez aurka daudenetako bat. «Burkina Fasoko zenbait eskualdetan eraso egin zuten une hartan pentsatu nuen nire herriak ez zuela estatu kolpe baten beharrik», esan du Dickok.
Biek etxean zeudela izan zuten estatu kolpearen berri. Diallo ez zen kalera atera kolpeak iraun bitartean. «Segurtasun egoera okertuko ote zen beldur nintzen», aitortu duenez. Orain, estatu kolpeaz geroztik pare bat hilabete pasatu diren honetan, egoera pixka bat baretu dela dio.
Dickok, ordea, aitortu du oraintxe bertan ez dagoela ondo, «erabat beldurrez» bizi direlako. Estatu kolpearen berri izan zuenean, ez zuen «erreakzionatu»; lehen orduak pasatu ostean, talde jihadistek —batez ere Al-Qaedak eta EI Estatu Islamikoak— semea errekrutatuko zioten beldur zen. «Beldur naiz jihadistak ez ote diren etorriko, eta ez ote gaituzten herrialdetik kanporatuko, edota hilko».
Segurtasuna ez da hobetu
Aurtengo estatu kolpea MPSR Zaharberritzerako eta Babeserako Mugimendu Patriotak eman du, hainbat argudio emanda; tartean, herrialdeak zituen «segurtasun arazoak» —besteak beste, baliabide material gehiago eskatu zituzten jihadisten erasoei aurre egiteko—. Horren harira, soziologoak aitortu du ez duela «itxaropenik» estatu kolpeaz geroztik: nabarmendu du emakumeak eta haurrak gero eta ahulago bihurtzen ari direla «terrorismoaren miserian», eta zenbait herritar «terrorismoagatik» hiltzen dituztela, baita militarrak eta zibilak ere. Beraz, haren iritziz, «gizon uniformedunen» presentziak ez du herrialdearen segurtasuna hobetu.
Diallok eta Dickok, Traoreren antzera, bat egin dute herrialdearen segurtasuna ez dela aldatu estatu kolpeaz geroztik. Are, Diallok gaineratu du Burkina Fasoko egoera «gero eta okerragoa» dela; Dickok, berriz, gaineratu du bera bizi den inguruko herrietan egunero hilketak gertatzen direla.
Segurtasunik ezak agerian utzi du oraindik ere hainbat gazte arriskuan daudela, talde armatuen errekrutatzen dituztelako. Traorek azaldu duenez, burkinafasoar gazte askok ematen dute izena «talde terroristetan»; hain justu, gazte horiek erasoen eremuetan bizi dira.
Soziologoaren ustetan, bi arrazoirengatik ematen dute izena: batetik, jasoko duten diruagatik, eta, bestetik, bizitzeko duten senagatik. «Talde terroristak sostengatzea beste aukerarik ez dute. Talde horietan ez badira sartzen, hil egiten dituzte. Hautu horretan haien bizitza dago jokoan».
Egoera latz horretan, gazteez gain, sufrimendua gehien pairatzen dutenak haurrak, emakumeak eta lekualdatzen diren edadetuak direla nabarmendu du soziologoak. Halere, azaldu du biztanleria osoa geratzen dela egoera «zaurgarri batean», oinarrizko elikagai batzuen prezioa ia bikoiztu egin delako, adibidez.
Lekualdatzen direnen inguruan, Dickok ere aipatu du barne desplazatuen kopurua handitu besterik ez dela egin: «Thiou, Barga, Tangay eta Columbri bezalako komunitateak hutsik daude».
Bi hilabete eta erdi pasatu da estatu kolpeaz geroztik. ACLED gatazka guneetako datuak biltzen eta aztertzen dituen gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera, iragan otsailean batailek, leherketek eta zibilen aurkako indarkeriak gora egin bazuten ere, azken hilabetean nabarmen egin dute behera gertakari horiek. Otsailean, guztira 2.600 atentatu egon ziren, eta, martxoan, 70; duela bi hilabete, 2.400 borroka izan ziren, eta, iragan hilabetean, 50. Eta beste horrenbeste zibilen aurkako indarkeriari dagokionez: hasieran, 2.600 eraso gertatu ziren, eta, gero, 30.
Burkinafasoarrek dituzten eskariez galdetuta, argi eta garbi mintzatu da Traore: «bakea itzultzea» baino, herritarrek nahiago dute barne desplazatuak euren herrietara itzultzea. Izan ere, haren iritziz, bake premiaren eskakizunak ereerraztu du estatu kolpearen arrakasta: «Bakea itzultzeko irrikagatik, ez da egon estatu kolpeari aurre egin dion herri erresistentziarik».
Egungo egoera iraultzeko irtenbideez ere aritu dira elkarrizketatuak. Soziologoak «bertutezko» gobernu baten beharra aldarrikatu du. Horrez gain, gehitu du irtenbidea «biderik gabea» dela, «terrorismoa gainditzea» delako, eta dei egin du trantsizio gobernuak «pauso bat aurrera» ematera; hori egin ezean, herritarrek eurek «kaleratuko» dutelako.
Gobernuan duten konfiantzaz galdetuta, bi herritarrak argi mintzatu dira: ez dute konfiantzarik. Diackoren ustetan, ez dago ekintzarik «gaitz hori [egungo gobernua]» deuseztatzeko. Hori bai, premiazkotzat du talde armatuek okupatutako lurraldeak berreskuratzea. Diallok, berriz, beharrezkotzat du agintariek egin dituzten «okerrak zuzentzea», eta burkinafasoar ororekin «zilegitasunez» jokatzea.
Egungo egoera dela eta, ez dute itxaropenik galdu. Dickok «jainkoarengan» du jarria itxaropena: «Otoitzekin eta elkarrekikotasunarekin, gure agintariakgaraitzeraino gidatuko digu», adierazi du. Diallok, aldiz, nabarmendu du itxaropena beti dagoela presente, egoera edozein dela ere.
Mosku, aliatu «fidagarria»
Al-Qaedari eta EIri egozten dizkieten erasoek 1,5 milioi desplazatu eragin dituzte, Burkina Fasoko Gobernuak emandako datuen arabera. Hainbat lagun ere hil dituzte; iazko ekainean, esaterako, Solhan, Burkina Fasoko ipar-ekialdean 160 zibil inguru hil zituzten eraso bakarrean.
Horiek murrizteko eman beharreko erantzunaz galdetuta, soziologoak argi esan du «ustelkeriaren aurkako borroka» dela erantzunik eraginkorrena. Eta, hori lortzeko, Frantziarekiko «erabateko haustura» beharrezkotzat jo du. Ez da Parisez fio eta, Maliko adibidea jarri du haren argudioa indartzeko.
«Frantziak Malin talde terrorista bat babestu du onak direla esanez. Aldiz, herrialde horretako armada blokeatu du Frantziako armadak. Paris alderdi guztiekin elkartzen da, eta gobernuei zein terroristei babesa ematen die», esan duenez.
Frantziaren ordez, Errusiarekin elkarlana indartzearen alde egin du soziologoak: «Mosku bazkide fidagarria da, eta hala erakutsi du Sirian, Afrika erdialdean eta Malin. Nazioarteko komunitatea, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen babespean, laguntzeko baino gure herria suntsitzeko dago, eta horren adibide dira Libia, Irak eta Afganistan».
Traore ez da Errusiaren alde egiten duen bakarra. Dickok ere adierazi du Frantziarekin «behin betiko hautsi» beharra dagoela, eta Burkina Faso Errusiarekin aliatu behar dela haien alboko herriak egin duen moduan.
Burkina Faso. Estatu kolpea
Amaitzen ez den gurpil zoroa
Azken zazpi urteetan bi estatu kolpe eman dituzte Burkina Fason: 2015ekoa eta aurtengoa. Estatu kolpeen eta talde jihadisten erasoen ondorioz, segurtasuna ez dago bermatuta herrialde hartan; gazteak, emakumeak eta edadetu lekualdatuak dira talderik zaurgarrienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu