Alemaniak «ia zerora» mugatu nahi ditu nazioarteko bidaiak

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Joan-etorriak are gehiago mugatzea «aztertzen» ari da Alemaniako Gobernua COVID-19aren aldaera berrien hedapena dela eta, Horst Seehofer Barne ministroak atzo jakinarazi zuenez. Esku artean dituzten neurri horien artean dago mugetako kontrolak indartzea; bereziki, kutsatze ugariengatik arriskutsutzat jotako eremuetan. Luze gabe Txekiarekin duen muga da, une honetan, kezka iturri nagusia.

Horrekin batera, aireportuetako joan-etorriak «ia zerora» gutxitu nahi ditu gobernuak,Seehoferrek aurreratu zuenez. Intzidentzia oso handia duten herrialdeetatik Alemaniara hegazkinez doazen bidaiariei sarbidea mugatzeko neurriak areagotu zituen gobernuak iragan asteburuan. Hogei herrialde daude sailkapen horren barruan, eta, beraz, leku horietatik Alemaniara iristen diren herritarrek COVID-19aren proban negatibo eman izanaren ziurtagiria erakutsi behar dute hegaldia hartu aurretik. Ondoren, beste proba bat egitera behartuta daude, berrogeialdian izan ondoren.

Azken egunetan intzidentzia tasak behera egin du Alemanian, baina egun indarrean diren neurri murriztaileak otsailaren 14ra arte luzatzea adostu zuen Angela Merkel kantzilerrak landerretako buruekin, joan den astean.

Erresuma Batuak ere berrogeialdia egitera behartuko ditu gobernuak arrisku handikotzat sailkatutako herrialdeetatik iritsitako bidaiariak, Boris Johnson lehen ministroak atzo adierazi zuenez. Hamar eguneko itxialdian egon beharko dute, gobernuak horretarako espresuki prestatutako lekuetan; hoteletan, batez ere. Aireportura iritsi bezain laster, leku horietara bideratuko dituzte bidaiariak.

COVID-19ak jota hildakoak 100.000ra iritsi dira dagoeneko Erresuma Batuan. Urtea hastearekin batera ezarri zuten han konfinamendua, eta gutxienez martxoaren 8ra arte neurri hori luzatzea aurreikusten duela adierazi zuen atzo Johnsonek. Orduan eskolak zabaltzen hasiko direla espero du.

Portugalek joan den astean eten zituen Erresuma Baturako hegaldiak, eta neurri berbera iragarri zuen atzo Brasilekin lotura dutenekin, Hego Amerikako herrialdean atzemandako birusaren aldaera dela eta. Bestalde, Espainiarekin duen muga ixtea aztertzen ari da gobernua, eta gai horren inguruko eztabaida izango dute gaur parlamentuan.

Konfinamendua indarrean dute Portugalen urtarrilaren 15az geroztik, baina datuak okerrera doaz oraindik, eta ospitaleak orain arteko egoera larrienean daude. 15.073 positibo berri eta izurriak jota hildako 293 lagun zenbatu zituzten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.