Aljeriari erantzunez, haren hamabi langile kanporatuko ditu Frantziak

Aurrez, Parisen beste hainbeste langile kanporatu ditu Aljerrek. Gatazka Aljeriaren kontsulatu bateko langile bat atxilotu ondoren piztu da.

Aljeriak Parisen duen enbaxadako ataria. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Aljeriak Parisen duen enbaxadako ataria. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko apirilaren 15a
21:15
Entzun 00:00:0000:00:00

 

Aljeriako Gobernuak herenegun baieztatu zuen Frantziako enbaxadako eta kontsulatuetako hamabi langile herrialdetik kanporatzeko agindua eman zuela «persona non grata» izendatuta, eta atzo kanporatu zituen, 48 orduko epea amaitu eta gero. Hari erantzunez, Frantziako Gobernuak erantzun «simetrikoa» eman zion atzo: iragarri zuen Aljeriaren beste hainbeste langile kanporatuko dituela, herrialdeak Frantzian dituen enbaxadan eta kontsulatuetan lan egiten dutenak horiek ere.

Langileen kanporaketagatik «harridura» erakutsi zuen Frantziako Gobernuak atzo, ohar bidez, eta Aljeriako autoritateei egotzi zien «harreman bilateralak zakarki degradatzea». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Stephane Romatet Frantziak Aljerian duen enbaxadoreari ere biltzeko deia egin zion.

Asteburuan, Aljeriak Creteil hirian (Frantzia) duen kontsulatuko langile bat eta beste bi lagun atxilotu zituzten, Parisen, eta horren harira iragarri zuen Aljeriak kanporaketa. Frantziak iazko apirilean Amir Bukhors aljeriarra bahitzea leporatzen die —Aljeriako Gobernuarekin kritikoa da Boukhors, eta 2023an asilo politikoa lortu zuen Frantzian—. Aljeriak exijitu zuen hiru atxilotuak aske uzteko, eta arbuiatu egin zituen Frantziako terrorismoaren kontrako fiskaltzak horiek atxilotzeko erabilitako arrazoi «ahulak», «bai formari dagokionez, bai funtsari dagokionez.

Hiru lagunen atxiloketa «lotsagarritzat» jo zuen Aljeriak, haren arabera kontsulatuko langilearen pasaporte diplomatikoa «inolaz ere kontsideratu gabe» egin zutelako, eta bi herrialdeen arteko hitzarmenak «urratu» zituztelako. Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroaren kontra ere egin zuen Aljerrek, eta salatu haren «beti-bateko jarrera negatibo eta kezkagarria zela eta» egin zutela atxiloketa.

Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak adierazi zuen atzo «lazgarria» dela Aljerian dituen enbaxadako eta kontsulatuetako hamabi langile kanporatzea agindu izana, eta Frantziako Gobernuak ez duela parte hartu horretan: «Prozedura judizial independente bat da; Bruno Retailleauk ez du inolako zerikusirik horrekin». Barrotek mehatxu egin zion Aljeriari, esanez «antzeko neurriak» hartuko zituela «berehala» kanporatze agindua bertan behera utzi ezean. Ordu gutxi batzuk beranduago heldu zen Aljeriaren hamabi langileak kanporatzeko erabakia.

Barrotek ohartarazi zuen Frantziak Aljerren dituen langileak kanporatuz gero egoera «tamalgarria» izango dela, eta «bai alde batek, bai besteak egindako ahaleginak arriskuan» egongo direla. Azken hilabeteetako Frantziaren eta Aljeriaren arteko krisi diplomatikoaren harira esan zuen azken hori. Aljeriak, berriz, asteburuan salatu zuen bi herrialdeen arteko gerturatzea «oztopatzen» saiatzeko atxilotu zutela kontsulatuko langilea.

Izan ere, iazko uztailean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marokok Mendebaldeko Sahararen autonomiarako proposatutako plana babestu zuen, argudiatuz lurralde horretako auzia konpontzeko «abiapuntu bakarra» zela. Horri erantzunez, Aljeriak Parisen duen enbaxadorea erretiratu zuen. Joan zen apirilaren 6an Aljerren egon zen Barrot, krisia baretze aldera. Azken egun hauetan gertatutakoak ikusita, esan zuen bi herrialdeen arteko «elkarrizketari eustea» dela haren lana, nahiz eta iragarritako erantzuna eman dioten Aljeriari, «tentsioa handitzea» erabakitzeagatik

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.