Alsaziako lurralde elkargoa lortzeko, bi departamenduetan boto-emaileen gehiengoa alde izateaz gain, bakoitzean gutxienez erroldaren %25 baiezkoaren alde kokatu beharko zen. Halakorik ez zen gertatu igandean egin erreferendumean: Bas-Rhin departamenduan, %67,53 agertu ziren alde, eta Haut-Rhin gunean, %55,74 aurka. Alta, emaitza guztiak elkarrekin kontatuz, aldeko botoazen nagusi, %57,65. Dena dela, nahiz Bas-Rhin departamenduan lurralde elkargoaren aldekoak azkarki nagusitu, hor ere ez zuten erroldaren %25 osatu (soilik %22,90). Parte hartzea %35,96 izan zen. Ez da beraz bi Kontseilu Nagusien eta Eskualdeko Kontseiluaren batzerik gertatuko.
Harridura eta desilusioa eragin dute emaitzek lurralde elkargoaren alde direnen artean. Hain zuzen, baia garaile kokatzen zuten inkesta guztiek. «Herritarrek ez dute interesik gai instituzionalei buruzko eztabaidetan, interes gehiago dute pertsona edota alderdi baten alde bozkatu behar denean», zion atzo Guy-Dominique Kennel (UMP) Bas-Rhin departamenduko Kontseilu Nagusiko presidenteak.
Interesa bazuten, haatik, Frantziako lurraldean oraindik ere ezagupenik ez duten eskualdeek. Hain zuzen, herritarrek lehen aldikoz zuten erabaki behar galdeketa baten bidez beren lurraldearen egituraketaz Frantziako hexagonoan.
Euskal lurralde elkargoaren aldarrikapena eramaten dabilen koordinazioak ere plazaratu zuen emaitzei buruzko azterketa, eta argi utzi, aldarrikapen berdina ukan arren, Euskal Herrian eraman lana Alsaziakoarekin «ezin konparatua» dela. Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriak ez duelako instituzio propiorik. Koordinazioak adierazi du, halaber, Ipar Euskal Herrian hautetsien eta herritarren gehiengo zabal bat lurralde elkargoaren alde dela.
Alsazian, ezetza garaile
Alsaziako lurralde elkargoari buruzko erreferendumean baiak %57,65 lortu arren, ez du garaipena lortu bi departamenduetanBi Kontseilu Nagusiek eta Eskualdeko Kontseiluak bereizirik segituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu