Frantziako Gobernuak ohar labur baten bidez jakinarazi du Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi presoak Korsikara hurbilduko dituztela, Borgoko presondegira. Matignonek azaldu duenez, lekualdatzea beranduenez apiril erdialdean egingo dute.
Yvan Colonnaren kontrako erasoaren ondoren sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zien bi preso horiei, hilaren 11n.
Estatus hori gabe, Alessandrik eta Ferrandik Korsikara hurbiltzeko eskaria egin ahal izan dute, eta hala gertatu da. Haien abokatuekin beharrezko kontsultak egin ostean hartu dute erabakia.
Gainera, biek ala biek 2017tik eskatu ahal dute baldintzapeko askatasuna, baina orain arte ezezkoa jaso izan dute DPS estatusa izateagatik. Hortaz, ikusteko dago zer gertatuko den apiriletik aurrera; Korsikako mugimendu nazionalistak horiek askatzea ere eskatu izan du.
Alessandri eta Ferrandi 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi osoko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrez geroztik, Frantzian betetzen ari dira kartzelaldiak, Paris inguruan.