Alemaniako Gobernuak lehen aldiz aitortu du ofizialki herero eta nama etniak suntsitu zituela XX. mendearen hasieran, Namibian. Zehazki, Heiko Maas Atzerri ministroak «genozidio» hitza erabili du auziaz aritzean, eta jakinarazi du barkamena eskatuko duela horregatik.
Aitortza Alemaniako eta Namibiako gobernuen arteko bost urteko negoziazioen ondorio izan da, eta, horren ondorioz, Berlinek 1.100 milioi euroko garapen programa bat finantzatuko du, baina ez die kalte ordainik emango biktimen ondorengoei, eta horrek Namibiako oposizioko alderdien haserrea eragin du, «irain bat» izan delakoan.
Hango parlamentarietako batzuek, esaterako, eskatu dute adosturikoaz erreferendum bat egiteko, eta beste batzuek ohartarazi dute «gauza gehiago lor» zitezkeela bi herrialdeen arteko urteotako elkarrizketetan.
Ehun urte baino gehiago pasatu badira ere, Namibian zauriak irekita daude. XX. mendearen hasieran, lurralde horiek Hego Mendebaldeko Afrika Alemaniarra ziren, Alemaniaren kolonia bat. Hala, XX. mendeko lehen genozidioa izan zen herero eta namen kontra 1904. eta 1908. urteen artean gertatu zena: Alemaniako Inperioko soldatuek 65.000 herero (80.000 ziren guztira) eta 10.000 nama inguru (20.000 ziren) hil zituzten bost urte horietan, matxinadei aurre egiteko, eta beste milaka asko kontzentrazio esparruetan sartu zituzten, edo basamortuan hil arte ibiltzera behartu zituzten.
Herero eta nama haien ondorengoek ez dute inoiz ahaztu gertatutakoa. AEBetako epaitegietara jo izan dute, baina ez dute aldeko ebazpenik jaso. Alemaniak duela bost urtera arte saihestu egin du ofizialki barkamena eskatzea, hildakoen ondorengoei kalte ordainik ordaindu behar ez izateko.
Duela bi urte, ordea, Gerd Mueller Alemaniako Garapen ministroak aitortu zuen genozidioa izan zela hura, eta bide bat ireki zuen. Urte berean, uztailean, Daniel Gunther parlamentuko presidenteak ere esan zuen hura genozidioa izan zela. Orain, aitortza ofiziala iritsi da.
«Pozik eta eskertuta nago gure historia komunaren atalik ilunenetako baten gainean akordio batera iritsi ahal izan dugulako», esan zuen atzo Maasek, aitortzaren berri emateko egin zuten ekitaldian. Akordioaren ataletako bat da, hain zuzen, aitortzea herero eta namen kontrakoa genozidioa izan zela.
«Alemaniaren erantzukizun historiko eta morala ikusirik, barkamena eskatuko diegu Namibiari eta biktimen ondorengoei», iragarri zuen gero. Haren hitzetan, bi aitortza horiek urrats garrantzitsu bat dira, baina onartu zuen benetako adiskidetzea ezingo dutela dekretuz ezarri.
Herero eta namen ordezkariek biktimen ondorengoei kalte ordaina emateko eskatzen zioten Alemaniari, baina Berlinek uko egin dio beti aukera horri, eta, azkenean, ez du egingo, genozidioa eta erantzukizuna aitortuta ere.
Bi etnia horietako kideak bizi ziren lurraldeak sekula ez zion buelta eman bost urte horietan gertatu zenari; hereroak bizi ziren lurraldeari Hereroland esaten zioten kolonizatzaileek aurretik. Alemaniak 1884an ezarri zuen ofizialki bere kolonia han: lurrak eta ganadua bereganatu zituen, eta hereroak eta namak esklabo gisa hartu zituen. Horiek egoeraren kontra altxatu ziren, eta Alemaniak inperioko armada bidali zuen matxinadari aurre egiteko: guztira, 20.000 soldadu bidali zituen eskualde horretara.
Garaipen erabakigarririk ez
Alemaniak ez zuen garaipen erabakigarririk lortu gerran, eta, ondorioz, gizonezko guztiak fusilatzea agindu zuen; emakumeak eta haurrak, berriz, bota egin zituzten. Lothar von Trota jeneralak hala erabaki zuen: «Herero nazioak herrialdea utzi behar du, eta, egiten ez badu, indarrez behartuko dugu. Alemaniako lurraldean dagoen herero oro, armak izan edo ez, ganaduarekin edo gabe, fusilatu egingo dugu. Emakume eta haurrei ez zaie utziko lurraldean geratzen, eta bota egingo ditugu bat egin dezaten euren herriarekin [Botswuanan ere bizi ziren etnia horiek, Erresuma Batuaren mendeko Bechuanalandia Protektoratuan], edo hil egingo ditugu. Hauek dira Herero nazioari zuzenduko dizkiodan azken hitzak».
Kalahari basamortura bota zituzten hereroak eta namak. Askoren gorpuak 25 metroko zuloen inguruan aurkitu zituzten; ur bila, egarriz hil ziren. Gainera, beren lurretan zeuden putzuak pozoitu egin zituzten.
1904. eta 1908. urteen artean, Alemaniak kontzentrazio esparru bat ere sortu zuen hereroak eta namak biltzeko. Hainbaten ustez, historiako lehen kontzentrazio esparrua izan zen: Shark Island.
Alemaniak ofizialki aitortu du armadak Namibian egin zuena genozidioa izan zela
Berlinek barkamena eskatuko du, baina ez die kalte ordainik emango biktimen ondorengoei; 1.100 milio euroko garapen programa bat finantzatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu