Amerikako Estatuen Erakundea

Almagro bigarrenez aukeratu dute AEEko idazkari nagusi

Politikari uruguaitarrak Maduroren aurkako jarrera sutsua izan du bere lehen agintaldian. Maria Fernanda Espinosa Ekuadorko Atzerri ministro ohiari gailendu zaio bozketan.

Luis Almagro, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 20a
12:55
Entzun

2015ean kargura iritsi zenean ez zela berriz aurkeztuko adierazi zuen arren, Luis Almagro politikari uruguaitarrak iritzia aldatu zuen duela bi urte, AEE Amerikako Estatuen Erakundeko kide batzuen babesak bultzatuta, eta aurten berriz aurkezteko erabakia zuen. Eskuineko gobernuen babesa jasota, Almagro bigarrenez aukeratu dute AEEko idazkari nagusi, orain arteko bideari eusteko mezu argiarekin.

Kolonbia izan da Almagroren hautagaitza bultzatu duena, eta beste estatu kide askoren babesa jaso duen arren, AEEren idazkari nagusi aukeratuak Latinoamerikako protesten auzian izandako jarrerak kritika asko eragin ditu, tartean Uruguaiko aurreko gobernuarenak. Tabare Vazquez Uruguaiko presidenteak Almagrori egotzi dio lan horretan aritzeko «baldintzak» bete ez izana: «Elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu behar zituen, eta, horren ordez, gatazka sustatu du».

Hain justu, Almagro 2015ean aukeratu zuten lehenengoz AEEren idazkari nagusi posturako, Jose Mujica Uruguaiko presidente ezkertiarrak proposatuta; 34 kideetako 33ren aldeko botoa jaso zuen, eta batez ere Latinoamerikako gobernu ezkertiarrek begi onez ikusi zuten hura aukeratu izana. Ordea, urteak pasatu ahala, gobernu horiek erabat aldatu dute iritzia, eta oihartzun handia izan dute, besteak beste, Almagrok Venezuelarekin izan dituen ika-mikak hango hauteskundeen harira. Gaurko bozketan 2015ean baino boto gutxiago lortu ditu politikari uruguaitarrak, baina aise pasatu du hemezortzi botoko langa: 23-10 (Kubak ez du bozketan parte hartu).

Venezuelako Gobernuarekiko jarreraz gain, AEEko idazkari nagusi hautatuak Boliviako krisian izandako rola ere begi txarrez ikusi dute hainbat estatuk. Hasieran, Almagrok Evo Morales presidentetzara aurkeztearen alde egin zuen, baina, hauteskundeak egin eta gutxira, urriaren 20ko bozen ostean, erakundeko idazkaria bera izan zen hauteskundeetan iruzurra egin zela salatu zuena eta Morales kargugabetzearen alde agertu zena.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) kanpaina handia egin dute hilabeteotan Almagroren alde, eta horren erakusle da Mike Pompeo Estatu idazkariak iragan urtarrilean AEEren egoitzan egindako diskurtsoa; Washingtonek, gainera, publikoki eskatu zion hirugarren hautagaiari, Peruren AEBetarako enbaxadore Hugo de Zelari, lasterketan parte hartzeari uzteko, Almagroren aldeko botoa zatitzen ari zela argudiatuta. Zelak, azkenean, asteon erabaki zuen hautagaitza bertan behera uztea.

Aurtengo bozketa, gainera, barne kritika askoren artean egin dute, erakundeko hamalau estatuk botoa emateko saioa atzeratzeko eskaria egin baitzuten, koronabirusak sorturiko egoera dela eta. Azkenean, eskari horrek ezezkoa jaso zuen, eta gaurko bozketan maskarilla eta eskularru asko ikusi ahal izan dira Washingtonen egindako saioak iraun duen bitartean.

Ezkerrekoak, beste batekin

Hain justu, Almagroren atzoko lehiakide Maria Fernanda Espinosa ezin izan zen AEEren egoitzan egon, antolatzaileek sarrera debekatu baitzioten birusaren mehatxuagatik, ahalik eta jende gutxiena egon zedin.

Espinosak urteotan Almagro kritikatu duten estatuen babesa jaso du bozketan, tartean Nikaraguarena eta Mexikorena; hori bai, Espinosak ez du bere gobernuaren aldeko botoa jaso, Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak Rafael Correaren agintaldiarekiko izan duen jarreraren erakusle.

Ezkerreko gobernuen hautagaia bere herrialdeko Atzerri ministro izandakoa da Correaren eta Morenoren agintaldietan, eta Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiaren idazkari ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.