Alemaniako Gobernuaren aldeko babesa handitzen ari den bitartean, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarra, oposizioko indar nagusia, barne krisi batean dago murgilduta. Ez da edonolako gatazka, agerian geratu baita alderdia bitan zatitzeko aukera handia dagoela.
AfDren sektore kontserbadorea eta neonaziekin harremana duena Andreas Kalbitzen kanporaketaren harira ari dira borrokan ; iragan astera arte, Kalbitz alderdiaren diputatuetako bat zen parlamentuan, baina iraganeko gertakari bat ezkutatzeak hura kanporatzea eragin du, eta, hortaz, barne gatazka.
Kalbitzek 2013an eman zuen izena AfDn sartzeko, eta orduan ez zuen jakinarazi debekaturiko talde neonazi baten kide izan zela; iragan urtean, gainera, argitara atera zuten 2007an Atenasera joan zela beste hamahiru neonazirekin batera, eskuin muturraren ekitaldi batean parte hartzeko; gauzak gehiago okertze aldera, Kalbitzek alderdian sartzeko eskaria egiteko erabili zuen orria desagertu egin da.
Horren guztiaren ondorioz, AfDren buruzagitzak erabaki zuen hura alderditik botatzea, eta horrek bi sektoreen arteko gatazka eragin du; geografikoa ere bada talka, ekialdekoak —han dituzte emaitzarik onenak— ari baitira mendebaldekoen kontra.
Krisia agerikoa den arren, Alexander Gauland alderdiaren parlamentuko presidenteak gertaturikoari garrantzia kendu zion atzo, argudiatuta arazoa «legala» dela: «Ez da botereari buruzko borroka bat». Gauland bera Kalbiltz kanporatzearen aurka agertu da, eta alderdiko bi presidenteen jarrera kritikatu zuen, sektore kontserbadoreko Joerg Meuthen eta Tino Chrupallarena.
Horiek horrela, alderdiaren militanteak ere zuzendaritzaren erabakiaren kontra agertu ziren, eta hori gogorarazi zuen AfDren talde parlamentarioaren presidenteak, Kalbitzen itzulera aurreikusiz: «Hau guztia amaitzean, zalantza handiak ditut gobernuaren erabakiak bere horretan jarraituko duen edo ez».
Alderdiaren zuzendaritzak jarrera moderatuagoa hartu nahi du herritarrei begira, eta estrategia horretaz hauxe adierazi zion Meuthenek ARD kate publikoari, iragan astean egindako elkarrizketa batean: «Alderdi kontserbadore tradizional bat gara. Batasuna erakutsi behar dugu, baina, aldi berean, modu argian banandu behar dugu eskuin muturreko jarreretatik».
Gaulandez gain, Kalbitzen beste defendatzaileetako bat Bjorn Hocke da, alderdiaren Turingia landerreko presidentea; izan ere, biak dira alderdi barruko Der Flugel (Hegoa) muturreko mugimenduaren buruzagiak. Iragan martxora arte, fakzio gisara funtzionatzen zuen, baina, alderdiaren buruzagitzaren presioaren ondorioz, desegitea erabaki zuten —Alemaniako zerbitzu sekretuek ikertu egin zuten—.
AfD 2017ko hauteskundeetan sartu zen lehenengoz parlamentura, botoen %12,6 eta 94 diputatu eskuratuta. Pandemian, ordea, behera egin du haren aldeko babesak, eta inkesta gehienek %10 baino gutxiagoko kopurua eman diote, datozen bozetarako urte eta erdi falta dela.
Alemaniako eskuin muturra, zatitzeko arriskuan
AfDk barne krisi bat du kide ezagun baten kanporaketagatik. Talde parlamentarioko presidenteak garrantzia kendu dio gertaturikoari, arazoa «legala» delakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu