Alemania berriz batu zeneko 22. urtemugaren bezperan, urriaren 3an ospatu ohi baitute, Angela Merkel kantzilerrak berriro hizpidera ekarri zuen funtsak mendebaldeko estatu federatuetara eskualdatzeari buruzko eztabaida.
Gobernuaren Interneteko orrian argitaratu zuten bideo batean kantziler demokristauak esan zuenez, Alemaniako Errepublika Demokratiko (RDA) ohiaren lurraldeko herrialdeentzako estatu laguntzek «premiarik handieneko eskualdeentzako laguntzak behar dute izan, nolabait». Halako iruzkinen bidez, Merkelek berriro ere hizpidera ekarri zuen eztabaida bat, maiatzaren erdialdera eta eskualdeko hauteskunde kanpainan sortu zena Ipar Renania-Westfalian, errepublikako estaturik handienean.
Orduan, Ruhr arroko ordezkari politikoek zalantzan jarri zuten RDA ohiko ekonomia berregituratzeko elkartasun zerga osagarria; eskualde horretan dute, hain zuzen, langabezia tasarik handienetako bat.
Merkelek badaki gai hori eragozpen gerta dakiokeela 2013an berriro hautatu dezaten. Batik bat, alemaniarrik gehienek ez dutelako onartzen eskualdatze samaldakakoak egitea ekialdeko estatuei, horiek enpresa handien poltsikoak betetzen ibili baitira eta ez baitute aldatu eskualdeko eta herritarren egoera ekonomikoa.
Batasunaren Egoerari buruz gobernuak urtero argitaratzen duen txostenean, berriz, «bost estatu federatu berriek» arazo etengabeak dituztela berresten da; hala deritze, lagunarteko hizkeran, 1990era arte RDA ohiaren lurraldean zeuden estatuei. Gobernu txostenean jasotakoaren arabera, mendebaldeko estatuen barne produktu gordinaren %71 da ekialdeko estatuena. 2010ean, RDA ohiko estatuek %73ko kuota bat lortu zuten, beren auzo mendebaldekoen aldean. Era berean, mendebaldeko Alemaniakoen langabezia halako bi da ekialdekoena.
Kopuruak kezkatzekoak badira ere, txosteneko laburpenean esaten denez, hobetu egin da mendebaldeko bost estatuetako ekonomia, Alemaniako Errepublika Federal ohiko lurraldekoaren mailara egokitzeraino. Langabezia tasa %11,3raino jaitsi zen ekialdean; 1990az geroztik izandako mailarik txikiena da. Herrialdearen mendebaldean, ordea, ez dira jaitsi %6tik.
Gobernua eztabaidan ari da, oraindik ere, ea zentzurik ote duen ekialdea berregiteko programa delakoak. Die Linke (Ezkerra) alderdi sozialistak, berriz, itzal handia baitu garai bateko RDAren lurraldean, hango herritarren egoera nabarmendu du, Berlingo Harresia eraitsi zuteneko 22. urtemugaren esparruan: «1990az geroztik, ahaztu egin ziren orain berriro aurkitzen hasiak garen kontu asko»; hala idatzi zuten gutun publiko batean, duela egun batzuk, alderdi horrek ekialdeko bost estatuetan dituen konfederazioetako buruek. Adibide gisa aipatu zituzten, esate baterako, lanaren eta familiaren bateragarritasuna, eta osasun eta hezkuntza sistemak. Nabarmendu zuten, halaber, RDA ohiaren lurraldea «esperimentazio alor bat» izan dela bi hamarkadatan, lan politikari buruzko kontzeptu neoliberalei dagokienez. Testuinguru horretan aipatu zituzten, besteak beste, lansari txikiak ezarri izana, eskualde oso batzuek ez izatea ez talde kontraturik eta ez sindikatuen presentziarik, biztanleria gutxitzen aritzea etengabe, desindustrializazioa, eta hainbat gizarte murrizketa.
Hala ere, Merkelen gobernuak baztertu egin du estatu federatu berriei 2019ren ondoreneraino luzatzea eskualdatzeak; orduan amaituko da, hain zuzen, finantza laguntzen bigarren programa, II. Itun Solidarioa izenekoa.
Mendebaldeko estatuetako funtzionario politikoek itun horren kontra egiten dute oraindik ere; lurralde berrietako ordezkariek, ordea, itunaren alde egiten dute, alor politikoei jaramonik egin gabe. Mecklemburg-Aurrepomerania estatuko lehen ministro Erwin Selleringek herrialdearen ekialdeko ekonomiarako laguntza gehiago galdegin zuen. Sozialdemokrataren ustez, batik bat pentsioak bateratu behar ditu gobernuak herrialdearen bi aldeetan. Aldi berean, Saxoniako Stanislaw Tillich demokristauak estatu federatu berrietako enpresa txikiak eta erdi mailakoak babestea galdegin zuen. Haren esanetan, honela jasotzen da Batasunaren Egoerari buruzko gobernu txostenean: «Ez dago zuribiderik ekialderako sustapen baliabideak berriro mendebalderako baliatzea».
Alemaniaren batasunaren prezioa
Elkartasun zergaren laguntzari buruzko eztabaidak ilundu egin du Alemania berriz batu zeneko jai nazionalaTrasferentzia sistema berrantolatzeko eskatu dute mendebaldeko eskualdeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu