Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiaren aurkako epaiketak lau aste inguru irautea espero zen, baina, horren erdia pasatuta, atzo eman zuen argitara erabakia Auzitegi Nagusiak, eta Salmonden aldekoa izan zen. Izan ere, absolbitu egin zuten leporatzen zizkioten hamahiru sexu erasoetatik.
Egotzitako eraso horiek 2008ko ekain eta 2014ko azaro artean gertatu ziren, hura Eskoziako lehen ministro zen garaian. Hasieran, hamar emakumeren kontrako hamalau sexu eraso egitea egozten zioten. Epaiketaren erdian, baina, fiskaltzak atzera bota zuen akusazioetako bat, eta atzo, beste hamahiruetatik absolbitu zuen Gorenak. Haren arabera, errugabea da horietako hamabitan, eta bestea ez dute egiaztatu ahal izan.
Hain zuzen, Eskoziako sistema juridikoak hiru deliberazio jasotzen ditu: erruduna, errugabea eta frogatu gabea. Praktikan, ordea, azken horrek errugabetzat ebaztearen ezaugarri berdintsuak ditu.
Eskoziako Auzitegi Gorenak frogatu gabetzat jo duen akusazioa 2013ko abenduan emakume bat bortxatzeko ahalegina egitearena izan da. Leporatzen ziotenaren arabera, emakumea ohean etzatera behartu eta soinekoa altxatu zion, Bute House Eskoziako lehen ministroaren egoitza ofizialean. Epaiak, berez, ez du ondorioztatu kasu horretan errugabea denik Salmond.
Horrez gain, beste emakume bat bortxatzen ahalegintzea ere leporatzen zion akusazioak. Gainerako salaketak, berriz, hainbat emakumeri ukituak egiteagatik ziren. Zenbait kasutan, emakume berari hainbat egunez jazartzea ere leporatzen zioten.
Leeona Dorrian magistratuak gidatu du martxoaren 9an hasi zen epaiketa, eta hamabost kidek osatutako epaimahaiarekin ekin zioten. Alabaina, horietako bi kaleratu egin zituen epaileak, eta, ondorioz, hamahiru kidek hartu dute epaiaren inguruko azken erabakia.
Ikusmin mediatiko handia sortu du auziak, eta erreakzio eta eztabaida ugari eragin ditu. Dena den, lehen ministro ohiak akusazio guztiak ukatu ditu aldiro, eta horiek asmo politikoekin «propio sortutakoak» izan direla salatu izan du. Horiek horrela, epaiaren ostean Eskoziako sistema judizialean zuen fedea «indartuta» geratu dela nabarmendu zuen. Eskerrak eman zizkion bere «defentsa talde bikainari», eta aurrerago kasuaren inguruko informazio gehiago zabalduko zuela jakinarazi zuen.
Epaiketan, akusazio gogorrak egin dituzte Salmonden aurka. Hain zuzen, Alex Prentice fiskalak hura «harrapakari sexual» bat zela salatu zuen, eta zuen boterea erabili zuela emakumeez aprobetxatzeko. «Hau ez da konplot edo konspirazio politiko bat. Gizon honek boterea baliatu zuen bere sexu gosea inpunitate osoz asetzeko». Gordon Jackson lehen ministro ohiaren abokatuak, aldiz, adierazi zuen ez zegoela ustezko sexu horiek frogatzeko lekuko zuzenik, etaprobetan kontraesan ugari zeudela.
Alderdiaren zatiketa
2018ko abenduan atera zen auzia argitara, Eskoziako Gobernuak Salmonden aurkako salaketa jarri ostean. Nicola Sturgeon egungo lehen ministroa arduratu zen horretaz, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko beste politikari batekin batera. Horrek, ordea, zatiketa eragin zuen Eskoziako alderdi independentistan, hangoa baitzen Salmond bera ere.
«Argitara atera diren froga batzuek zalantza ugari sortzen dituzte gobernuak Salmonden aurkako salaketak ikertzeko emandako prozesuaren inguruan», salatu zuen Joanna Cherry parlamentariak. Sturgeonek, berriz, epaia «errespetatu» behar zela esan zuen, baina koronabirusak eragindako krisian zuela jarria arreta osoa.
Alex Salmond absolbitu egin dute sexu-eraso delitu guztietatik
Eskoziako Auzitegi Gorenak errugabetzat jo du lehen ministro ohia hamabi akusaziotan, eta bestea ez dute egiaztatu ahal izan. Salmondek dio indartu egin dela hango sistema judizialean zuen fedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu