Alexander Stubb kontserbadorea gailendu da Finlandiako presidentetzarako bozetan

Alde txikia atera dio haren lehiakide eta Berdeen alderdiko Pekka Haavesti, botoen %51,6 eskuratuta. Martxoaren 1ean dira Stubben inbestidura saioa egitekoak.

(ID_13594180) FINLAND PRESIDENTIAL ELECTIONS
Alexander Stubb kontserbadorea emaitzak iragarri ondorengo agerraldian, atzo gauean, Helsinkin. KIMMO BRANDT/EFE
maddi iztueta olano
2024ko otsailaren 12a
10:30
Entzun

Alde txikiarekin, baina azkenean Alexander Stubb kontserbadorea gailendu da Finlandiako presidentetzarako hauteskundeetan. Atzo egin zuten bigarren itzulia, eta botoen %51,6 eskuratu zituen KK Koalizio Nazionala alderdiko presidentegaiak. Haren lehiakide nagusiak, Berdeen alderdiko kide Pekka Haavistok, botoen %48,4 lortu zituen. «Nire bizitzako ohorerik handiena da. Neure buruaz gaindikoa da [Finlandiako] Errepublikako presidente izatearen ardura», esan du goizeko ordu txikitan.

Bi presidentegaien arteko lehia estua izan da, bai bigarren itzulian, bai lehenengoan. Urtarrilaren 28an egin zuten lehena, eta, orduan ere, alde txikia izan zen bien artean. Botoen %27 bildu zituen Stubbek, eta %26 Haavistok —denera, bederatzi hautagai aurkeztu ziren bozetara—. Hain justu, bi ezaugarri nagusi dituzte bi hautagaiek: Ukrainaren aldeko eta Errusiaren aurkako jarrera irmoa dute, eta esperientzia dute arlo instituzionalean eta atzerri politikan.

Orain, bozak irabazita, Stubbek lekukoa hartuko dio 2012tik presidente eta alderdikide den Sauli Niinistori —hango legeak ez ditu ahalbidetzen bi agintaldi baino gehiago—. Datorren martxoaren 1ean dira haren inbestidura saioa egitekoak.

Edonola ere, hau ez da Stubben ibilbide politikoaren lehen atala. Zazpi urtez, 2008 eta 2015 bitartean, zenbait ardura postu izan zituen Finlandiako Gobernuan: Atzerri ministro izan zen 2008tik 2011ra, eta lehen ministro 2014tik 2015era. Kargu horietan aritu ondoren, politikako ardura postuetatik urruntzea erabaki zuen. Baina duela bi urteko otsailean Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren harira, iritziz aldatu zuen, The Guardian egunkarian egindako elkarrizketa batean esan zuenez.

Bozetako emaitza iragarri eta arrapaladan iritsi dira haren aldeko nazioarteko zorion mezuak. «Zorionak Alexander Stubbi eta Finlandiako herriari. Ameriketako Estatu Batuek (AEB) asmoa dugu Finlandiarekin elkarlanean jarraitzeko, gure aldebiko harremana sendotzeko, eta bakea eta nazioarteko garapena bermatzeko», idatzi du X sare sozialean AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek. Halaber, garaipenagatik zoriondu dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Roberta Metsola Europako Parlamentukoak, baita Poloniako presidente Andrzej Dudak ere.

Norabide aldaketa bat

Iragan apirilean Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtu zenetik herrialdean egin dituzten aurreneko hauteskundeak izan dira, eta, inkestetan jasotakoaren arabera, horrek zerikusi handia izan du bozetan. Izan ere, europazalea da Stubb, eta kanpainan aipatu izan du «segurtasuna» eta atzerri politika «auzi existentzial» bihurtu direla herrialdearentzat.

Hain justu, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, jarrera neutrala izan du Finlandiak. Baina Ukrainako gerrak zeharo baldintzatu ditu herrialdeko interes geopolitikoak. Aintzat hartzekoa da, gainera, Finlandiak 1.300 kilometro inguruko lurreko muga duela Errusiarekin —egun itxita dago—. Halere, emaitzen harira egindako agerraldian, Stubbek esan du haren mezua «bakearena» dela, eta azpimarratu du «presidentearen zeregin nagusia bakea bermatzea» dela.

Horrekin lotuta, Kremlinak ere zoriondu du garaipenagatik. Horko bozeramaile Dmitri Peskovek esan du espero duela haren agintaldiak leiho bat irekitzea bi herrialdeen arteko «harreman diplomatikoa hobetzeari eta sendotzeari», zeinak «bata bestearentzako onuragarriak izan diren beti». Hori bai, Ukrainako gerraren harira, «istorio bakarra» entzutera mugatu izana salatu du Peskovek; Ukrainarena, hain zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.