Punken inbasioa aberatsen opor uhartean

Alemaniako lekurik esklusiboenetakoa da Sylt uhartea. Orain, herrialde osoko punkak bildu dira han, protesta egiteko: besteak beste, bazterketa ekonomikoaren, klima krisiaren eta eskuin muturraren aurka.

APPD
APPD
2024ko uztailaren 23a
14:45
Entzun

Alemania osoko punkak bildu dira Alemania iparraldeko Sylt uhartean, bertan ezarritako protesta gune batean uda osoa pasatzeko asmoz. Euren aldarrikapenak egiteko leku hori hautatu izana ez da kasualitatea: Alemaniako tokirik esklusiboenetakoa da, eskuin muturreko jendea oporretara joaten delako ezaguna. Besteak beste, uhartean nagusitzen ari den eskuin muturreko mugimendua gaitzetsi dute, baita klima krisia eta bazterketa ekonomikoa ere.

The Aktion Sylt izenez ezagun den taldea hirugarren aldiz ari da ekintza hori egiten. Aurreko udan bezala, mohikanoen gisara moztuta daramate ilea parte hartzaile gehienek, praka eta kamiseta apurtuak soinean eta piercingak aurpegian. Aurreko asteburuan hasi ziren iristen lehenengoak, eta uhartean atseden hartzen ari ziren dirudunei atsedenaldia eten zieten berehala. Taldearen hitzetan, helburua da aurre egitea «faxistentzat diru laguntzak batzen dituztenei», baita «zerga ihesa egiten duten nazien oinordekoei» ere.

Alemaniako agintariek badute mugimenduaren berri, eta, oraingoz, ez dute eragotzi. Hori bai, manifestariei kanpadendetan lo egiteko agindu diete, baita komun eramangarriak erabili eta euren zakarraz ardura daitezen ere, kanpalekua irailaren 6an jasotzen duten arte. Hori azaldu du Hans-Martin Slopiankak, Frisia iparraldeko gobernuaren bozeramaileak. Horrez gain, segurtasuna bermatzeko lanean arituko da talde bat, punkek hitzartutako arauak betetzen dituztela ziurtatzeko. Eskualdeko agintariek adierazi dute, ordea, «giro lasaia» espero dutela.

Sylt uhartea
 

Punk taldearen partaide Marvin Bederkek jakinarazi du 300 bat parte hartzaile izatea aurreikusi dutela; hori da agintariekin adostutako muga. Eraiki duten kanpina Sylteko aireportutik oso gertu dago; kokalekua sinbolikoa da, horra iristen baita, oporrak pasatzera, europar elitea. Astebete igaro ostean, kanpalekua lekuz mugitzea erabaki dute, uhartearen hegoaldera.

Punkek sortutako mugimendua 2022. urtean hasi zen. Alemaniako Gobernuak orduan jarri zuen eskuragarri bederatzi euroko tiketa, herrialde osoan zehar garraio publikoan nahi beste bidaia egiteko balio duena. Aukera hori aprobetxatu zuten Sylten «inbasioa» egiteko. Ekintzaileek uharteko herri txikiek jasaten duten «gentrifikazioa» salatu dute, eta bertakoek uhartean bizitzeko zailtasunak dituztela aldarrikatu. Horrez gain, irlan geroz eta indar handiagoa duen eskuin muturreko mugimenduaren aurka egin dute, maiatzean nazien lelo bat kantatzen ari zen festazale talde baten bideoa birala egin ostean.

Alemaniako Pogo alderdia, –antikapitalista eta anarkista– (APPD) «inbasiora» batu da aurtengoan. Instagram bidez, adierazi du «pozik» daudela Sylteko Poliziak urtez urte egin dien jazarpenarekin, agintariak «are gehiago gogaitzeko» balio baitie horrek. «Inbaditu dezagun aberatsen oporretako lekurik gustukoena, berriro, turista merkeekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.