Alemaniako herritarrek beldurra galdu al diote eskuin muturrari? Europako bozetan ultraeskuinak botoen %16 eskuratu izanak ez du zalantza izpirik uzten. Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) dagoeneko ez da, edo ez soilik, gizonezko zuri helduen indarrik gustukoena. Boz hauetan gazteen botoa erakartzen saiatu da eta bere helburua lortu du. Europako hauteskunde hauetan, 16 urtetik gorako alemaniar guztiek bozkatu ahal izan dute, lehen aldiz, eta hortik hasi eta 24 urte bitarteko gazteek eskuinari eta eskuin muturrari eman diete botoa. Ehunekotan, AfD 12 puntu igo da adin tarte horretan. Hiri handietan eta Berlinen Berdeek gazteen botoari eutsi diote, baina hiriburutik kilometro gutxira dauden udalerri txiki askotan eskuin muturra oso indartuta atera da.
Emaitzak ezagutu ostean, Alemaniako aditu eta hedabide gehienek Gerra Hotzeko mapa berreskuratu dute, alegia, Alemania bitan zatituta zegoen garaiko mapa. Errepublika Federala mendebaldean eta Errepublika Demokratikoa ekialdean. Harresia erori ostean, mendebaldeak ekialdea irentsi zuen, ekialdeko industria gehienak pikutara joan ziren eta eremu askok emigrazio basatia jasan zuten. 35 urteren ostean, galtzaileen sumindura eta haserrea beste inork baino hobeto kapitalizatu du eskuin muturrak. Izan ere, bozen ostean herrialdea berriz ere bitan zatituta geratu da: mendebaldean CDUko kontserbadoreek irabazi dute, eta ekialdean, berriz, AfDk. Ekialdeko estatu federatu batzuetan gehiengo osoa eskuratu du, gainera. Saxonian, Turingian eta Brandenburgon hauteskundeak egingo dituzte datorren irailean, eta Alemaniarentzako Alternatibak botoen %40 eskuratu ditu Saxonian. Ultraeskuinaren sustraiak oso errotuta daude landa eremuetan eta Alemania Ekialdeko zona desindustrializatuetan. Baina badago oso argigarria den beste datu bat: errenta baxuko alemaniarren artean, AfD izan da boto gehien lortu duen indarra. Historikoki ezkerraren aldeko botoa eman duten herritar askok eskuin muturrera biratu dute boza hauetan. Ziur asko, prozesua ez da bat-batekoa izan, baina atzera-bueltarik gabe errotzen ari den joera bat dirudi.
Bada herritarren artean gero eta gehiago entzuten den kexa bat: alegia, gobernuak, aurrekontuaren zati bat arma berrien ekoizpenean inbertitu beharrean, haurtzaindegi kopurua handitzeko edo azpiegitura kaskarrak berritzeko erabili beharko lukeela. AfD bihurtu da diskurtso horren bozeramailea.
Hauteskunde kanpaina honetan migrazioaren auziak eskuratu du arreta mediatiko handiena. Alde batetik, Scholzen koalizio gobernuak migrazioa geratzeko neurriak gogortu ditu eta ate irekien politikari danbatekoa eman dio. Bestetik, berriz, polemika handi batek eskuin muturra jo du. Duela bi hilabete, Corrective kazetaritza kolektiboak AfDko hainbat kideren eta mugimendu neonazietako ordezkarien arteko bilera sekretu baten berri eman zuen. Batzarraren helburua zen milioika migratzaile Alemaniatik deportatzeko plan bat hezurmamitzea, 2025eko boz orokorrak irabaziz gero «prest egoteko». Albisteak haserre olatua eragin zuen Alemaniako gizartean eta hainbat astez milioika pertsona kalera atera ziren ultraeskuinaren aurkako indar erakustaldia egiteko. Ikerketa hori publikatu baino lehenago, inkestek aurreikusten zuten botoen %23 izango zirela AfDrentzat.
Edonola ere, alemaniarrek argi utzi dute migrazioa ez dela haien kezka nagusia. Faktore ekonomikoak pisu handia izan du Europako bozetan. Batez ere, etorkizun zalantzagarriak eragiten duen kezkak edota pobretzeko eta bizi kalitatea galtzeko beldurrak. Ukrainako gerraren fase handia hasi zenetik, Alemaniako ekonomiak behartuta erreformatu behar izan du haren eredu energetikoa eta Errusiako gasarekiko zuen dependentziak ekoizpen industriala berrantolatzera derrigortu du. Ziurgabetasuna ez da Alemaniako herritarren gustukoa, eta azken bi urteetan haien eremu asko errotik nola erori diren ikusi dute. Bada herritarren artean gero eta gehiago entzuten den kexa bat: alegia, gobernuak, aurrekontuaren zati bat arma berrien ekoizpenean inbertitu beharrean, haurtzaindegi kopurua handitzeko edo azpiegitura kaskarrak berritzeko erabili beharko lukeela. AfD bihurtu da diskurtso horren bozeramailea.