Zertan egin dezakete bat Bill Clintonek, Angela Davisek, Antonio Banderasek eta Oklahomako txeroki herriaren buruzagiak? 2008ra arte, gauza gutxitan, eta, harrezkero ere, ez askotan. Baina urte hartan guztiek babestu zuten Barack Obamaren hautagaitza AEBetako presidente izateko.
Urtebete lehenago, inor gutxik egingo zukeen apustu Alderdi Demokrataren barruko azken hautagaiaren alde. AEBetako publikoaren begietara, ordura arte presidentetzara aurkeztu eta irabazteko aukerak izan ohi zituzten hautagaiekiko oso bestelakoa zen Obama, nahiko ezezaguna alderdi barruko zein kanpoko lehiakideen aldean. Ez zetorren presidenteen dinastia batetik —ez zeukan Bush edo Clinton abizenik—, eta ez zen hiri edo estatu garrantzitsuren bateko agintaria ere. «Belarri handiko morroi argal eta beltz hura» zen, Obamak berak lehenbiziko kanpainan esan zuenez. «Obamaren narratiba hasieratik zegoen lotuta Obama ikuskizunaren ideiari. Politikari mota berri bat eraikitzen ari zen, kolore, adin, eskualde eta joera politiko desberdinetako jendea elkar zezakeena», uste du Douglas Kellnerek, Kaliforniako Unibertsitateko ikerlariak. Obamaren irudi publikoaren bilakaera aztertu zuen haren lehenbiziko kanpainan. Ikuskizun hark lau ardatz nagusi zeuzkan: «Itxaropena, aldaketa, kolorea eta gaztetasuna». Hortik heldu zen lehenbiziko kanpainako lelo ezagun hura: Yes we can (Bai, ahal dugu), esaldiaren objektua zehaztu gabe utzita, hutsune hori nork bere espektatibekin bete zezan.
Antzeko ondorioetara heldu da Chicagoko Unibertsitateko William Mitchell, Obama as Icon (Obama, ikono gisa) ikerlanean. «Gauden garaian, eta ikusgarritasunaren perspektibatik, Obamaren garaipena bada gertakizun iraultzaile bat. Politika praktikoen ikuspegitik, urrutitik ere ez da izan horren iraultzailea». Bat dator Robert Y. Shapiro ere, Columbia unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea: «Oso baikorrak izan ginen kanpaina hartan. Baikorregiak, beharbada».
Munduari irekita
George W. Bushen bigarren agintaldiaren amaieran, 2001eko irailaren 11ko erasoek eragindako paranoia nazionalaren erdian eta krisi ekonomikoaren lehenbiziko pitzaduren atarian zeuden orduan Estatu Batuak. Bushen atzerri politika erasokorra ez zen ari esperotako emaitzak izaten, eta Etxe Zuria sinesgarritasun krisian zegoen; Afganistango gerrak galera pertsonal eta ekonomiko handiak zekartzala sentitzen zuten herritar ugarik, eta beste asko nekatuta zeuden mundu osoan etsaiak baino ikusten ez zituen gobernu harekin. «Errepublikanoak oso ahul zeuden orduan, eta hori izan zen gehiegi espero izateko arrazoietako bat», ekarri du gogora Shapirok: «Ekonomia ere hasia zen balantzaka, eta Irak porrot handi baten moduan sentitzen genuen. Obamarengan proiektatu genituen esperantza handi haiek hortik ere bazetozen: edozein aldaketa onerako soilik izan zitekeela».
Obamak aldaketarako lau ezaugarriak ordezkatzen zituen. Arraza bakarreko familia eredu tradizionalean sinesten zuten errepublikano kontserbadoreen aldean, jatorri anitzeko familia batetik zetorren —aita, kenyarra; ama, hegoaldeko zuria; eta aitaordea indonesiarra ditu Obamak—. Horrek hasieratik balio izan zion amerikartasunaren inguruko zenbait mito hautsi eta mundura irekita zegoen hautagai gisa agertzeko. Areago, bere izenak berak —Barack Hussein Obama— aurreko agintaldian AEBetako etsai nagusi izandakoen oihartzuna zekarren ezinbestean: Osama bin Laden eta Saddam Hussein.
Eskuin muturrak ere jokatu zuen horrekin. Obamari hainbat modutara leporatu zioten islamisten zalea izatea. Esate baterako, The New Yorker aldizkariak musulmanez jantzita irudikatu zuen 2008ko uztailaren 21eko alearen azalean: Michelle Obama emaztearekin ageri zen —hura gerrillariz jantzita eta ilea afro estiloan— Etxe Zuriko bulego obalean; ertz batean, AEBetako bandera ikus zitekeen tximinian erretzen.
Izan ere, ezin da Obamaren lehenbiziko kanpaina hura ulertu komunikabideen ugaritzea eta politikaren «espektakularizazioa» aintzat hartu gabe. Obama ez baita soilik lehenbiziko presidente beltza: lehenbiziko presidente saretua ere bada. «Alderdiko primarioetatik hasita, lehia ikuskizun baten moduan aurkeztu zen haren hautagaitza, reality show baten parekoa ia», uste du Kellnerrek: «The Amazing Race, American Gladiator eta American Idol batu, eta halakoa zen Obama eta [Hillary] Clintonen arteko norgehiagoka». Obamak fase hori gainditu zuenean, are gehiago hazi zen ikusmina.
AEBetako hauteskunde kanpainen ezaugarri deigarrienetako bat haien finantzaketa da: erakunde edo norbanako pribatuek diru kopuru handiak ematen dizkiete hautagai nagusiei, eta ez dago mugarik. Hautagaiak behartuta daude jasotzen duten diru kopuruaren berri emateko, eta azken urteotan hori ere bihurtu da ikuskizun moduko bat, nork gehiago bilduko. Obamak 778 milioi dolar jaso zituen 2008an, John McCain errepublikanoak baino bi bider gehiago. Gehiena, ohiko moduan, finantza sektoretik eta enpresa handietatik heldu zitzaion —Washingtonek urte hartan bertan erreskatatutako Goldman Sachsek milioi bat dolar eman zizkion—, baina ordura arte inork lortu gabeko mobilizazioa eragin zuen herritar arrunten artean. Emaile txikiek —200 dolar edo gutxiago eman zituztenek— finantzaketaren heren bat osatu zuten. Zaleak —bereziki gazte beltzak— bideoak eta abestiak egiten hasi ziren, Obama bozkatzeko euren arrazoiak azalduz, eta produktu horietako zenbait kanpaina ofizialeko mezuak bezain ezagun bihurtu ziren; esate baterako, Hope (Itxaropena) kartel ezaguna, Sobiet Batasuneko estilo konstruktibista gogora zekarrena. Internet bidez sekula bildu gabeko dirutza lortu zuen Obamak; artean presidente izan gabe, bi milioi jarraitzaile baino gehiago zeuzkan Facebooken.
«Obamak batzen zituen masa haiek sinbolizatzen dute bere erakargarritasun mediatiko eta pertsonala. Berlindik Denverrera eta Chicagotik Washingtonera, milioika pertsonak egiten zuten bertaratzeko ahalegina, 'han egotea' zelako nahi zutena; eta askoz gehiagok ikusten zuten telebistaz, soilik Obama bera ikusteko», azaldu du Mitchellek. «Elkartze birtual zein erreal horren sentsazioak eman zion Obamaren kanpainari halako aura bat, bazirudiela mugimendu sozial bat ari zela jaiotzen». Jendeak begiekin entzuten zion Obamari: maite zuten bere figura eta gauzak esateko bere modua. Benetan esaten zuena bigarren mailakoa zen; komeni zenarekin osa zezakeen norberak.
Pertsonaiaren eraikuntza
Kanpainako arduradunek ongi zekiten zertan ari ziren. Hautagaiaren figura pertsonala ipini zuten hiperikusgarritasun horren erdian, eta unibertsal bihurtu zitezkeen ezaugarri batzuk nabarmendu zizkioten. Obama, ezer baino lehen, «lehenbiziko presidente beltza» izateko bidean zen, eta horrekin soilik, ziurtatuta zeukan boto-poltsa eder bat. Ez beltz gisa aurkeztuta afro-amerikarren alboan jartzen zelako, haiei bereziki eragiten dieten arazoekin enpatizatuz —arrazakeria, pobrezia, Poliziaren indarkeria...—. Obama ez zen zuria, baina afro-amerikar askorentzat ez zen aski beltza; bere estatusak hurbilago ipintzen zuen zurienak izan ohi diren espazioetatik. Mitchellen ustez, «belztasunak» baino gehiago, lausotasunak ekarri zion arrakasta, herritar bakoitzak bere «fantasiak» proiekta zitzakeelako harengan: «Obamaren ikonotasunaren giltza ez da determinazioa, baizik eta anbiguotasuna; ez da identitatea, baizik eta hibridotasuna».
Afro-amerikarrek beltzen aldeko defentsa ikusten zuten harengan; zuriek, beraiek ere sartzeko moduko aniztasuna. Horren adibide da Obamak 2008ko martxoan emandako hitzaldi ezaguna (A more perfect union, Batasun perfektuago bat): afro-amerikarren esklabotzaren historia kontatuz hasi zuen, eta arrazakeriaren aurka mintzatu zen gero. Horregatik, Martin Luther Kingen I have a dream (Amets bat daukat) hitzaldi famatuarekin alderatu izan dute batzuek. Diskurtsoa zehatz aztertuz gero, ordea, Obamak «arraza eta identitatea deseraikitzen» dituela ondorioztatu du Michael Boydek, Erromako Unibertsitateko ikerlariak: «Obamak gutxitan aipatzen ditu zuzenean arraza eta arrazakeria. Ziurrenik, badakielako halako adierazpenek gizon beltz haserretuaren irudi arketipikoa eman diezaioketela, eta boto-emaile zuriak uxatu».
Hitzaldi hura eman zuenean, sinesgarritasun krisi labur batean zegoen Obamaren kanpaina, argitara atera berri zelako bere konfiantzazko apaizak gogor salatu zuela AEBen atzerri politika. Patriotismo erakustaldia egin behar zuen, beraz. «Nire historia amerikarra», esanez ekin zion bere buruaren aurkezpenari: «Kenyako gizon beltz baten eta Kansasko emakume zuri baten semea naiz. [...] Amerikako eskola onenetako batzuetan ikasi dut, eta munduko nazio pobreenetako batean bizi izan naiz [Indonesia]. Esklabo eta esklabisten odola daraman emakume batekin ezkonduta nago, eta oinordetzan ematen diegu hura gure bi alaba kuttunei. Arraza eta ñabardura guztietako anaiak, arrebak, ilobak eta lehengusuak ditut hiru kontinentetan sakabanatuta, eta, bizi naizen bitartean, ez zait sekula ahaztuko halako zerbait soilik herrialde honetan dela posible».
Hollywoodek gidoi gisa ere erosiko lukeen hitzaldi hori amerikartasun eredu berri baten aldarria da. «Arrazaren eta arrazen arteko harremanen ikuspegi berri bat eskaintzen du, amets amerikarraren bere bertsioan oinarrituta», azaldu du Boydek. «Batasuna, esperantza eta aldaketa» dira amets horren zutabeak, ez arraza identitatea. Obamak «gu» dioenean, ez zaie beltzei ari: jatorri zehatzik gabeko estatubatuar hibrido bati ari zaio.
Beharbada horregatik dira orain afro-amerikarrak presidentearekiko etsipenik handiena sentitzen dutenak. «Obama, aldaketa eta esperantzaren sinboloa ez ezik, arrazismoaz gaindiko gizarte baten sinboloa ere bazen», azaldu du Shapirok. «Baina azken urteotan askoz indarkeria gehiago ikusi dugu afro-amerikarren aurka». Obamari agintaldiko azken etapan zeharkatu zaion protesta mugimendu sendoenetako bat bere boto-emaile talde nagusitik sortua da: Black Lives Matter (Bizitza Beltzek Axola Dute). Datu esanguratsuak atera ditu argitara, eta eztabaida publikoan sartzea lortu du: beltzek hiru aldiz aukera gehiago dauzkate indarkeria polizialaren biktima izateko, zuriek baino; eta kasuen %97tan, zigorrik gabe geratzen dira poliziak.
Black Lives Matterrek publikoki adierazi izan du Etxe Zuriarekiko etsipena: «Presidenteak dio beltzen bizitzek axola dutela, baina gero ez du ziurtatzen hala izatea». Mugimenduko kideek eta biktimek presidentearekin aurrez aurreko bilera bat ere egin zuten: «Parada aparta zeukan une hartan beltzen bizitzak salbatzeko estrategia bati buruz hitz egiten hasteko, baina ez zuen egin. Gure esperientziei garrantzia kendu zien». Bilera elkarbizitzari buruzko mezu adeitsu batekin amaitu zuten gobernuak eta komunikabideek. Ekintzaileak, ordea, «frustratuta» geratu ziren: «Aurrera egitear gauden bakoitzean, elkarrizketak eten egiten dira, eta ez dira ere benetako konpromiso bilakatzen; 2008an eta 2012an botoa eman genuenean espero genuen aldaketa mota hori ez da inoiz iristen. Ez gara inozoak: badakigu ez dela gizon bakar baten lana beltzen aurkako indarkeria osoa desagerraraztea. Baina gogorrago saia dadin nahi genuke».
Shapiroren ustez, alderdien arteko polarizazioaren ondorioz suspertu da arrazaren auzia: «Alderdi Demokrata 1960ko hamarkadan eskubide zibilen aldeko alderdia bihurtu zenean, errepublikanoek kontrako jarrera hartu zuten. Eta haietako askori berriz etorri zaie burura auzia, Obama buruzagi gisa ipini dutenean. Militante errepublikano askok badauzkate... ez dut esango jarrera arrazistak, baina bai erresumindutako jarrera batzuk beltzekiko». Polarizazio hori beste gaietara ere iritsi da azken urteotan: errepublikanoek, Senatua kontrolatzen zutela baliaturik, sistematikoki zapuztu zizkioten egitasmo distiratsuenak, blokeo jarrera erabatekoa hartuta, gobernua amildegi ertzera eramateraino ia.
Barack ez da George
Ikerketa lan akademikoetan gutxitan agertzen den faktore bat ere aipatu du Mitchellek Obamaren arrakasta azaltzeko: zorte ona. «AEBetako ekonomiak 2008ko urrian jo beharrean bi hilabete geroago jo izan balu hondoa, oso posible zatekeen hauteskundeak kontrako bidetik joatea». Bushen atzerri politikak arrakala bat zabaldua zion gobernu errepublikanoari, eta krisi ekonomikoak areagotu egin zuen sinesgarritasun falta. Obama «anti-Bushtasunaren ikono» gisa agertu zen, Mitchellen hitzetan: «Argia zen, ergelaren aldean; ongi hitz egiten zuen eta malgua zen, zurrunaren aldean; apala, eta ez harroa; mulato kosmopolita, Texasko cowboy zuri baten aldean; sotila eta konplexua, eta ez sinplista eta murriztailea. Arrazoian eta zientzian sinesten zuen, eta ez tripetatik erabakitako atzerri politika batean».
Ez zen zaila polarizazio hura eszenifikatzea, kanpainan egokitu zitzaizkion lehiakideak aintzat hartuta behinik behin. John McCain hautagai errepublikanoak Sarah Palin aukeratua zuen presidenteorde izateko; ultrakatolikoa, tradizioen defendatzaile sutsua eta abortuaren aurkako ekintzailea zen Palin, eta, gerora, eskuin muturreko Tea Party mugimendua babestuko zuen. McCain bokaziozko militarra zen, Vietnamgo gerran aritua, eta Obamari nagusiki osasun sistema erreformatzeko asmoengatik hartzen zion kargu. Haien aldean, Obamak irudi «lasai, moderno eta hiritarra» zeukan, Kellnerren hitzetan: «Herri kulturarekin bat zetorren, eta hautsi egiten zuen ordura arteko presidentegai gehienen maskulinitate eredua, bereziki errepublikanoena». Belztasunarena baino muga zurrunagoa den ezaugarri presidentzial bati, ordea, gogor eutsi dio Obamak: familiako aitaren irudiari. Idatzi gabeko araua da bikotekidegabeek ez daukatela aukerarik AEBetako gobernuburu izateko: 1884tik ez da ezkongaberik heldu postu horretara, eta ofizialki dibortziatuta egondako bakarra Robert Reagan izan zen —Etxe Zurira iristerako, ezkonduta zegoen berriz—. Oraingoz ez da emakumerik heldu postu horretara, ez eta modu irekian homosexuala den inor ere.
Obamaren familiak ikusgarritasun handia hartu du urteotan guztiotan. 2008ko azaroaren 4ko gauean emaztearekin eta bi alaba txikiekin igo zen oholtzara,AEBetako gizarteak behar zuen etorkizun berri haren irudi.
Bakearen presidentea
«Armadako komandanteburua naizen lehen egunetik, helburu bat izango dut: gerra hau bukatzea». 2008ko martxoan ahoskatu zituen hitzok Obamak, Iraki buruz ari zela. Eta handik urtebetera eman zioten Bakearen Nobel Saria, egiteko zeukanaren oroigarri gisa edo. AEBetako presidentea, nolabait, munduko agintaria ere baita atzerri auzietan: Washingtonen parte hartzeak nabarmen eragiten dio planetaren edozein bazterretako edozein gatazkari, eta mundu osoko herritar askok arrazoi asko zeuzkaten Obamarengandik asko espero izateko.
Agintera heldu zenerako, martxan zeuden aurreko gobernuak hasitako bi gerra luze: Irak eta Afganistan. Dirutan ez ezik, bizitzatan ere garesti ordaindu zituen Washingtonek, eta hamar urteren ondoren ere ez zirudien berehala amaituko zirenik. Obama Irakeko inbasioaren aurka agertua zen lauzpabost urte lehenago, eta iragarri zuen atzerri politikaren estiloa aldatuko zuela Etxe Zurira helduz gero: aurrerantzean, diplomazia gehiago egingo zuen, eta bonbardaketa gutxiago. Amaitu zuen lehenbiziko agintaldia, eta Afganistanek hor jarraitzen zuen. Ekialde Hurbilean ugaritzen ari ziren gatazkak, eta Irakeko gerra aurki bihurtuko zen beste gerra bat.
2012ko kanpaina hasi zenerako, ez zen askorik geratzen 2008ko baikortasun uholde hartatik. Alderdi Demokratak lelo neutrala aukeratu zuen, Forward (Aurrera), atzera joatea okerragoa zela ulertaraziz: Obama akaso ez zen uste bezain ona, baina errepublikanoak baino hobea bazen oraindik. Hauteskunde haiek ere irabazi zituenean, bere legatua apaintzeko aukera gisa hartu zituen Obamak. Amaitzeko lanen zerrenda bat egin zuen: immigrazioaren erreforma, armena, Guantanamo. Baina legatu politikoa ez da hainbeste lorpenen eta hutsegiteen arteko balantze bat, baizik eta pertsonaiak paisaia politikoan eragin duen aldaketa. Eta, alde horretatik, Obamak irakaspen gehiago utzi dizkie marketin enpresei, politika publikoen diseinatzaileei baino. Jende gehienarentzat, zerbait posible zela agindu eta ezin zuela ohartu zen presidentea izango da ziurrenik; edo, gutxienez, ahal izate horretan saiatu zena. Izan zitekeen legatu bat izango da harena.
2009an, herritarren %73k uste zuten «lider sendo eta erabakimenduna» zela; sei urte geroago, %46k baino ez zuten hori sinesten. Eta ez da izan gobernua bera edo Alderdi Demokrata hainbeste aldatu direlako. Aitzitik, Obama marka AEBetako gizarteak 2008an behar zuen ikuskizuna zen: nortasun kolektibo berri bat eraiki eta kohesionatuko zuen ikono bat, ez oso bestelakoa orain Donald Trumpek darabilen Make America Great Again (Bihurtu Amerika Berriro Handi) lelotik. Obamak ere bazekien: «Jendeak bere iritziak proiektatzen dituen pantaila zuri bat naiz», idatzi zuen 2006an. «Ondorioz, gehienei huts egingo diet, ez bada guztiei». Obamak ez baititu bere promesak bete gabe utzi. Okerrago joan zaio: besteen promesak hautsi ditu, Yes we can haren ondotik ipini zituztenak.
'Obama aroaren' amaiera. Obamaren legatua
AMAITZEAR DA IKUSKIZUNA
AEBetako presidentetzara heldu zenerako, 'Obama marka' aipatzen zuten garai hartako publizitate aldizkari ezagunenek. Horixe zen Barack Obama: ikono bat, edozein motatako boto-emaileen desioak xurgatu eta isla zitzakeen irudi bat. Denborarekin, ordea, agerian geratu da presidente beltzenak ere nekez ekarriko diola kolore berriegirik etxe beti zuriari. AEBetako kanpaina ikusgarrienetako batek hauspotutako itxaropen haiek, beharbada, handiegiak ziren hasieratik. Obamak historiari oinordetzan utziko diona, beraz, izan zitekeen legatu bat izango da ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu