Alemaniako eskuin muturrak jarraitzen du geroz eta bozkatzaile gehiago erakartzen. Turingia eta Saxonia landerretako parlamentuetarako hauteskundeak egin zituzten atzo: AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdiak lortu du boto gehien aurrenekoan, eta bigarrena izan da bigarrengoan. Horiek horrela, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak eskatu die beste alderdiei AfD bazter dezatela, jarrai dezatela jokabide horrekin, modu horretan ez ditzan lortu estatu horietako presidentetzak. Eta hori egiteko asmoa agertu dute. Dena dela, emaitzak esanguratsuak dira.
Bigarren Mundu Gerraz geroztik aurrenekoz, eskuin muturreko alderdi batek irabazi ditu Alemaniako lander bateko bozak —hamasei dira guztira—. Turingian, botoen %32,4 bildu ditu AfDk, eta Saxonian, CDU kontserbadorea (%31,8) puntu bakarraren aldeagatik nagusitu zaio (%30,7). Ekialdean daude bi lander horiek, eta nabarmena izan da gobernu federalean koalizioa osatzen duten hiru alderdiek nozitutako beherakada. SDP Alderdi Sozialdemokrata boto gehien bildutako indarretan bosgarrena izan da Turingian (%6,2), eta Berdeek eta FDP liberalek ez dute botoen %5 ere lortu; beraz, ez dute ordezkaritzarik edukiko estatu horretako parlamentuan. Saxonian, boto gehien lortutako indarretan laugarrena eta bosgarrena izan dira SPD (%7,6) eta Berdeak (%5,2), eta ozta-ozta lortu dute ordezkaritza parlamentarioa. Liberalak parlamentutik kanpo geratu dira lander horretan ere.
Koalizioko alderdiek atzo lortutako emaitzak eta azken urteetako higatzea gorabehera, Scholzek ez du hauteskunde federalak aurreratzeko intentziorik; batez ere, inkestek adierazten dutelako horiek laster eginez gero hiruko horrek ezingo lukeela gehiengorik eduki. Beranduenez, 2025eko irailean egin beharko dituzte Bundestagerako bozak.
Eta, bien bitartean, AfDk gora egiten jarraitzen du, instituzioetan lekua hartuz eta bozak irabaziz. Iazko ekainean Turingiako barruti bateko hauteskundeetan gailendu zen, eta horko buruzagitza hartu. Hilabete batzuk geroago, abenduan, estreinakoz lortu zuen alkatetza bat; non eta Saxonian, Pirna hirian. Azken lau urteetan nabaritu da gorakada. 2021eko boz federaletan 4,8 milioi boto lortu zituen, eta aurten, Europako Parlamenturakoetan, 6,3.
Immigranteenganako beldurra haizatzen du AfD xenofoboak, botoak erakartzeko ahaleginean. Hori batetik. Eta, bestetik, behin eta berriro errepikatzen du SDPk, Berdeek eta liberalek osatutako koalizio gobernuak herritarrei huts egin diela. Horri gehitu behar zaio Berlingo Harresia (1989) erori eta urtebetera Alemaniako Errepublika Demokratikoak eta Alemaniako Errepublika Federalak bat egin zutenetik ekialdean hedatua dagoela gobernu zentralak ez dituela haien beharrak aintzat hartzen. Hilaren 22an hauteskundeak egingo dituzte ekialdeko beste lander batean, Brandenburgon.
Gobernabideaz
Eta, hain zuzen, migrazio politika gogortzearen alde agertu da BSW Sahar Wagenknecht Aliantza. Azkeneko hogei urteetan Die Linke ezkerreko alderdiko buruzagietako bat izandako Wagenknechtek sortu zuen, duela zortzi hilabete, eta emaitza onak lortu zituen atzo, parte hartu duen lehen hauteskundeetan: %15,6 Turingian eta %12 Saxonian.
Hain zuzen, Solingengo erasoa (Alemania) gertatu zenetik bederatzi egunera egin dituzte hauteskundeak. Horretan, gizon batek 11 pertsona sastatu zituen labanaz, eta horietako hiru hil ziren. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa. Iturri ofizialen arabera, gizon hori siriarra da. Eskuin muturrak bere diskurtsoa justifikatzeko baliatu zuen gertaera, eta joan den astean, hauteskundeen atarian, migrazio politika gogortu zuen Berlinek.
Halere, SPDk, Berdeek eta liberalek, espero bezala, emaitza txarrak lortu dituzte. Orduan, AfDren Turingiako lider Bjoern Hoeckek eskatu zien beste alderdiei, atzo, emaitzak eskuan, utz diezaietela gobernatzen. «Herritarren borondatea errespetatu behar da». Ez dirudi, ordea, gobernatu ahal izango dutenik.
Eta, horrenbestez, bai Turingian, bai Saxonian, CDUk du presidentetza lortzeko aukera gehien. Inork ez du gehiengo osorik lortu, eta, orduan, aliantzak beharrezkoak izango dira. Aukera gehien dituen alternatiba litzateke kontserbadoreek ezkerreko alderdien laguntza bilatzea.