Sozialdemokratek eta kontserbadoreek Alemaniako Gobernua osatzeko akordioa erdietsi dutela zabaldu dute Alemaniako NTV telebista kateak eta Focus agerkariak. Hedabide horien arabera, bihar eguerdian aurkeztuko dute ofizialki akordioa, baina alderdi politikoen baieztapen ofizialik ez da iritsi. Reuters berri agentziak, aldiz, bi iturri aipatuta, kaleratu du oraindik akordioa ixteko dagoela.
NTV telebista kateak, negoziazioen berri duten iturriak aipatuz, ziurtatu du CDU-CSU bloke kontserbadoreak (Batasun Kristau-Demokrata eta Batasun Sozial Kristauak) eta SPD Alderdi Sozialdemokratak akordioa adostu dutela gaur iluntzean. Halere, oraindik zenbait xehetasun zehaztu beharrean direla kaleratu du hedabide horrek, eta biharko prentsaurrekoaren aurretik argituko dituztela.
Duela bost aste egin zituzten bozak Alemanian, otsailaren 23an. Friedrich Merz buru duen CDU-CSU taldeak irabazi zituen, botoen %28,5 lortuta. Hala, nahikoa du SPDren babesa gobernua osatzeko. Kontserbadoreen 208 eserlekuei SPDk lortutako 120 ordezkariak batuta, gehiengo osoaren langa gaindituko lukete: koalizioak 328 eserleku edukiko lituzke Bundestagen, eta gehiengo osoa lortzeko 315 behar dira.
Lehen egunetik iragarri zuen Merzek bere asmoa sozialdemokratekin gobernatzea zela, eta baliteke bihar iristea akordio horren baieztapena. CDUko kantzilergaiak esana du Aste Santurako osatu nahi duela gobernua. Bihar SPDren eta CDU-CSUren arteko akordioa baieztatzen bada, Merzek kantziler kargua hartu lezake maiatzaren 6an; data hori aipatzen dute Alemaniako hedabideek.