Aliantza, kinka batean

Sudango Gobernuak Irango kultura egoitzak itxi ditu, eta horien ordezkariak bidali.Ezohiko zigor neurria izan da bi aliatuen artean

mikel rodriguez
2014ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Mendebaldean paria baten gisa ikusi ohi da Sudan; nazioartean bakarturiko herrialde bat, «terrorismoaren babesle» —AEBek 1990eko hamarkada hasieran hala izendatuta—, eta Mendebaldearen lehiakide ekonomiko nagusiaren (Txinaren) eta etsaiaren (Iranen) aliatu. Omar al-Baxir presidentearen aurka Nazioarteko Zigor Auzitegiak atxilotzeko agindu bat edukitzeak ere indartu du irudi hori —Darfur eskualdean «genozidioa» egin izana leporatzen dio—. Hala ere, Afrikako eta Ekialde Hurbileko lehia geopolitiko eta ekonomikoan potentzientzat eta eremuko herrialde nagusientzat pieza garrantzitsua da Sudan, eta, herrialde horretako hedabideek argitaratu dutenaren arabera, baliteke Khartumek aliantza aldaketa bat egiteko lehenbiziko pausoa eman izana. Zehazki, Iran bazter batera uztea, Persiako golkoko monarkiekin bat egiteko.

Ondorio hori Sudango Gobernuak hartu duen erabaki batean oinarritzen da. Herenegun, Irango Zentro Kulturalak herrialdean dituen egoitzak ixteko agindua eman zuen, eta Irango ordezkari kulturalari eta zentroetako langileei bihar arteko epea eman die herrialdea uzteko. Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi duenez, zentro horiek «gainditu» egin dute zegokien jarduna, eta «mehatxu» bihurtu dira «bake sozialarentzat eta intelektualarentzat».

Atzerri Ministerioak, ordea, ez du gehiago sakondu erabakiaren arrazoia. Berriak harridura sortu du, bi herrialdeek aliantza estrategiko bat gorpuztu baitute azken hamarkadetan, gehienbat Mendebaldearen presioari aurre egiteko. Horrek bidea ireki die espekulazioei, eta indar handien hartu duen teoria da Sudanek adiskidetasuna haustea erabaki duela Ekialde Hurbila banatu duen gatazka erlijiosoagatik: islamaren bi adarren arteko lehia. Bi errepubliketan xaria lege islamikoa dago indarrean, baina Sudan sunita da nagusiki, eta Iran, berriz, xiita. Sudan Tribune egunkariaren arabera, azken hilabeteotan muturreko talde eta predikatzaile sunitek presio egin diote gobernuari Iranekiko harremana eten dezan, zentro kulturalen bidez Sudanen «ideologia xiita» hedatzen ari delakoan.

Oreka zail bat bilatzen

Sudango muturreko sektore horien erreakzioa, ordea, Persiako golkoko monarkia sunitek sustatutakoa litzateke, Sudan Tribune-k elkarrizketatutako analista politikoen arabera. Bereziki, Saudi Arabia litzateke hausturaren bultzatzailea, hura baita Iranen aurkako poloaren ordezkari nagusia. 1990eko hamarkada hasieran AEBek Sudan «terrorismoaren babesle» izendatu zutenetik, zigor ekonomikoei, bakartzeari eta gerra zibilari aurre egiteko —1983-2005 artean iraun zuen, eta Hego Sudan 2011n independente bihurtu zen—, Al-Baxirrek oreka bat bilatu du monarkia sunitekiko eta Iranekiko harremanetan. Sudanentzat bazkide ekonomiko eta militar garrantzitsua da Iran; Irani, berriz, Afrikan eta Persiako golkotik Mediterraneoranzko bidean bere eragina hedatzeko plataforma egokia eman dio Sudanek. Iazko azaroan, Al-Haj Adam Yussef Sudango Atzerri ministroak Al-Xark Al-Awsat egunkariari emandako elkarrizketa batean ukatu egin zuen Iranekin gorpuztutako aliantzak arriskuan paratu zuenik Persiako golkoko herrialdeekiko harremana. Zalantzak berriz argitu beharko ditu Sudango Gobernuak, erabakiak aliantza aldaketa bat ekarriko duen azaltzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.