Alemaniako AfD alderdi ultraeskuindarraren biltzarra atzerarazi dute milaka manifestarik

Alemaniarentzako Alternatibak bi ordu berandu hasi du otsailaren 23ko bozen aurreko kongresua; hartan, Alice Weidel izendatu dute kantzilergai. SPDk ere biltzarra egin du, eta Olaf Scholz izango dute berriz ere hautagai.

Manifestariak AfDren kongresurako sarbideak blokeatu dituzte, gaur goizaldean, Riesan. MARTIN DIVISEK / EFE
Manifestariak AfDren kongresurako sarbideak blokeatu dituzte gaur goizaldean, Riesan. MARTIN DIVISEK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 11
18:15
Entzun

Giroa bero dago Alemanian. Otsailaren 23an izango dira Bundestageko hauteskundeak, eta gaur hasi dituzte bozen aurreko biltzarrak AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak eta SPD Alderdi Sozialdemokratak. Ez da ezustekorik izan, biek ala biek esperotako kantzilergaiak hautatu baitituzte: AfDk Alice Weidel aukeratu du, eta SPDk, berriz, Olaf Scholz egungo kantzilerra. Alderdi ultraeskuindarrak espero baino beranduago hasi du ekitaldia. Izan ere, milaka herritar protestan irten dira, eta bilkura egitekoa zen gunerako sarbideak blokeatu dituzte.

Goizeko hamarretan zen hastekoa AfDren biltzar federala, Saxoniako Riesa hirian, eta bihar amaituko da. Bada, gauerditik aurrera alderdi ultraeskuindarraren aurkako manifestariak biltzen hasi dira hiriaren inguruan. Saxoniako Poliziak zabaldutako ohar baten arabera, espero zuten Alemania osoko 10.000 manifestari inguru iristea. Poliziak ohar berean zehaztu duenez, antolatzaileek uste zuten 130 autobus iritsiko zirela gaur.

AfDk biltzarra egin duen gunerako errepideak blokeatu dituzte, eta eskuin muturreko alderdiko kideak iristea galarazi. Poliziak indarrez desegin ditu manifestariek osatutako giza kateak. Protesten antolatzaileak, hau da, Widersetzen taldeak X sare sozialean salatu du Poliziak piper gasa, borrak eta zakurrak erabili dituela protestan ari ziren herritarren aurka.

Inkesten arabera, otsailaren 23ko bozetan boto gehien bilduko duten alderdietan bigarrena izango da AfD. INSA ikerketa politikorako zentroak gaur argitaratu du bere azken inkesta. Haren arabera, alderdi ultraeskuindarrak botoen %22 lortuko ditu, soilik CDU Batasun Kristau Demokratikoak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatutako koalizioaren atzetik (%30). Inkestaren emaitzei erreparatuz, hirugarren postuan geratuko litzake SPD, egungo kantzilerraren alderdia, botoen %16 eskuratuta, eta haren atzetik, Berdeak, botoen %13bilduta.

Alice Wiedel, gaur, AfDren biltzar federalean. MARTIN DIVISEK / EFE
Alice Weidel, gaur, AfDren biltzar federalean. MARTIN DIVISEK / EFE
Olaf Scholz, gaur, SPDren kongresuan. CHRISTOPH SOEDER / EFE
Olaf Scholz, gaur, SPDren kongresuan. CHRISTOPH SOEDER / EFE

AfDren biltzarrean, Weidel ofizialki izendatu dute alderdiko kantzilergai. Hark eskerrak eman dizkio Poliziari, bere autoa manifestarien artetik ateratzeagatik. Eta esker hitzak izan ditu Elon Muskentzat ere, Forbes aldizkariaren arabera munduan diru gehien duen pertsonarentzat. Donald Trump AEBetako presidente hautatuaren lantaldeko kide izango da Musk, AfDri babesa eskaini dio, eta aste honetan Wiedel elkarrizketatu du bere sare sozialean, X plataforman.

Gaurko ekitaldian, AfDko buruak bere alderdiaren asmoen berri eman du: esan du agintea lortuz gero Alemaniako mugak itxiko dituztela. Horrez gainera, agindu du klima aldaketaren aurkako programak bertan behera utziko dituela, baita unibertsitateetako genero ikasketak ere. Azkenik, CDU-CSU koalizioa kritikatu du, AfDren programa kopiatu duelako, haren hitzetan.

SPDk ere biltzarra egin du gaur, eta egungo kantziler Scholz izendatu dute alderdiko kantzilergai, berriz ere. Berlinen egin dute bilkura, eta bertaratu diren seiehun ordezkarietatik bostek baino ez dute bozkatu kantzilerraren hautagaitzaren aurka. Scholzen gobernuak Bundestageko gehiengoa galdu zuen azaroaren 6an. Egun hartan, kantzilerrak kaleratu egin zuen Christian Lindner Finantza ministro eta FDP Alemaniako Alderdi Liberalaren burua. Hala, SPDk, Berdeek eta FDPk osatutako aliantza hautsi zuen. Abenduaren 16an, bestalde, konfiantza mozioa galdu zuen, eta horregatik egingo dituzte boz aurreratuak otsailaren 23an.

Austriara begira

Gaurko biltzarrean, Scholzek Austriako egoerari erreparatu dio, eta Alemanian hori bera geratzeko aukera dagoela ohartarazi. Aste honetan, eskuin muturrak gobernua osatzeko agindua jaso du Austrian. Eskuin muturreko alderdiak irabazi zituen bozak, eta, gainerako alderdiek aliantzarik osatu ez dutenez, herrialdeko presidenteak ultraeskuinari agindu dio gobernua osatzeko.

Inkesten arabera, CDUk eta CSUk osatutako bloke kontserbadorea da bozak irabazteko hautagai nagusia. Gaur koalizioaren zuzendaritza batzartu da Hanburgon, eta, bileraren ostean, aliantzaren programaren zenbait xehetasun argitu ditu Friedrich Merz blokeko buruak. Ziurtatu du ekonomia «salbatzea» izango dela CDU-CSUren lehentasuna, eta horren pean geratuko direla migrazio eta klima politikak: «Ekonomia krisitik irten ezean, arazo handiagoak edukiko ditugu». Migrazio kontuetan AfDren diskurtsora hurbildu da, eta esan du «legez kanpoko immigrazioa zeroraino murriztu» behar dela. Halere, aurrez esana zuen moduan, Metzek berretsi du bloke kontserbadoreak ez duela koaliziorik osatuko eskuin muturrarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.