Ustekabea Brandenburgo estatuko hauteskundeetan. Galdeketek iragarri zuten eskuin muturreko AfDk irabaziko zituela atzoko bozak, baina, azkenean, SPDko sozialdemokratak gailendu dira, puntu batengatik bada ere. Beraz, Olaf Scholz kantzilerrak arnasa hartu du, joan den irailaren 1ean Turingia eta Saxonia estatuetan eskuin muturraren aurrean galdu ostean. «Emaitza bikaina lortu dugu. Han horrelako zerbait gertatuko zen itxaropena nuen», adierazi zuen Scholzek, atzo, Politico hedabideak kaleratutako bideo batean.
Izan ere, sinbolikoa da Brandenburgo, Berlin estatu hiria inguratzen duelako, eta SPDk beti agindu duelako han Alemania batu zutenetik, 1990tik, alegia. Espero zen AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuindarrak irabaztea Brandenburgon ere, eta horrekin irudikatzea geldiezina dela haren bultzada, eta Berlingo koalizio gobernua inguratuta dagoela. SPD, Berdeak eta liberalak daude koalizio gobernuan.
Ikusi gehiago
Azkenean, SPDk botoen %30,7 irabazi ditu, eta AfD harengandik puntu batera geratu da (29,6 %). Ezkerreko Sahra Wagenknecht Aliantza (BSW) alderdi berriak botoen %13,1 eskuratu ditu. CDU demokristauak %12,1 jaso du, eta Berdeek, %4,6. Litekeena da Berdeak ordezkapenik gabe geratzea, eta horrek SPD behartuko luke ezkerreko BSWrekin ituna edo gobernu koalizioa egitera. Die Linke (Ezkerra) alderdiaren zatiketa baten ondorioa da BSW, eta, orain arte, ez du inongo gobernutan parte hartu.
Dietmar Woidke SPDren Brandenburgoko liderra pozik zegoen atzo. «Historian beste hainbat aldiz gertatu moduan, ematen du sozialdemokratek aginterako bidea itxi dietela estremistei». Alice Weidel AfDren buruak emaitzak defendatu zituen. «Ekialdea urdina da», nabarmendu zuen, erreferentzia eginez bere alderdiaren koloreari. Bi alderdiek egin dute gora 2019ko bozen emaitzekin alderatuta; orduan, botoen %26,2 lortu zituen SPDk, eta %23,5k AfDk. Woidke 2013tik da Brandenburgo landerreko gobernuburua.
Brandenburgo galtzea Scholz kantzilerrarentzat kolpe latza izatea espero zen, batetik, datorren urtean hauteskunde federalak baitituzte Alemanian, eta bigarren agintaldia lortu nahi baitu; gainera, kantzilerra bera Brandenburgoko hiriburuan bertan bizi da, Potsdamen.