Ezkerra Latinoamerikan (IV). Kolonbia. Jaime Zuluaga Nieto. Abokatua

«Aliantzetan noraino iritsi, proiektua urardotu gabe: hori da gakoa»

Zuluagaren arabera, eskuinak «ahal duen guztia» egingo du Kolonbiako Gobernu ezkertiarra «bideragarri izan ez dadin». Uste du Bidenek «tentu handiz jokatu beharko» duela «bloke progresista berriarekin».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Jaime Zuluaga Nieto abokatua da, eta Zuzenbideko eta Politika Zientzietako doktorea; indarkeria, gerrilla, gatazka armatua eta bake prozesuak ditu ikerlan ildo nagusi.

Zer erronka dituzte Gustavo Petrok eta haren gobernu taldeak?

Lehenik, bere programa politikoaren berezitasunari eustea, eta bere proposamen horren inguruan ahalik eta sektorerik gehien biltzen ahalegintzea. Gizartean dagoen zatiketa handia konpontzea azkenean, eta bozetakoa baino babes handiagoa bereganatzea. Erronka handi horixe du.

Zer toki beteko du Francia Marquezek jokaleku berri honetan?

Mugimendu sozialen bereizgarria dakar, eta afrikarren ondorengoa izatea, baina eskuin ultrakontserbadorearen erresistentzia batzuk indartzen dituzten gauza batzuk ere badakartza; izan ere, ezinago klasista, arrazista eta patriarkala den herrialde batean, beldurgarria iruditzen zaie emakume bat—gizarteko herritar bat baino ez dena, etxeko lanetan aritutakoa eta afrikarren ondorengoa— herrialdeko ordezkari instituzionala izatea beste batzuekin batean.

Zer garrantzi izan dute emakumeek eta gazteek aldaketa prozesu honetan guztian?

Garaipen horrek argi erakusten du, besteak beste, demokratizazio prozesu sendo bat lantzen aritu direla behetik; eragile sozial berriak ernatzen ari direla, bereziki indartsuak hiri eta landa eremuetako gazteen artean, edozein baldintza sozialetakoak direla ere; eta nabarmena dela emakumeen parte hartzea, bai eta herritartasun berrien sorrera ere historikoki baztertuak izan diren eskualdeetan.

Petrok zenbait aliantza egin beharko ditu Kongresuan, kanpainan hitzemandako aldaketa asko aurrera ateratzeko…

Kolonbian krisian dago ordezkaritzako demokrazia, eta eskuin muturra, berriz, oso indartsua da eta ongi antolatuta dago. Gakoa zera da, aliantzetan noraino iritsi, proiektua bera urardotu gabe. Hori lortzeko zenbateraino diren gai, bada, horren arabera eramango dira aurrera gobernu progresista eta demokratizatzaile baten proposamenak. Batzuen eta besteen interesak uztartu beharko ditu, eta eskuinaren ekina neutralizatu, Kongresuan ahal duen guztia egingo baitu gobernu hau sendotzea bideragarri izan ez dadin.

Askok nabarmendu dutenez, indar armatuekin lotura sendo bat ezartzea izango da Petroren eginkizun bihurrienetako bat…

Gai hori ezinago konplexua da. Bake prozesuak zatikatu egin zituen militarrak. [Juan Manuel] Santosek modua asmatu zuen goi kargudun horiek sostengatzeko, prozesu horretan konprometituak baitzeuden, baina prozesu hori brastakoan eten zuen [Ivan] Duquek; hark indar militarren buru ipinitako goi kargudunak, ostera, lehendik ere auzitan jarriak ziren giza eskubideak urratzeagatik, eta doktrina militarra berrikustearen kontra zeuden.

Orain, Petrok harremanetan jarri beharko du goi kargudun horiekin, eta, azken bake ituna oso-osorik ezartzeko konpromisoa hartua duenez, halaxe egin beharko du. Akordioa oso-osorik ezartzeak esan nahi du oraindik ere sakon ukitu ez diren bi alderdi ukitu beharko dituela: bata, landa erreforma integrala, eta, bestea, legez kanpoko erabilera duten koka soroen etorkizuna.

Zer iruditzen zaizu AEBen esku hartzea prozesu berri honetan?

Oso ongi iruditzen zait [Joe] Bidenek Petrori deitu izana, hark garaipena lortu eta bi egunera. Seinale ona da, segurtasun politikei dagokienez ezinbestekoak baitira errekonozimendua eta ulermena; kezkagarria ere bada, ordea, Ameriketako Goi Bilera izan baino aste batzuk lehenago AEBetako Gobernuak kanpo aliatu gisa sartu baitzuen Kolonbia NATOn.

Nola irudikatzen duzu gobernu progresistek eskualdean sortuko duten jokaleku berria?

Lulak irabaziz gero, izugarri aldatuko da Latinoamerikako geografia politikoa. Kolonbiaren kontua ere oso sinbolikoa da, eta, geopolitika aldetik, oso esanguratsua. AEBetako presidente guztiek esan dute Kolonbia dela Latinoamerikako aliaturik leialena. Kolonbia izan da sistema interamerikarra sendotzeko eta mantentzeko, interbentzionismoa defendatzeko baliatu izan diren politika guztien eztena.

Beharrezkoa al da beste bloke bat sortzea eskualdean, edo litekeena da lehendik daudenetakoren bat nahikoa izatea?

Unasur indarberrituko dute, eta Celac sendotu. [Andres Manuel] Lopez Obrador zorrotza izan da, argi ikusten baitu alternatiba bat sortu behar zaiola Amerikako Estatuen Erakunde zaharkituari. Bidenek tentu handiz jokatu beharko du orain Latinoamerikako bloke progresista berriarekin.

Bihar: Peru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.