Erresuma Batuko hauteskundeak (III). Galesko Asanblea

Altzairuzko erraldoien balantza

Galesko altzairuaren industria historikoa arriskuan dago. Fabrika gehienen jabeak, Tata Steelek, adierazi du itxiko dituela, Erresuma Batuko adarrarentzat eroslerik aurkitu ezean

Port Talboteko altzairutegia, Galesko handiena, 4.000 langilerekin. ANDY RAIN / EFE.
Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Altzairugintzaren arazoa ez da Sestaon hasten eta Zumarragan bukatzen. Europa osoko altzairutegiak ari dira sufritzen Txinako inportazio merkeen erasoa, eta kontinente osoko sektorea ari daEuropako Batzordea estutzen hitzez harago joan dadin. Baina arazoa bereziki larria da Galesen. Izen propioa duen arazoa da, gainera: Port Talbot.

Gales hegoaldeko herri horretan, Swansea hiritik gertu, altzairutegi erraldoi bat dago, Euskal Herrian aspaldi ikusten ez diren horietako bat. Lau mila langiletik gora ditu, eta beste 11.000 behargin ari dira harentzat hornitzaile lanetan. Langile horien guztien bizibidea kolokan dago, lantegiaren jabe Tata Steelek salgai jarri duelako, Galesen eta Ingalaterran dituen beste lantegi guztiekin batera. Erosle egokirik aurkitu ezean itxiko duela adierazi du.

Port Talboten balizko itxiera edo hura erreskatatzeko planak Galesko Asanblearako hauteskundeetako gai nagusietako bat izan dira. Gales hegoalde gehiena bezala, inguru laborista dira Port Talbot eta Aberavon barrutia osatzen duten beste herriak. 2011ko hauteskundeetan botoen %64 jaso zituen Aberavonen, eta %15 baizik ez bigarrenak, Plaid Cymru nazionalistak.

Baina arazoak Galesen mugagainditu du, eta Londreseraino iritsi da. Motel bada ere, David Cameron lehen ministroak pertsonalki esku hartu du, eta prest azaldu da Port Talboten zati bat nazionalizatzeko. Margaret Thatcher bere hilobian ez asaldatzeko, nazionalizazio hitz tabua aipatu beharrean, beste bat erabili dute Cameronek eta Sajid Javid haren Enpresa Estatu idazkariak: inbertsioa. Londres prest azaldu da enpresaren laurden bat bere gain hartzeko, eta Port Talbot erosiko lukeen inbertitzaile pribatuari mailegu merkeak emateko. Tata Steeli ere antzeko proposamena egin dio gobernuak, salmenta eten dezan. Engaiatuta dagoela erakusteko, joan den astean Port Talbotera joan zen Cameron, langileei esatera ahaleginak egingo dituztela. Ahalegin horiek antzuak izan daitezkeela onartu zuen beranduago, Westminsterrera itzuli zenean.

Oztopoak ez baitira gutxi. Batetik, Tata Steelek presa handia du Erresuma Batuko adarra gainetik kentzeko. Gainera, Indiako multinazionalak nahiago du erosle bakar bat aurkitu, aktiboak zatitu baino. Bi altzairutegi handi ditu salgai (Port Talbotekoaz gain, Rotherham, Ingalaterra iparraldean), eta beste hamarren bat lantegi txikiago. Guztira, 10.650 langile aritzen diren horietan, 6.800 Galesen eta 3.850 Ingalaterran.

Beste arazo nagusi bat negozioaren errentagarritasuna da, eta bereziki Port Talbotena berarena. Tata Steelek dio egunean milioi bat libera (1,25 milioi euro) galtzera iritsi zela, nahiz eta orain gutxiago den.

Beste arazo bat Tata Steelen pentsio funtsa da. 2007an Corus erosi zuenean —garai bateko British Steel—, Tatak bere gain hartu zuen haren langile eta langile ohien pentsio funtsa ere. 130.000 kide ditu funts horrek, eta 600 milioi eurotik gorako defizita.

Aste honetara arteko epea zuten interesatuek eskaintza bat egiteko. 190 talderengana jo du Indiako multinazionalak, eta gutxienez bi eskaintza jaso ditu. Horietako bat Port Talboteko oraingo arduradun batzuek egindakoa da, Excalibur Steel UK Limited izenarekin. Bestea Liberty Houserena da, Sanjeev Gupta enpresaburu indiar-britainiarrak gidatzen duen lehengai sektoreko enpresa. Guptak argi utzi ditu zein baldintza dituen bere eskaintzak: pentsio funtsaren zama gainetik kentzea, industria astunak CO2 isurketagatik ordaintzen dituen tasak konpentsatzea, eta ingurumen edo garbiketa kontuengatik ordaintzeke leudekeen gastuak ez pagatzea. Guptaren asmoa da Port Talboteko labe garaiak kentzea, —burdin mineral garestia baliatzen dute altzairua egiteko— eta haren ordez txatarra baliatzen duten labe txikiagoak jartzea, eta Port Talbot altzairu horren eraldatzea ere bideratzea.

Kasu bitxia da Guptarena, beste lehiakide indiarrak Erresuma Batutik erretiratzen ari direnean,kontrakoa egin ari baita. Iaz Galesko Newporten lantegi bat berritu zuen, eta Caparo enpresaren beste zati bat erosi zuen. Martxoan, Tatal Steeli Clydebridge eta Dalzell altzairutegiak erosi zizkion, Eskoziako Gobernuaren laguntzarekin. Salmenta bizkortzeko, Edinburgoko gobernuakerosi zituen fabrikak prezio sinboliko batean, eta gero, Libertyren esku utzi ditu.

Garai batekoaren itzala

Altzairutegi modernoen sortzaile izan zen Erresuma Batua, baina garai batekoaren itzala baizik ez da geratzen. Gaur egun 40.000 langileko sektorea da, horietatik 18.000 zuzenean. Iaz Thailandiako SSIk Redcar lantegia itxi zuen, Ingalaterra iparraldean, eta 2.200 langile kalean utzi. Ehunka kaleratze izan dira azken hilabeteotan Tata Steelen lantegietan ere, enpresa kostuak gutxituta aurre egin nahi ziolako krisiari.

Altzairu merkeak sektorean eragin duen krisiak bereziki han jo du, herrialde inportatzailea izanik Txinako kostu azpiko inportazio asko jaso dituelako: 2013an 303.000 tona izan ziren, eta 687.000 tona 2014an. Euskal Herrian bezala, argindarraren kostuaz ere kexu dira ekoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.