Alsazian, %92,4 Ekialde Handitik atera eta eskualde bilakatzearen alde

1,9 milioi herritarretatik 168.456k parte hartu dute kolektibitatearen estatusari buruzko kontsultan

ander perez zala
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Ni oso ongi nago!». Frederic Bierry CEA Alsaziako Kolektibitate Europarreko presidentea pozik agertu zen atzo kolektibitatearen estatusari buruzko galdeketaren bilana egitean: gutxienez 100.000 lagunek parte hartzea nahi zuen, eta kopuru hori aise gainditu dute, 168.456 herritarrek eman baitute iritzia kontsulta horretan. Emaitza, gainera, biribila da, botoa eman dutenen %92,4k egin baitute Ekialde Handitik atera eta eskualde bilakatzearen alde. «Erabakia helegiterik gabekoa da. Otsailaren 21 hau historikoa da», adierazi zuen Bierryk, pozarren.

CEAko presidenteak sustaturiko herri kontsulta iragan abenduaren 15ean hasi zen, eta hil honen 15ean amaitu. Aurrez aurre, postaz edo Internet bidez bozkatzeko aukera izan dute bi hilabeteotan, eta Alsazian bizi diren 1,9 milioi herritarrek zuten iritzia emateko eskubidea.

Hasiera-hasieratik, galdeketa horren helburua izan da Alsaziaren estatusaren auzia Frantzian datorren apirilean egitekoak diren presidentetzarako bozen kanpainaren parte izatea, kontsultak ez baitu ondorio juridikorik.

«Alsaziarrak argi mintzatu dira: Alsaziak eskualde bilakatu nahi du berriz ere; Alsazia eskualde bilakatuko da berriz ere. Engaiatzen naiz Alsazia eskualdea berriz sortzera», adierazi zuen Bierryk emaitzen berri emateko agerraldian.

Agintariaren iritziz, «balio politiko handia» du galdeketak, eta, horregatik, konpromisoa hartu du presidentetzarako hauteskundeetako «hautagai guztiei eta presidente hautatuari Alsaziako herritarren nahia errespeta» dezatela eskatzeko.

Iaztik, Alsaziak estatus berri bat du, eta CEA kolektibitateak estatuaren eskumen batzuk jaso zituen, horietako batzuk estreinakoz: hala nola hizkuntzaren, turismoaren, errepideen eta mugaz gaindiko harremanen arloan, Alemaniarekin eta Suitzarekin erlazioak handitzeko.

Baina, askorentzat, «mugatuegia» izan zen egungo estatusari buruzko lege proiektua; besteak beste, LR Errepublikanoak taldeko diputatu Laurent Furstentzat —CEAko presidentea ere LRkoa da—: «Urrutitik gatoz, baina ez goaz oso urrutira», adierazi zuen 2019ko ekainean, kolektibitateari buruzko lege proiektuaren azterketa hasi aurretik.

Unser Land (Gure Lurra) alderdi autonomistaren presidente Jean-Georges Trouilletek ideia bera helarazi zion BERRIAri 2020ko udan: «Opari bat jasotzea bezala da, baina biltzeko erabiltzen den papera soilik, oparia bera gabe».

Adostasun zabala

Alsazian adostasun zabala dago ezkerreko eta eskuineko alderdien eta herritarren artean eskualdearen batasunari dagokionez. Horren erakusgarri da 2014ko azaroaren 9an Asanblea Nazionalean gertaturikoa: UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna zenaren diputatu alsaziar batzuek Ez ezazue Alsazia hil zioen banderola bat zabaldu zuten, gobernua lurralde antolaketa aldatzear zegoela.

Egungo zatiketa 2016ko lurralde berrantolaketaren ondorio da: François Hollandek 22 eskualderen ordez hamalau osatzea proposatu zuen; azkenean, Asanblea Nazionalak hamahiru ezartzea erabaki zuen. Horren ondorioz, Alsazia zatituta gelditu zen, eta Frantziako mapan are desagertuago agertu, lau departamendu batu zituen Ekialde Handia eskualdearen parte baita —Lorrenarekin eta Champagne-Ardennerekin batera—.

Aurrez, 1982tik 2015era Rhin Garaia eta Beherea departamenduak eskualde bakar batean elkartuta egon ziren, eta, epe horretan, ugaritu egin ziren lurraldearen batasun politikoan sakontzeko saiakerak. Esaterako, alsaziarrak izan ziren lehenak galdeketa bat egiten, 2013ko apirilaren 7an: kontsulta baten bidez erabaki ahal izan zuten beren lurraldearen egitura, eta, baiezkoak irabazi arren, gutxiengo parte hartzearen baldintza ez zen bete.

Ikusteko dago Alsaziaren estatusaren aferak tokirik izango duen apirileko bozen kanpainako eztabaidetan, baina emaitzak eta urteotako presio politikoak agerian utzi dute kolektibitate horren auzia bizirik dagoela Frantziako lurraldetasunari buruzko eztabaidan. Korsikaren autonomia, Bretainia historikoaren batasuna eta Kaledonia Berriaren etorkizuna dira beste aferetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.