Hilabete gutxitan, Kataluniako pertsonarik ezagunenetakoa bihurtu da Carme Forcadell ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea. Via Catalana giza katearen prestaketa lanen azken esprinta ari da egiten, baina argi du Forcadellek independentziarena iraupen luzeko lasterketa izanen dela.
Independentismoa loraldian dago Herrialde Katalanetan. Pozik al zaudete?
Jakina. Oso balorazio positiboa egiten dugu ANCn, azken urtebetean gertatu denaren gainean. Gogora ekarri behar dugu, halaber, epe horretan ez dugula Estatu espainolaren eskaintza bakar bat ere jaso Kataluniaren estatusaren inguruan, eta, beraz, gero eta argiago dugu geure bidea egin behar dugula, behingoz estatu propioa lortzeko. Espainiarekin elkarbizitza ezinezkoa dela ikusten ari dira gero eta katalan gehiago, Kataluniatik egin diren proposamen guztiei bizkarra eman dielako Madrilgo gobernuak. Amaitu da Espainiaren zain egoteko garaia.
Katalan guztiek ez dute horrela ikusten. Espainiaren oniritzia nahi du Mas presidenteak, adibidez.
Hitzen gainean iritzia eman bainoago, nahiago dugu ekintzei erreparatu. Masi esan diogu 2014an erreferenduma egin behar dela. Bai ala bai. Eta hori lortzeko, borondate politikoa besterik ez da behar. Espainiar legediaren barruan egitea izanen litzateke egokiena, horretan denak gaude ados, baina ezinezkoa balitz, Kataluniako Parlamentuan aurki onartuko den Kontsulta Legea ere erabil daiteke. Beraz, Espainiako nahiz Kataluniako legedia erabiliz, baina erreferenduma egin dadila.
Hain zuzen, legearen argudioa erabili dute gehien independentziaren aurka daudenek...
Baina hori ez da aitzakia bat. Legezkotasunaren gainetik zilegitasuna dago. Gehiengo demokratikoaren borondateari men egin behar diote legeek, eta ez alderantziz. Bestela, emakumeek ezinen genuke hauteskundeetan botoa eman: 1933ko azaroaren 20an eman genuen botoa lehen aldiz andreok. Aurretik, ez zuten bozetan parte hartzen, legeak hala ezartzen zuelako. Herritarren gehiengoak, ordea, lege hori bidezkoa ez zela uste zuen, eta, ondorioz, legedia moldatu zen herritarren borondatearekin bat egin zezan.
Espainiako legeak oinarri hartuta, guk uste dugu erreferenduma egin dezakegula 2014an. Ezin bada, Kataluniako legea erabiliko dugu. Eta hala ere ezetz esaten badigute, legea aldatu beharko da, herritarren nahietara moldatzeko.
Rajoy erreferenduma kamusten saiatuko dela uste al duzu?
Zalantzarik gabe. Saialdi bat baino gehiago eginen du Espainiako Gobernuak. Segur aski, erreferenduma debekatzeko ahalegina eginen dute lehenbizi, eta, hala eta guztiz ere plebiszitua egiten bada, hori urardotzen saiatuko dira. Baina horretarako sortu zen ANC, horretarako ditugu batzordeak Kataluniako herri gehienetan, eta horretarako ari gara gogor lanean.
Nola ikusten duzu alderdi politikoen jarrera prozesu honetan?
Herritarren atzetik ibili dira, eta beren burua kokatu beharko dute datozen hilabeteetan, olatuak gainetik pasatzea nahi ez badute. Hala gertatu zen iazko Diadako manifestazioan, eta aurten ere alderdiak mugiarazten eta prozesua bizkortzen saiatuko gara.
Unio edo PSC alderdietako buruzagiak oso kritiko azaldu dira Via Catalanaren mezu independentistarekin. Horiek ere mugiaraziko dituzue?
Nire ustez, bai PSCk bai Uniok erabakitze eskubidea babesten dute, eta kritika ez diote giza kateari egin, Via Catalana cap a la independencia leloari baizik. Izan ere, erabakitze eskubide soilaz haratago goaz gu. Baina bi alderdi horien barruan gertatu den aldaketa ere nabarmendu behar dugu. Iaz, PSCk ez zuen eztabaidatu ere egin Diada eguneko manifestazioan parte hartu ala ez. Ez ziren joan, eta kito. Aurten, ordea, tirabirak izan dira, kritiko azaldu dira hainbat alderdikide eta afera mahai gainean egon da. Beraz, zerbait ari da mugitzen alderdien barruan, eta horretan badu zerikusirik ANCk egindako lanak.
Etorkizunean, PSCrekin elkarlanean aritzea posible ikusten duzu?
Bai. Alderdi Sozialista oso garrantzitsua izan da Kataluniako historian eta oinarrizko pieza da gaur egun ere. Nola planteatu dezakegu halako prozesu bat PSC bazterrean utzita? Ezin da. Horregatik, noizbait independentzia prozesura batuko den esperantza daukat nik, PSCren ekarpenari esker, prozesu horretatik sortuko den nazioa askoz indartsuagoa eta anizkunagoa izanen baita. PSC, ordea, erdibituta dago gaur egun: batetik, PSC ofiziala dago; bestetik, militanteak. Alderdi horretako kide asko ANCko bazkide ere badira, eta bat egiten dute Via Catalanarekin.
Aniztasuna al da ANCren arrakastaren arrazoietako bat?
Bai, noski. Berez, PP ez beste alderdi guztietako kideak daude gure zerrendetan, eta, beraz, Kataluniako esparru ideologiko ia osoa hartzen dugu: Uniotik hasita, CUPera.
Azken asteetan deialdia egin duzue Via Catalanak Ebro ibarrean zehar eginen dituen zatiak betetzeko. Konpondu al da arazoa?
Baietz uste dut. Azken asteetan, jendea izan bagenuen, baina ibilbidean zehar gaizki banatuta. Hortik etorri dira arazoak, jende asko genuelako ibilbidearen zenbait zatitan, eta gutxi beste hainbatetan. Horregatik egin genuen jendea Ebro ibarreko zatietara joateko deialdia. Populazio dentsitate txikiko eskualdeak dira horiek, eta zaila da kilometro guztiak betetzea. Azkenean, ordea, Bartzelonatik mugitu da jendea, eta dagoeneko konpondu dugu dena.
Arazo hori alde batera utzita ere, erronka itzela da 400 kilometrotik gorako giza katea osatzea. Pozik?
Oso pozik. Askotan, txantxetan esaten dugu 400 kilometroko giza katea egitea lortzen badugu, independentzia eskuratzea samurra izanen dela, baina horrek badu egiatik apur bat. Erronka logistiko erraldoia da hau. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan baino boluntario gehiago mobilizatu ditugu. Izan ere, ibilbide osoa 800 zatitan banatu dugu, eta bakoitzean, lau pertsona jarri ditugu lanean: arduradun bat, bi laguntzaile eta argazkilari bat. Horrek esan nahi du ANCren 3.200 boluntario izanen direla egun horretan. Horiez gainera, beste 30.000 boluntario izan ditugu prestaketa lanetan azken hilabetetan.
Zentimo bakar batjaso gabe...
Inork ez du kobratu. Egindako lan hori guztia ordaindu beharko bagenu, ez genuke dirurik izanen. Madrildik beti galdetzen digute ea nork ordaindu duen dena: bada, guk geuk. Norberak bere poltsikotik ordaindu du garraioa, bazkariak,guzti-guztia. Ez dugu diru laguntzarik jaso, ezta jaso nahi ere, eta horrek ezinegona sortu du zenbait sektoretan.
Independentzia lortzeko eperik jarri al duzue?
Ez, baina nik nahiko nukeen bide orria azalduko dizut: 2014an erreferenduma; 2016ean eserleku bat Nazio Batuen Erakundean; eta 2020an, Kataluniako ordezkaritza propioa Tokioko Olinpiar Jokoetan.
Katalunia. Burujabetzaren bidean (V). Carme Forcadell. ANCko presidentea
«Amaitu da Espainiaren zain egoteko garaia; bere bideari ekin behar dio Kataluniak»
Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen esanetan, 2014an galdetuko zaie herritarrei. «Ezinbestean». Herri borondatearen zilegitasuna legeen gainetik dagoela gogorarazi die agintariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu