Udalen osaketa. Katalunia eta Espainia

Alkate sozialista du Bartzelonak

Comukoen eta PPren babesarekin eskuratu du alkatetza Collbonik. Udal gobernutik kanpo geratu da Colauren alderdia. Triasek iragarri du hautetsi kargua utziko duela

Jaume Collboni sozialista, alkate makila eskuetan duela, atzo, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Dena erabakita zegoela zirudienean, irauli egin zen atzo arratsaldean Bartzelonako testuinguru politikoa. En Comu Podemekoen eskutik heldu zen ezustea, iragarri zutenean PSCko alkategai Jaume Collboniren alde bozkatuko zutela, nahiz eta udal gobernutik kanpo geratu. Ada Colau buru duen alderdiak komunikatu batean jakinarazi zuen erabakia euren kabuz hartu zutela, sozialistekin eta PPrekin hitz egin gabe. Idatzian jasotzen denez, honako hau da helburua: «Eskuineko sektoreen aldeko politikak egingo lituzkeen eta lobby-ei ateak zabalduko lizkiekeen Juntsen gobernu bat eragoztea». Hala, oposizioan jarraituko du Comuk.

Dena ez zen, baina, borondate ona izan; sozialisten jarrera ere kritikatu zuten Comukoek, ez direlako «gai izan» ERC Esquerra Republicana de Catalunyarekin eta eurekin ezkerreko gobernu bat osatzeko: «Penagarrria da mugimendu bakar bat ere egin ez izana ezkerreko indarren arteko akordio bat lotzeko, eta, aldiz, hamar zinegotzirekin, gutxiengoan agintzeko prest egotea».

Colauk, hala ere, ohartarazi zuen «pozoitutako oparia» zela Comukoena, ezinezkoa delako hamar zinegotzirekin gobernatzea, eta, beraz, akordioak egin beharko dituelako PSCk. Bide batez, esan zuen sozialistek PPrekin hiruko akordio bat egitea proposatu zietela herenegun, baina uko egin ziotela: «Ez dugu uste hori denik gauzak egiteko modua». Colauk berretsi zuen eurena ez dela izan independentisten aurkako botoa, eta ez dutela Collboni «gustuz» babestu, «kalterik txikiena» egingo zuen aukera zelako baizik.

Baina Collbonik ez zuen aski Comukoen babesarekin gehiengo osoa lortzeko, PPrena ere beharrezkoa zuen. Alderdi Popularrak ez zuen berehala erantzun. Kargu-hartze ekitaldirako minutu gutxi batzuk geratzen zirenean jakinarazi zuten erabakia, alegia, baietz, PSCren alde bozkatuko zutela, baldin eta Collbonik «hitza» ematen bazuen, ez ziola Comuri udal gobernuan sartzeko gonbitarik egingo agintaldiak irauten duen bitartean. PSCren erantzuna baino lehen heldu zen Comukoena; baietz haiek ere, onartzen zituztela baldintzak.

Hala, eskerrak eman zizkien Collbonik bere alde egin zutenei: «Eskerrak eman nahi dizkiet babestu nauten hautetsiei, eta, batez ere, nire aukera politikotik at daudenei». Gogorarazi zuen, bide batez, «zilegitasun osoz» egiten zuela karguaren zina, eta «alde guztiek» errespetatu beharko zutela hori.

Kezka eta ezinegona

Azken orduko aldaketek atzeratu egin zuten udal osaketarako bozketa. Arratsaldeko 17:00etarako jarria zuten hitzordua, baina ezinegona eta urduritasuna ziren ordu horretan oraindik nagusi. Kezka, berriz, JxC Junts per Catalunyako eta ERCko hautetsien artean. Ez zen gutxiagorako, atzo arte JxCko zerrendaburu Xavier Triasek ziurtzat jotzen baitzuen Bartzelonako alkatetza, ERCrekin akordioa itxi ostean.

Udal gobernua osatzeko saioa hasi ostean ere, ez zegoen oraindik argi zer gertatuko zen. Juntseko hautetsiak eta Trias bera izan ziren Salo de Cent aretoan sartzen lehenak, eta txalo artean jaso zituzten bertan bildutakoek. Txalo hots gutxiagorekin jaso zituzten Collboni eta hautetsi sozialistak, eta txistu hotsak entzun behar izan zituzten Comukoek. Aldiz, isiltasuna izan zen nagusi PPko lau hautetsiak eta Voxeko biak sartu zirenean.

Bozketa osteko mintzaldian azaleratu zen Triasen haserrea, eta iragarri zuen uko egingo diola hautetsi karguari: «Daukadan adinarekin, 76 urterekin, ez zait axola aukeratua ez izatea. Zoazte guztiok popatik hartzera! Kontzientzia lasai dudala joango naiz etxera, ez beste batzuk bezala. Okertu egin zarete!». JxCko alkategaiak gogorarazi zuen hirugarren aldia dela alderdien arteko akordio baten ondorioz bera kaltetuta irteten dela, baina onartu zuen «demokrazia garaian irabazten eta galtzen jakin beharra» dagoela. Hala, eskerrak eman zizkion ERCko zerrendaburu Ernest Maragalli jasotako babesagatik; aldiz, gezurretan aritzea egotzi zien Collboniri eta Colauri, eta salatu zuen Bartzelonak «alkate independentista bat izatea» izan zela eragotzi nahi izan zutena.

«Boterearen izenean guztia onartzeko prest egotea» egotzi zien Maragallek sozialistei, eta ohartarazi zuen herritarrek ez dutela «barkatuko». Udal eta erkidegoetarako bozetan Bartzelonarako alkategai izandakoak nabarmendu zuen Collboniren gobernuak ez duela «erraza» izango: «Herritarrek ez dute ikuskizun hau barkatuko. Beren burua aurrerakoi eta iraultzailetzat daukatenek gezurtatu egiten dute gero hori boterearen izenean. Denak balio du haientzat».

Oihu artean

Kalean, Sant Jaume plazarako bidean, Triasen jarraitzaileen oihuei egin behar izan zien aurre Collbonik. Horiek «kanpora», «independentzia» eta «Trias» oihukatuz egin zioten harrera Bartzelonako alkate berriari.

Bozketaren ostean, Generalitateko presidente Pere Aragonesek egin zion harrera Collboniri. Aldi berean, baina, salatu zuen Madrilgo bi alderdien artean adostutako erabakia izan dela hura babestea: «Bartzelonak erabaki beharko luke Bartzelonako kontuez». Akordioa gaitzetsi zuen Carles Puigdemont presidente ohiak ere, eta salatu horrek frogatzen duela Espainiak «Kataluniaren aurka borrokan» jarraitzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.