Alex Salmond Eskoziako bozetan lehiatuko da, alderdi berri batekin

Lehen ministro ohiak Alba Alderdia aurkeztu du, datorren maiatzeko hauteskundeetan «supergehiengo independentista bat eratzeko»

Aurrez, Alex Salmond 1999-2001 eta 2007-2016 epeetan izan da diputatu. EFE.
ander perez zala
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Borroka judizialak amaitu ostean, Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak politikara itzultzeko pausoa eman du, indar independentista berri baten bitartez: Alba Alderdia. Salmonden helburua da datorren maiatzaren 6ko Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetatik «supergehiengo independentista bat» ateratzea, Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuaren ezezkoaren harira egoera desblokeatu eta negoziazioak abiarazteko. Agintari izandakoaren erabakiak ondorioak izan ditzake gainerako alderdi independentisten emaitzetan, eta, batez ere, kanpainako eztabaidetan.

Alba aurkezteko atzo egindako prentsaurreko birtualean, Salmondek argudiatu zuen datozen bozetako «baldintzak bakanak» direla, eta hori izan dela indar berria sortzeko arrazoietako bat: «Alderdiaren helburu estrategikoak argiak dira, anbiguotasunik gabeak: sozialki justua, ingurumenarekin arduratsua eta arrakastatsua den herrialde independente bat lortzea».

Eskoziako lehen ministro ohiak 2017an utzi zuen politika, urte hartako Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan eserlekua galdu ostean; harrezkeroztik, bere kontra egindako sexu-eraso salaketen auzian egon da murgilduta: iragan astera arte iraun du. Hori pasatuta, orain iradoki du politikan jarri nahi duela arreta.

Salmonden mugimenduak eragina izango du hauteskundeen kanpainako eztabaidan. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Nicola Sturgeon egungo gobernuburuak nahi dute gobernuaren kudeaketaren eta independentziaren beharraren ingurukoa izatea, baina lehen ministro ohiaren presentziak erdigunera itzuliko du azken urteotako gatazka: Sturgeonen eta Salmonden arteko desadostasunak bigarren erreferendumera bidean.

Bozei begira, estrategia zehatza izango du Alba Alderdiak. Eskoziako sisteman, herritarrek bi boto ematen dituzte: bata, barrutietan aurkezten diren hautagaiei —73 eserleku dira—, eta bestea, eskualdeetako zerrendei —alderdienak dira, eta zortzi eskualdeek zazpina eserleku dituzte—. Salmonden indarra soilik azken horietan aurkeztuko da, historikoki independentistek eskualdeetakoetatik lortzen baitute ordezkari gutxien; hala, lehen ministro ohiak dei egin du barrutiko botoa ematerakoanSNPren alde egitera, eta zerrendenetan berearen alde.

«Eskualdeetako zerrendetan, ia milioi bat boto etekinik atera gabe geratu ziren, eta, ondorioz, soilik lau diputatu lortu zituen SNPk. Albak eskualdeetako zerrendena irabazten badu, hori amaitu egingo da. Independentziaren aldeko diputatu kopurua 90era irits liteke, edo gehiagora», argudiatu zuen Salmondek.

Aliantzei begira

Asteon, ekologistek adierazi dute SNPrekin koalizio gobernu bat osatzeko prest leudekeela, Londres estutze aldera, baina Salmondek atzo zehaztu zuen bere alderdiak ez duela hori egiteko asmorik, haien helburu bakarra «supergehiengo bat eratzea» delako.

Ikusteko dago lehen ministro ohiaren erabakiak eraginik izango duen Sturgeonenaren oinarrian; kidegoan, behintzat, izan du, lehen ministroaren independentziarako bidearekin kritiko agertu den Chris McEleny Albara joan baita, SNPren hautagai izandako Eva Comrie abokatuarekin batera. Zerrendak aurkezteko epea datorren asteazkenean amaituko da, eta ez litzateke harritzekoa egunotan gehiagok bide bera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.