Alemanian gobernua osatzeko akordioa adostu dute kontserbadoreek eta sozialdemokratek

Merzen arabera, koalizioaren lehentasunak hauek izango dira: ekonomia bizkortzea, migrazioa mugatzea eta defentsa indartzea. Orain, alderdietako militantziek oniritzia eman beharko diote hitzartutako testuari.

Merz, sozialdemokratekin adostutako gobernu akordioa aurkezten, gaur, Berlinen. CHRISTOPH SOEDER / EFE
Merz, sozialdemokratekin adostutako gobernu akordioa aurkezten, gaur, Berlinen. CHRISTOPH SOEDER / EFE
Julen Otaegi Leonet - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko apirilaren 9a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren legegintzaldian Alemaniako Gobernua osatzeko akordioa egin dute kontserbadoreek eta sozialdemokratek. Gaur arratsaldean aurkeztu dute gobernua osatzeko ituna Friendich Merz CDU Batasun Kristau-Demokratako buruak, Markus Soeder CSU Batasun Sozial Kristaukoak, eta Saskia Esken eta Lars Klingbeil SPD Alderdi Sozialdemokratako bi buruzagiek. Orain, alderdietako militantziek eman beharko diote oniritzia adostutako testuari.

Alemaniako hedabideak atzo gauetik ari ziren iragartzen bazegoela akordioa, baina gaur goizean adostu dituzte azken xehetasunak bloke kontserbadoreko eta alderdi sozialdemokratako ordezkariek. Ofizialki, arratsaldeko hiruretan jakinarazi du Merzek hitzarmena egin dutela. Eta gobernu berriaren lehentasunak zein izango diren aurreratu du: inbertsioak erakartzea, «legez kanpoko migrazioa deuseztatzea», eta «segurtasunean eta defentsan» gastua areagotzea. Gainera, nazioarteko egoerari erreferentzia eginez, Merzek nabarmendu du akordioaren sinatzaileak jakitun direla «zer dagoen jokoan»: «Asko dugu jokoan: gure herrialdearen etorkizuna, gure herrialdeko biztanleena eta Europa osoarena».

Hitzartutako testuak 146 orrialde ditu, eta testuan hasiera-hasieratik azpimarratu dute Alemaniak «erronka historikoak» dituela aurrean. Horregatik, akordioan jasotzen denaren arabera, «zentro demokratikoko alderdiek elkarrekin» egin behar dute lan.

CDU-CSU blokeak otsailean bozak irabazi ostean, Merzek esan zuen Aste Santurako egin nahi zuela gobernua osatzeko akordioa SPDrekin. Ordutik, bi alderdiak negoziatzen aritu dira, eta zenbait gairen inguruan kosta egin zaie ados jartzea. Atzo ordu luzez egon ziren bilduta CDU-CSUko eta SPDko ordezkariak, eta, bilerak luze jo zuen arren, ordezkariek ez zuten traturik lortu. Are gehiago, bi aldeetako bina buruzagi bilduta egon ziren arratsaldetik aurrera eta gauerdira bitarte: batetik, Merzek eta Soederrek, eta bestetik, Eskenek eta Klingbeilek.

Gaur goizean, gobernuko ministerioak nola banatu eztabaidatu dute, Reuters berri agentziak kaleratu dunez. Eta, Alemaniako Bild egunkariaren arabera, CDU-CSUk kantzilertza, eta Barne eta Atzerri ministerioak eskuratuko ditu; SPDk, berriz, Finantza, Defentsa eta Justizia ministerioak.

Bada negoziazioak zaildu dituen beste gai korapilatsu bat ere: migrazioa. Soederrek gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, alor horretan, bai kontserbadoreek eta bai sozialdemokratek amore eman behar izan dute hainbat eskakizunetan.

Merzek jakinarazi du kontrolak jarriko dituztela Alemaniako mugetan, eta, gehitu duenez, «inork ezin izango du nazionalitatea lortu [Alemanian] bost urte pasatu aurretik». Migrazioari mugak jarrita, AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra ahulduko duela uste du kontserbadoreen buruak —AfD bigarren indarra izan zen otsaileko bozetan—: «Legez kanpoko migrazioa murrizten hasiko gara. Eta horretarako gai garela erakutsita, zentrotik aldendu diren boto emaileak berreskuratuko ditugu». Sozialdemokratek, berriz, nabarmendu dute asilo eskubidea bermatuko dutela aurrerantzean ere. «Alemania immigranteen herrialdea da, eta hala izango da hemendik aurrera ere», adierazi du Klingeilek.

Alderdietako buruek nazioarteko egoera ere izan dute mintzagai akordioa aurkeztu dutenean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpi mintzatu zaio Merz: «Alemania buelta da. Alemaniak bere konpromisoak beteko ditu defentsaren arloan, eta Alemania prest dago bere lehiakortasuna indartzeko». Defentsa da kontserbadoreen eta sozialdemokraten akordioaren beste ardatzetako bat. Merzek gogorarazi du Ukrainako gerrak ez duela etenik, eta, testuaren arabera, alderdiek zera hitzartu dute: Ukrainari laguntza emango diotela aurrerantzean ere, eta Alemaniako armada indartuko dutela. Alor horretan, CDUko buruak iragarri du Segurtasun Nazionalerako Batzorde bat eratuko dutela, kantzilertzaren barnean.

'Koalizio Handia', bosgarrenez

Otsailaren 23an egin zituzten Bundestagerako hauteskundeak, eta CDU-CSUk irabazi zituen, botoen %28,5 lortuta. Aurreko agintaldian kontserbadoreak oposizioan egon ziren arren —sozialdemokratek, berdeek eta liberalek hiruko koalizioa osatu zuten—, Merzek sozialdemokratekin gobernua osatzeko asmoa erakutsi zuen hauteskundeen biharamunean. Bien arteko koalizioak gehiengo osoa edukiko luke Alemaniako behe ganberan: 208 eserleku ditu CDU-CSUk, eta 120, SDPk. Hortaz, 328 eserleku edukiko lituzkete batera, nahikoa gehiengo osoa bermatzeko —316 eserleku behar dira—.

Alderdi Sozialdemokratako militanteek apirilaren 15etik 29ra arteko tartea edukiko dute hitzarmenari oniritzia eman ala ez erabakitzeko. Bloke kontserbadoreak bilkura bat egingo du apirilaren 28an; bilera horretan, nola CDUko hala CSUko ordezkariek erabakiko dute gaur adostutako akordioa berretsi ala ez. Bi taldeek oniritzia ematen badiote, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak kantzilergai bat aurkeztuko du; normalean, bozetan boto gehien eskuratu dituen hautagaia proposatu izan du, oraingo honetan, Merz. Orduan, Bundestagak kantzilergaia onartu beharko du, gehiengo osoak haren alde bozkatuta. Alemaniako hedabideen arabera, litekeena da maiatzaren 7an egitea bozketa. Horren ostean, astebeteren buruan hartuko luke kantziler kargua Merzek.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik bosgarren aldia izango da bi alderdiek Koalizio Handia deritzona osatzen dutena: 1960ko hamarkadan elkartu ziren lehenbizikoz, eta Angela Merkel CDU-CSUko buru ohia herrialdeko kantziler izan zenean, beste hiru aldiz —2005etik 2009ra eta 2013tik 2021erako bi legegintzaldietan—.

ESKUIN MUTURREKO AFD ALDERDIA, LEHEN INDARRA

AfD Alemaniarentzako Alternatibak irabaziko lituzke Bundestagerako hauteskundeak botoen laurdena lortuta, Ipsos institutuak kaleratu duen inkesta baten arabera. Lehenengo aldia da inkestek eskuin muturreko alderdia irabazle gisa jotzen dutena; otsaileko hauteskundeen emaitzekin alderatuz gero, lau puntu pasatxo gehiago lortuko lituzke. Alice Widel AfDko buruak adierazi du herritarrek «aldaketa politikoa» nahi dutela, eta ez CDU-CSU blokearen eta SDP alderdiaren arteko «betiko koalizioa». Bloke kontserbadorea izango litzateke bigarren indarra, botoen %24 jasota, iragan hauteskundeetan baino lau puntu eta erdi gutxiago. SDPk, berriz, puntu eta erdi inguru egingo luke behera, %15eraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.