Alemanian milaka pertsona mobilizatu dira ultraeskuinaren aurka

Asteburuan 1,4 milioi lagun irten dira kalera. AfDk atzerritarrak herrialdetik kanporatzea eztabaidatzeko bilera batean parte hartzeari erantzuteko ekintza bat izan da.

(ID_13520813) GERMANY PROTEST AFD
«Naziek bakarrik bozkatzen dute AfDren alde» pankarta Berlinen, atzoko manifestazioan. FILIP SINGER/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 22a
13:00
Entzun

Azken urteetan, Europako ultraeskuinak gero eta indar handiagoa du. Horren adibide argia dira Italiako gobernuburua Giorgia Meloni izatea eta Marine Le Penen Batasun Nazionala alderdiak Frantzian duen indarra. Alemania ere ez da atzean geratzen, naziek egindako genozidioaren ostean urte luzez erresistentzia gune izan den arren. AfD Alemaniako Alternatiba alderdia gero eta indartsuagoa da. Herrialdean bizi den olatu ultraeskuindarrari aurre egiteko, milaka pertsona kalera atera dira asteburuan; atzo, adibidez, 200.000 herritar inguru izan ziren Berlingo, Municheko eta Koloniako kaleetan protestan, Poliziaren arabera.

Bigarren egunez jarraian atera ziren alemanak hiri horietan, eta, herenegun, 300.000 pertsona inguru bildu zituzten protestek. Hiri askotan, atzo Munichen, kasurako, Poliziak manifestazioak desegin behar izan zituen, herritarren segurtasuna «ezin zelako ziurtatu» hainbeste jenderekin. Herrialdeko hiri nagusietan ez ezik, beste hamaika udalerritan ere irten dira kalera bizilagunak eskuin muturraren aurka larunbatean eta igandean. Are gehiago, protesten txinparta ostiralean piztu zen, Hanburgon —Alemaniako hiririk handienetan bigarrena da, eta atzerritar kopuru handia du—: 50.000 pertsona baino gehiago irten ziren kalera.

Mobilizazioen antolatzaileen arabera, asteburuan 1,4 milioi herritar inguru atera dira kalera ultraeskuinaren ekintzen aurka protesta egitera. Protestotan «naziak, ez, eskerrik asko» eta «1933an bezala gaudela dirudi, debekatu AfD» aldarriak entzun ahal izan ziren, besteak beste.

Protesten atzean Correctiv hedabideak hil honetan kaleratutako informazioa dago. Komunikabide horrek argitaratu zuenez, iazko azaroan AfD Alemaniako eta Austriako neonaziekin, ultraeskuindarrekin eta ultrakontserbadoreekin elkartu zen. Bilera hartan herrialdetik milioika atzerritar —baita Alemaniako herritartasuna dutenak ere— kanporatzeko asmoa eztabaidatu zuten, Martin Sellner ideologo ultraeskuindarraren ideiei jarraituta. Sellnerren ekitaldiak galarazita daude Erresuma Batuan eta AEB Amerikako Estatu Batuetan, «segurtasun publikoaren aurkakoak» direla argudiatuta.

AfDk bere burua defendatu du adieraziz alderdia ez zela «ofizialki» joan bilerara, eta esan du kideak «pertsona independente» gisa joan zirela. Azalpen horrek, baina, ez ditu baretu bilerak harrotutako hautsak. Informazioa hedatu zen egunean bertan hasi ziren Alemaniako agintariak AfDren aurkako lehen kritikak egiten. Olaf Scholz kantzilerrak, esaterako, «denak babestuko» dituela adierazi zuen X sare sozialean, haren «jatorri eta kolorea edozein dela ere»: «Ez diogu inori utziko gure herrialdeko 'gu'-a banatzen arbaso migranteak zituztenen eta ez zituztenen artean».

Frank-Walter Steinmer Alemaniako presidenteak kalera irten diren manifestariak txalotu ditu «demokraziaren eta gizatasunaren» defentsan ekiteagatik: «Gure errepublika eta konstituzioa defendatzen dituzte gure arerioen aurrean». Alemaniako demokraziaren etorkizuna «haren alde egiten dutenen eskuetan» dagoela gaineratu du presidenteak: «Indartsuagoak garela erakutsi behar diegu».

Hauteskundeetan indartsu

Manifestazioak piztu aurretik indartsu zebilen AfD. Alemaniako inkestek bigarren indartzat jotzen dute, eta, haien arabera, parlamenturako hauteskundeak aurten egingo balira, botoen %22 eskuratuko lituzke. Datu hori 2021eko hauteskunde federalekin alderatuta, gorakada handia izango luke ultraeskuinak, boz horietan botoen %10,34 eskuratu baitzituen.

Are gehiago, Brandenburgo, Saxonia eta Turingia estatuetan irabaziko dutela aurreikusten dute hainbat inkestak, eta are gehiago aztoratu orokorrean zentroan irauten duen mapa politikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.