Berriro hasi dira bonbardaketak Gazan; eta oihartzuna Egiptoraino iritsi da. Su-etena hautsi izanak Kairoko negoziazioak blokeatu ditu, oraingoz behintzat.
Ustez Palestinako milizianoek hiru suziri jaurti zituzten atzo Beershevat ingurura, Israelgo hegoaldera. Ia une berean erantzun zion erasoari Israelek, Benjamin Netanyahu lehen ministro eskuindarraren agindupean. Haaretz egunkari israeldarraren arabera, Netanyahuk su-etena «hautsitzat» eman eta Israelek Kairon dituen ordezkariei negoziazioa bertan behera utzi eta «bueltatzeko» agindu zien. Oraingoz, negoziazioak geldituta daude.
Haaretz egunkariak jakinarazi duenez, suziriek inori ez diote kalterik egin. Bai, ordea, Israelen bonbardaketek: zortzi zauritu dituzte, bi ume horien artean.
Hamasek ez du suzirien jaurtiketa bere gain hartu. Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak Kairoko negoziazioekin jarraitzeko «prestasuna» agertu du. Hala ere, atzo goizean egindako adierazpenetan Israeli prozesua «blokeatu» izana egotzi zion.
Peter Lerner armadako eledunak, berriz, esan du «azpiegitura terroristei» eraso egiten jarraituko dutela, «Gazan duten ahalmena deuseztatzeko eta Israelgo Estatuan segurtasuna ezartzeko». Bitartean, Hamasek eta Israelek elkarri leporatzen diote menia hautsi izanaren errua.
Herenegun onartu zuten 24 orduko su-etena Palestinako eta Israelgo ordezkaritzek. Hala, abuztuaren 11z geroztik indarrean zegoen menia 24 orduz luzatu nahi zuten; gatazkari arnasaldia emateko eta palestinarren eta Israelen arteko negoziazioetan aurrera egiteko. Azkenean, su-etena bukatzeko zortzi ordu falta zirela hautsi zuten akordioa.
Egoerak, okerrera
Joan den astelehenean menia 72 ordu luzatzea adostu zuten Israelek eta palestinarrek Kairon. Horretarako arrazoia: negoziazioetan emandako aurrerapausoak. Baina orain, gauzak ez daude hain argi. Su-etena hautsi aurretik Jaled al-Batx Kairoko negoziazioetan dabilen Palestinako ordezkaritzako kideak, negoziazioak edozein unetan «hautsi» daitezkeela ohartarazi zion Efe albiste agentziari. Egiptoko bitartekarietan jarria du esperantza Al-Batxek: «Espero dugu egiptoarrek egindako ahaleginak arrakasta izango duela eta gure herriaren eskakizunak beteko direla». Palestinako ordezkariaren hitzetan, negoziazioak arrakastarik ez izatearen «errua» Israelgo Gobernuarena da. Haren ustez, Tel Aviven erruagatik ez zuten akordiorik lortu herenegun. Ondorioz, palestinarrek menia 24 ordu luzatu nahi zutela gaineratu du Al-Batxek. Argudiatu du «herritarren odola eta interesak» babestu nahi dituztela.
Antzera hitz egin zuten Kairon negoziatzen diharduten Palestinako gainerako ordezkariek ere. Ezat al-Rexq Palestinaren Kairoko ordezkaria eta Hamasen buruak aurrez esana zuen ez zutela akordiorik lortuko palestinarren eskariak bete ezean. Palestinarrek eskatzen dute blokeoa haustea, aireportu bat eta itsas portu bat irekitzea eta Gazako mugan dauden pasabideak zabaltzea.
Gaza, zenbakitan
Mohamad Mustafa Palestinako Ekonomia ministroak Hegi babesgarria operazioak «mila milioi» dolarreko kaltea izan duela kalkulatzen du. Gazako arduradunek jakinarazi dutenez, bost asteko bonbardaketen ondoren, Gazako arkitektura «suntsitu», industrialdea «desagerrarazi» eta merkataritza «ito» dute.
NBE Nazio Batuen Erakundearen ustez, Gazaren eta Israelen arteko negoziazioek blokeoa deuseztatzea lortzen ez badute Gazak hamabost urte igaroko ditu «miseria gorrian». Jasaten duen blokeoa kentzea da Kairoko negoziazioetao puntu garrantzitsuenetako bat.
Amaitu da su-etena Gazan
24 orduko meniaren luzapena hautsi dute, bukatzeko zortzi ordu falta zirela.Palestinarrek hiru suziri jaurti dituzte Beershevat ingurura, baina ez da zauriturik egon.Israelek birritan bonbardatu du Gaza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu